Vincent Frigant. Bordeleko Unibertsitateko Ekonomia irakaslea

«Zentzugabea da hilzorian dagoen marka baten alde dirutza botatzea»

Estualdietatik irteteko erreminta baliagarritzat ditu nazionalizazioak, ez helburutzat. Bide hori «neurrian» hartu behar dela dio, eta esplikatu du gaur-gaurkoz «kasik ñimiñoa» dela Parisen parte hartzea enpresen eguneroko kudeaketan.

Oihan Vitoria.
2015eko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Bordeleko Unibertsitatean dihardu irakasle Vincent Frigantek (Bordele, Okzitania, 1968). Bide oparoa egin du ekonomia gaietan, eta azken urteotan, batik bat, industrian jarria du arreta. Gerpisa eta Gretha ikerketa taldeetako kidea ere bada, eta gertutik aztertu du Frantziako Estatuaren parte hartzea herrialdeko industrian.

Azpiegitura industrialak, militarrak, sozialak eta, oro har, ekonomiarentzat estrategikoak diren sektoreak nazionalizatzeko joera dago mendebaldeko estatuetan: garraioak, telekomunikazioak, aurrezki kutxak... Frantzia aitzindaria da. Zerk desberdintzen du gainerakoengandik?

Industria estrategiko jakinak nazionalizatzea ez dagokio zuzenean Frantziari, garai historiko bati baizik. II. Mundu Gerraren harira, nazionalizazioen aldeko apustua egin zuten herrialde ugarik, bereziki sektore pribatuarekiko mesfidantzagatik. Gerrak gogor jo zituen enpresak, eta egitura sendorik gabe, ahots kritikoak gailendu ziren: sektore pribatua ez zela gai bere kabuz herrialdea berregituratzeko, enpresek soilik ezingo lituzketela berreskuratu industria estrategikoenak... Eta testuinguru horretan, nazionalizazioa beste biderik ez zen ia Europan.

Frantzian, baina, gerran murgildu aurretik ekin zieten nazionalizazio prozesuei. Zer dela eta?

1936. urte inguruan antzeman ziren lehen nazionalizazio arrastoak, Fronte Popular alderdi ezkertiarra agintera iristearekin batera: trenbide sarearen antolaketa hobetzeko, independenteki jarduten ziren enpresa pribatuei eutsi ordez, sektorea monopolizatzea proposatu zuen gobernuak. Gerra mehatxuaren aurrean, gainera, nahitaezkoa zen industria modernizatzea eta indartzea; hortaz, pribatizazioak ere egin zituen.

Eta joera hori areagotu egin zen gerora, gatazka urteen ondoren.

II. Mundu Gerra amaitu berritan, nazionalizazio prozesuek indarra hartu zuten Europan. Zer esanik ez Frantzian; han egin zituzten garrantzitsuenak. Batetik, estatua suspertzeko tresnatzat ikusten zituzten. Bestalde, naziekin kolaboratu zuten enpresak zigortzeko baliatu zituzten; Renault izan zen neurria nozitu zuenetako bat. Ezin ahantzi Luis XIV.ak agintzen zuen sasoietatik dituela Frantziak ohiturok: 1660an, estatu lantegiak sortzeko plan aitzindari bat abiarazi zuen Colbertek. Ingalaterrarekiko desorekak orekatzeko hazia ezarri zuen, eta oraindik ere sarri oroitzen dugu.

Frantzian ohikoa bihurtu da larri dauden enpresen akzioak erostea. Nondik dator usadio hori?

Frantziarrok nerabezarotik jasotzen dugun kultura partekatuarekin lotuko nuke. Baliteke beste herrialde batzuetan baino ausartagoak izatea irtenbideak aurkitzen. Hemen ez dugu izurik estatu eraginkor bat sortzeko; bestela ez ginateke nazionalizazio inportanteenen topaleku izango. Egun, aldiz, estatuaren esku hartzea salbuespena da: enpresa estrategiko gehienak pribatuak dira edo estatuak ez du parte hartze handirik.

Kontrola handia da oraindik ere.

Bakanak dira urteotako kasuak: Almston eta Peugeot enpresen gisako auziak ez dira batere ohikoak. Egitura osasuntsudun enpresak estualdietatik irteten laguntzean datza Parisen esku hartzea, betiere luze gabe posible izan dadin berriz pribatu bilakatzea.

Renault, PSA, Air France, France Telecom, Airbus... Puntako enpresetara ailegatzen da parte hartzea. Beheraldi ekonomikoaren erakusgarri edo boterearen isla?

Egia esan, ez bata, ez bestea. Enpresa handi horien erabaki estrategikoetan gutxieneko kontrolak ezartzeko desioa islatzen du, batik bat. Eta erabaki estrategikoak diot, Frantziako Estatuak apenas duelako parte hartzerik enpresen eguneroko kudeaketan; presentzia ñimiñoa du kasik. Estatuaren ordezkariak, esate baterako, oso-oso diskretuak dira administrazio kontseiluetan, baita sindikatuen ustez ere. Maiz azaltzen dira kexu.

Frantziako ekonomia irekia eta aktiboa da; praktikan, dena den, zerbait protekzionista ere bada.

Frantzia ez da Europako beste estatuak baino protekzionistagoa. Europako Batasuneko hitzarmenek debekatzen dute hori. Nazionalizazioak, ordea, enpresa estrategikoen geroa kontrola dezake, funts atzerritarren esku geratzea eragotzita. Lege murriztaileekin saihesten dituzte halakoak AEBetan. Parisek beste bide bat hartu badu ere, antzekoa da ikuspegia.

Erreminta baliagarritzat dituzu, hortaz, nazionalizazioak?

Estualdi ekonomiko larrietatik irteteko badira, bai: historia da horren isla. Bide hori, alabaina, neurrian hartu behar da, ez de facto.

«Enpresa bat gaizki badago, nazionalizatzea da onena». Ados?

Esku pribatuen gain utzi aurretik, badaude aukerak enpresa bat onbideratzeko, eta nazionalizazioa da horietako bat. Arazoak, alabaina, merkatuaren egiturarekin eta lehiakide berrien agerpenarekin lotura baldin badu, zentzugabea da hilzorian dagoen marka baten alde sekulako dirutza botatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.