Leunduz doazen harribitxia

Baskoniak sasoi honetan egin dituen fitxaketen artean, Youssoupha Fallenak sortu du ikusmin handien, duen garaieragatik: 2,21 metro luze da. Erakusten hasia da zer eman dezakeen.

Youssoupha Fall Baskoniako pibota, blokeo bat egiten Unicajaren aurkako partidan. BASKONIA.
ainara arratibel gascon
2019ko urriaren 11
00:00
Entzun
Baskoniaren harribitxi berria da Youssoupha Fall pibota (Dakar, 1995). Harribitxi guztiak bezala, distira ateratzeko leundu egin behar da. Patxadaz egin nahi dute, eta horren ardura izango du Velimir Perasovic entrenatzaileak. Ezohiko jokalaria da egungo saskibaloian. Oso garaia da, 2,21 metro luze da; baina, aldi berean, mugimendu azkarrak ditu horren altua izateko. Bi ezaugarri horiei etekina ateratzen hasi zaie Arabako taldea. Orain arte jokatutako partidetan erakutsi du zertarako den gai, eta bide horretan jarraitzea da haren eta Baskoniako teknikarien nahia. Ez du erronka makala, Vincent Poirierrek eta Johannes Voigtmannek uztaipean utzitako hutsunea betetzeko ekarri baitute senegaldarra, Micheal Ericekin batera,.

Baskoniak aurreko udan fitxatu zuen Fall, Frantziako Le Mans taldetik. Baina Estrasburgon jokatu zuen, utzita. Bertan, ordu arteko denboraldirik onena egin zuen. Batez beste partidako 14,5 puntu sartu zituen, eta 8,4 errebote jaso. Hala, ligako jokalaririk baliotsuenetan bigarrena izendatu zuten. Errebote gehien jaso zituzten jokalarien artean ere hirugarren izan zen, eta biko jaurtitzailerik onena ere bai.

Hain zuzen ere, biko jaurtiketetan nabarmendu da orain arte Baskoniaren elastikoarekin jokatu dituen neurketetan. ACB ligan, jokalari onenetan hirugarrena da arlo horretan, %87,5eko portzentajerekin. Jaurtitzen ez da trebea, baina, uztaipetik gertu baloia jasotzen duenean, haren garaiera kontuan hartuta, nekez huts egiten du. Erabakigarria da. Defentsako errebotean ere ekarpen esanguratsua egin du, beso luzeak baliatuz. 5,67 jaso ditu artean ACBn jokatutako hiru neurketetan. Hobetzeko gauzen artean, berriz, baloi galerak daude. Batez beste, ia lau galdu ditu neurketako: 3,67, hain zuzen. Fisikoki ere indartu behar du.

Deigarria izan zen Bartzelonaren kontra egin zuen partida. Hamabi puntu erdietsi zituen, eta beste hainbeste errebote eskuratu. Herabetasunik eza erakutsi zuen kataluniarren pibotekin lehiatzean. Taldea hamalau puntu atzetik zihoanean atera zuen Perasovicek, eta partida irabaztear egon ziren arabarrak. Azkenean, luzapenean galdu zuten.

Baina batez ere Euroligan Zalgirisen aurka izan zuen estreinakoak eragin zuen ikusmina. Ez lortu zituen zenbakiengatik, baizik eta, Perasovicen hitzetan, aulkitik atera zenean lehia «aldatu» zuelako. «Lau tapoi jarri ditu ia erreskadan, eta ordutik aurrera haiek beldurtuago jokatu dute uztaipean», esan zuen teknikariak partida ostean.

Gaur, Khimkiren aurka

Senegaldarraren inguruan galdetu diotenean, Perasovicek berak behin eta berriz aipatu du «pazientzia» izan behar dela harekin. Berdin mintzatu izan da Felix Fernandez kirol zuzendaria. Pibotak ere oinak lurrean ditu. «Ikastera eta hobetzera etorri naiz. ACB liga eta Euroliga jokatzea urrats handia bat da niretzat, eta espero dut nire inguruan dauden aurreikuspenak betetzea».

Halako erronkek ez diote beldurrik ematen «11 urterekin ama galdu nuen, eta, hain nengoen triste, ezen denbora batez saskibaloian jokatzeari ere utzi nion. 2017an, berriz, aita galdu nuen. Hau dena haiengatik egiten dut».

Gaur izango du beste aukera bat bere ahalmenak erakusteko. Baskoniak Euroligako partida jokatu du, Moskun, Khimkiren aurka (19:00, Dazn). Gasteiztarrek jarraipena eman nahi diote Zalgirisen aurka egindako lehia onari, batez ere defentsan. Etxekoek ere garaipena lortu zuten ligaxkako lehen neurketan. 89-83 hartu zuten mendean Maccabi.

Ezusterik ezean, Rimas Kurtinaitisek zuzentzen duen taldean ezingo dute jokatu Chris Kramerrek, Timofei Mozgovek, Eugeni Valievek, Egor Vialtsevek eta Stefan Jovicek. Min hartuta daude. Baina talde luzea dute errusiarrek, eta Alexei Xved, Anthony Gill eta Jannis Timmak min handia egin diezaiokete Baskoniari. «Egin dituen fitxaketekin, beldurtzeko moduko taldea osatu du. Kalitate handiko hamabi jokalari ditu», adierazi zuen atzo Perasovicek. Horrekin batera «funtsezkoa» iruditzen zaio partida «garaiz» ixten jakitea. Elkarren aurka jokatu duten azken hiru aldietan, Baskonia izan da nagusi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.