Frantziako Tourra

Distira atera dio maillot horiari

Pogacarrek are gehiago sendotu du Tourreko lidergoa, Porteten irabazita. Vingegaardekin eta Carapazekin lehian aritu da bukaerara arte

Distira atera dio maillot horiari.
enaut agirrebengoa
2021eko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Handia da maillot horia soineratzea; are handiagoa horiz jantzita etapa bat irabaztea; eta zer esanik ez elastiko preziatuarekin Tourreko bukaerarik gogorrenean nagusitzea. Horixe egin zuen atzo Tadej Pogacarrek (UAE), Portet beldurgarrian bukatu zen 17. etapan. Lidergoari euste hutsa ez zuen aski, eta, garaipena lortuta, ginga jarri zion osatzen ari den lasterketa bikainari. Ez zen Alpeetan bezain nagusi izan, eta amaierako esprintean utzi zituen atzean Jonas Vingegaard (Jumbo Visma) eta Richard Carapaz (Ineos). Ziurrenik, bi txirrindulari horiek igoko dira Pogacarrekin batera Parisko podiumera; Rigoberto Uran (Education) bigarren zegoen nagusian, baina kale egin zuen Porteteko igoera bortitzean, eta ia bi minutu galdu. 1.34ra gelditu zaio hirugarren postua.

Distira apur bat galdua zen Pogacarren maillot horia. Esloveniarrak makalaldia izan zuen Mont Ventouxen, eta Andorran ez zituen zalantzak erabat uxatu. Iraultzarako aukera egon zitekeen oraindik. Atzo, ordea, guztiz zapuztu zuen aurkarien itxaropena. Peyresourde, Val Louron eta Portet kateatu zituzten azken kilometroetan, eta, maldan gorako lanari ekin orduko, liderrak lanean jarri zuen taldea. Hots, erasoaren bidetik defendatu nahi zuen zortzigarren etaparen ostean lorturiko elastikoa. Helmugatik 8,5 kilometrora egin zuen lehen saiakera, Rafal Majkak (UAE) jarritako erritmo itogarriari jarraipena emanaz. Airean aurreratu zuen Anthony Perez (Cofidis), eguneko ihesaldiko ziklistarik indartsuena. Vingegaard eta Carapaz izan ziren liderrari eusten bakarrak.

Bakarkako erakustaldia egin nahi zuen Pogacarrek, eta temati jarraitu zuen erasoka; alferrik, ordea. Vingegaardek erreleboak eman zizkion, Carapazek gurpilean zirauen bitartean, nekatu plantak egiten. Ekuadortarrak, ordea, ez zien ziria sartu, eta gehien ahalegindu zenak altxatu zituen besoak helmugan; liderrak berak, alegia. Hirukotearen ostean, David Gaudu helmugaratu zen, 1.19ra; gero, Ben O´Connor, 1.26ra; eta hortik gutxira iritsi zen Pello Bilbao (Bahrain), zazpigarren postuan, 1.44ko atzerapenarekin. Hartara, eutsi egin zion sailkapen nagusiko hamargarren postuari. Pogacarrek lasterketa puskatu aurretik, gernikarrak egin zuen lehen erritmo aldaketa. Berme handia eskaintzen du itzuli handietako hirugarren astean.

Azken etapa menditsua jokatuko da gaur, Paue eta Luz Ardiden artean. Atzo bezala, batez ere bukaeran izango da gogorra, Tourmaletera eta Luz Ardidenera egin beharreko maila bereziko igoerak direla medio. Azken zalantzak argituko dira, larunbateko erlojupekoaren aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.