Real Madril 3-1 Liverpool

Beste hamahiru ere bai horrela

Real Madrilek irabazi du Txapeldunen Liga hirugarren aldiz jarraian, dena alde izanda Liverpoolen aurka: jokalarien maila paregabea, Salahren lesioa eta aurkariaren opariak

Real Madrileko jokalari eta teknikariak Txapeldunen Ligako trofeoa altxatzen, atzo gauean, Kieveko Olinpiar estadioan. GEORGI LICOVSKI / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2018ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Real Madril. Keylor; Carvajal (Nacho, 37. min.), Ramos, Varane, Marcelo; Modric, Casemiro, Kroos, Isco (Bale, 61. min.); Benzema (Asensio, 89. min.) eta Cristiano Ronaldo.

Liverpool. Karius; Alexander-Arnold, Lovren, Van Dijk, Robertson; Henderson, Wijnaldum, Milner (Can, 83. min.); Salah (Lallana, 31. min.), Firmino eta Mane.

Golak. 1-0. Benzemak (51. min.); 1-1. Manek (55. min.); 2-1. Balek (64. min.); 3-1. Balek (83. min.). Epailea. Mazic (Serbia). Txartel horia: Liverpooleko Maneri.Bestelakoak. Sekulako betekada Kieveko Olinpiar estadioan.

Hamahirugarren aldiz irabazi zuen atzo Real Madrilek Europako kluben arteko lehiaketa handiena, eta maitasun istorio amaigabea dauka Txapeldunen Ligarekin, beste inork baino gehiago baititu irabaziak. Beste marka batzuk ere ondu zituen atzo: hirugarren aldiz jarraian lortu du irabaztea, eta Zinedine Zidane da lehen entrenatzailea hiru aldiz segidan irabazten duena.

Neurriko zapata du txapelketa hau Espainiako taldeak, dena ondo ateratzen ari zaiolako azkenaldi luzean Europako ibilian barrena. Berez sekulako taldea edukita, eta gainera, kontrolatzen ez diren eragileak alde izanda, beste hamahiru ere irabaziko ditu.

Liverpooli atzo gertatu zitzaiona ez baita ohikoa izaten finalista baten kasuan. Partida hasiera ona egiten ari zela, ohiko joko biziarekin, aurkaria estu hartzen duen presioarekin, eta gola sartzeko aukera pare batekin, aurreneko zartakoa eman zion zorte txarrak, Sergio Ramosez mozorrotuta azaldu zitzaion horrek: izar nagusia, Mohamed Salah-ri min eman zion erdiko atzelariak, besotik kateatuta eraman, eta lurrera ere modu beretsuan bota zuenean. 25. minutua zen, eta handik sei minutura negar malkotan utzi zuen zelaia egipziar aurrelariak.

Hantxe hasi zen itzaltzen Juergen Kloppen taldearen sua. Eta Real Madrilen itzal handia erraldoi bihurtzen. Baloiaren jabe erabat egin zen, eta Ingalaterrako taldea deserosoen egoten den lekura eraman zuen, haren zelaira eta area gainera. Benzemari gola baliorik gabe utzi zion epaileak, Cristiano Ronaldo jokoz kanpo zegoelako buruz errematea egin zuenean. 43. minutua zen, eta aldagelara joan aurretik, Nachok eta Benzemak izan zituzten aukerak. Ordurako, Carvajal aldatua zeukan Zidanek, min hartu zuelako atzelariak 35. minutuan.

Bigarren zatiari begira, aurreikuspenak ez ziren onak Liverpoolentzat, lehenengoa nola amaitu zen ikusita. Bigarren erdiaren hasierak berretsi egin zuen ustea: Iscok langara bota zuen baloia 48. minutuan; ez ordea, Benzemak hiru geroago. Ez sinesteko moduko jokaldia izan zen. Karius Liverpoolen atezain alemaniarrak baloia zeukan eskuan, eta ateratzen hasi zen azkar, Benzema ondoan zuela. Frantziar aurrelariaren oinean jo zuen baloiak, pasea moztera joan zelako, eta sarera joan zen baloia, poliki.

Ematen zuen eginda zeudela finalarekikoak, baina 55. minutuan, berdindu egin zuen Liverpoolek, Maneren bidez, Van Dijk erraldoiak korner bateko baloia buruz jo eta gero. Berriz partida hasierara eraman zuen Liverpool gol horrek, eta berriz ekin zion Real Madril estutzeari. Ahal zuela sinestarazi izan balio bezala berdinketako golak.

Finalaren gakoak, ondoren

Gutxi iraun zion altxaldiak Ingalaterrako taldeari. Galesko jokalari batek nahi izan zuen hainbeste. Gareth Bale zelairatu berriak txilena batez astindu zituen bazterrak 64. minutuan. Talde bat bada final batean horrelako jokaldiak alde ateratzen zaizkiona Real Madril da, eta atzo ere garbi geratu zen hori.

Zortearena berresteko, Manek zutoinera egin zuen jaurtiketa 70. minutuan, eta 83.ean, Balek haren etxetik egindako jaurtiketa jan zuen Kariusek, huts larria eginez. Bale eta Karius, baten gol festa eta bestearen hutsak. Finala azkar laburtzeko, oso egokiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.