Zuazok 25-21 irabazi dio Kukullagari, sasoiko lehen Bizkaiko derbian

Bigarren zatian ireki du tartea Barakaldoko taldeak, eta sailkapeneko erdi aldeko postuetara gerturatu da

2013ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Zuazok eta Kukullagak sasoiko lehen Bizkaiko derbia jokatu zuten atzo Ohorezko Mailako bosgarren jardunaldian. Lasesarrekoa, ohikoa denez, derbi gogorra, beroa eta bizitasun handikoa izan zen. Azkenean, garaipena Barakaldon geratu zen (25-21), eta, ondorioz, sailkapeneko postu lasaietan kokatu da Zuazo. Kukullagak, aldiz, azken postuetatik irten ezinik jarraitzen du.

Pare-parean hasi ziren bi taldeak. Defentsa sendoa egin zuten, eta ez zieten erraztasunik eman aurkariei. Horren adierazle izan zen hasieran gol gutxi sartu izana. Pabiloira joan zirenek lehen minutuetatik girotu zituzten harmailak, Zuazo eta Kukullagaren arteko partidek ikusmin handia sortzen dute beti. Minutuak pasa ahala, eta faborito izan arren, etxekoek ez zuten aldea handitzerik lortu, eta lehen zatia 11-11koarekin amaitu zen.

Bigarren zatiak antzeko gidoia eduki arren, Zuazok apurka gora egin zuen. Kontraerasoetan eskumuturra findu zuten Juan Carlos Solarren jokalariek. Parekotasuna desagertzen joan zen kantxan, eta azken minutuetan eroso amaitu zuen Zuazok. Azkenean, 25-21, eta Zuazo bost punturekin kokatu da sailkapeneko zortzigarren postuan. Kukullagak, berriz, hiru puntu besterik ez du, eta hamaikagarren postura jaitsi da.

Anaitasuna-Huesca, gaur

Anaitasunak etxeko bolada onari eutsi nahi dio (12:30), Huescaren aurka. Sailkapeneko bosgarren postua mantentzeko helburuarekin kantxaratuko dira Aitor Etxabururen jokalariak. Lehia estua espero da Anaitasuna pabiloian, biak pare-parean baitaude sailkapen nagusian. «Betidanik izan dira oso estuak Huescaren aurkako partidak. Bien ibilbidea oso antzekoa izan da azken urteotan», nabarmendu nahi izan du Etxaburuk partidaren atarian. Ez zaio arrazoirik falta. Izan ere, 2011ko igoera fasean elkarren aurka jokatu behar izan zuten finala Anaitasunak eta Huescak. Gaurko partida irabaziz gero, etxean jarraian lorturiko hirugarren garaipena litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.