Panikoaren botoia sakatu du

Alaves gainbehera betean zen, eta agintariek ez dute gehiago itxaron nahi izan: Garitano kargutik kendu, eta Muñiz fitxatu dute, azken txanpa gogorrean taldea onbideratuko duen esperantzan.

BERRIA.
enaut agirrebengoa
2020ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Izu-laborria sartu zaio Alavesi. Galdu egin ditu azken bost partidak, nahaspilatu egin da salbazioaren lehian, eta, azkenean, panikoak jota, neurri drastikoa hartu du zuzendaritzak. Asier Garitano eta haren talde teknikoa kargutik kendu, eta Juan Ramon Lopez Muñiz izendatu du entrenatzaile. Erabaki guztiak igandean hartu zituzten klubeko agintariek, taldeak Valladoliden aurka galdu eta biharamunean. Azken lau jardunaldietan, Muñizen esku egongo da Alaves galbidetik libratzeko ardura. Hamabi puntu gelditzen dira jokoan, eta arabarrek seira dituzte jaisteko postuak. Oso gertu dute helburua. Alabaina, oso egutegi zaila izango dute, eta jota daude aldarte aldetik. Muñizek erlojupean egin beharko du lan taldea indarberritu eta, hala, deskalabrua saihesteko.

Teknikaria atzo aurkeztu zuten. «Alavesek deitu ninduenean ez nuen bitan pentsatu. Talde eta hiri on batera nator, zale multzo aparta duena» adierazi zuen. Baikor da Muñiz. «Beste talde batzuekin alderatuz, ez gaude horren gaizki. Jokalariek ahalegin handia egin beharko dute bi aste hauetan, eta beren onena eman. Ezin dituzte besoak jaitsi lehen kolpea jasotzen dutenean». Taldearen ahalmenak nabarmendu zituen. «Abiadura handia daukagu, eta, zuloak topatuz gero, min handia egin dezakegu». Real Madrilen zelaian egingo du debuta, ostiralean. «Konfiantza handiarekin jokatu behar dugu, hutsegite txikiak eragotzi eta ahalik eta ondoena lehiatu».

Atzoko aurkezpenean egon ziren Sergio Fernandez kirol zuzendaria eta Alfonso Fernandez de Troconiz presidentea ere. «Juan Ramonek energia eta indarra transmititu digu, eta ilusioa berreskuratu dugu».

Garitanoren eskutik bazuen ilusio hori, etenaldiariaren aurretik. Erregulartasun apur bat ari zen lortzen joko eta emaitza aldetik, eta, horri esker, sendotu egin zen sailkapenean. Orduko hartan, ez zirudien sasoiak amaiera dramatikoa izango zuenik. Haatik, heldu zen koronabirusa, gelditu zen futbola, eta hiru hilabeteko etenaren ostean, oso makal itzuli da Gasteizeko taldea. Azken zazpi lehietan hiru puntu baino ez ditu lortu, eta, emaitzez harago, taldeak emandako irudia «etsigarria» izan da, klubeko agintari Josean Kerejetak esan bezala. Hark jokalariei leporatu zien joan zen astean konfinamendu osteko ibili negargarriaren errua, baina teknikariaren lanarekin ere ez zegoen batere pozik. Ikusia zegoen, bat-bateko susperraldirik ezean, laster egingo zuela Garitanorenak.

Bergararraren jardunak hasieratik sortu ditu zalantzak. Lehen krisia iraila amaieran izan zuen, Athleticen eta Realaren aurka itxura tamalgarria eman ondotik. Ezbaian izan zen neguko etenaren aurretik ere, urteko azken lau partidetan puntu bakarra lortu, eta Espainiako Kopan Hirugarren Mailako Jaenek kanporatu ostean. Momentu hobeak ere izan ditu Alavesek, eta horregatik eutsi dio orain arte karguari Garitanok. Ordea, sentipenak, oro har, ez dira onak izan. Gorabehera gehiegi izan da emaitza aldetik, eta, jokoari dagokionez, taldeak ageriko gabeziak izan ditu; erasoan, batez ere. Joselu eta Lucas Perezen eraginkortasuna izan da baliabide ia bakarra.

Garitanok Abelardo Fernadezen arrastoa jarraitu nahi zuen, eta, horretarako, jokamolde defentsiboa ezarri. Alabaina, bergararrak ez du bere mezua behar bezala igortzen asmatu. Taldeak ez zeraman bere sinadura, eta hori asko nabaritu da zelaian. Grinarik eta erabakimenik gabe aritu dira jokalariak. Ez zuten behar besteko fedea. Adierazgarriak izan ziren Betisen aurkako lehiaren ostean Aleix Vidalek egindako adierazpenak. Garitanok egindako aldaketak kritikatu zituen, defentsiboegiak izan zirelakoan. Gerora,barkamena eskatu zuen hegalekoak. Baina agerian gelditu zen batasun falta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.