Arrauna

Gogoratzeko asteburua

Zierbenak asteburuan jokatutako bi txapelketak irabazi ditu: Euskadiko eta Espainiako txapelketak. Denboraldiko lehen bi banderak izan dira bizkaitarrentzat.

Zierbenako arraunlariak Euskadiko Txapelketa ospatzen. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Iñigo Lasa Fresneda.
2020ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Ez dute erraz ahaztuko igaro berri den asteko asteburua Zierbenan. Ostiralean, lehen aldiz Euskadiko Txapelketa irabaztea lortu zuten, eta igandean, berriz, asteburua biribildu zuten Pedreñan (Espainia), Espainiako Txapelketa irabaziz. Denboraldi hasieratik egindako lanaren fruituak jasotzen hasi dira.Zierbenako entrenatzaile Juan Zunzunegi gustura da lortutako garaipenekin, eta «behetik gora» doazela nabarmendu du: «Azken estropadetan ikusi da zer hobekuntza egin dugun, baina aspaldi hasi ginen gauzak ondo egiten».

Ezin hobeto ekin zioten asteburuari, Euskadiko Txapelketa irabaziz, Lekeition (Bizkaia). Estropadako lehen luzean Donostiarratik zortzi segundora ziren, baina, pixkanaka-pixkanaka, aldea murriztuz joan ziren, garaipena lortu arte. Lekeitioko uretan edozer gerta litekeela jakinda, sendo jarraitu zuten arraunean, irabazle sena erakutsiz: «Haiek olatu bat hartu zuten modu berean guk beste bat har genezakeela bagenekien, eta hirugarren luzean estropada menperatzea lortu genuen. Lekeition, azkenera arte ezin da ezer galdutzat eman».

Ostiralean irabazitako banderak emandako «konfiantzari eta lasaitasunari» esker, Espainiako Txapelketako estropadetan ontzirik azkarrena izatea lortu zuten, Orioren aurretik. Gipuzkoarrek ahaleginak egin arren, ez zuten Zunzunegik zuzendutako ontziaren parean jartzerik izan: «Igandeko estropadan asko sufritu genuen. Lan askoko estropada izan zen. Oriok asko zaildu zizkigun gauzak».

Eusko Label ligak eta hartatik kanpo jokatzen diren txapelketek arau ezberdin batzuk dituzte. Bat ez datozen arau horietako bat, traineruan izan beharreko harrobiko arraunlarien kopuruarena. Eusko Label ligan, gutxienez, etxeko zazpi arraunlari izan behar dira tostartean; bestelako txapelketetan, berriz, ez da halako kuporik. Zunzunegiren esanetan, «bakoitzak duen taldea dauka», eta ez du uste arau hori ez izateak irabazten lagundu zienik: «Harrobiko arraunlarien kupoak ligan baldintzatzen gaitu, baina Arauak ligarako jarri zituzten, eta bete beharra dago».

Bandera eskuratzea gertu izan dute sasoi honetan ligan, baina, behin baino gehiagotan, azkeneko momentuan eskuetatik alde egin die. Txapelketetan lortutako bi banderek, baina, ez dute balio izan zapore gazi-gozo hori kentzeko: «Ligako arantza ligan kendu beharra dago. Ligari gaizki ekin genion, eta horrek kalte egin digu. Halere, estropadatik estropadara hobetuz joan gara».

Eusko Label liga irabaztea «ia ezinezkoa» dela uste du. Aurretik puntu asko dituzten bost talde baitituzte. Denboraldi erdia geratzen da oraindik, eta lehiatzeke dauden estropadei betiko «handinahiaz» ekingo diete bizkaitarrek: «Guk gurea egiten jarraitu beharra daukagu: estropada onak egin eta, aukera izanez gero, banderaren bat lortzen saiatu».

«Pausoz pauso» joatea da orain Zierbenaren helburua: «Bosgarren postuaren bila joan behar dugu orain. Gero, ahal izanez gero, laugarrenera...». Lehen lauretan amaitzea gustatu litzaioke Zunzunegiri, baina ez du «funtsezkotzat» jotzen: «Nahiago dut seigarren amaitu bandera bat edo bi lortuz, banderarik gabe laugarren postuan bukatzea baino.

Positibo bat Getarian

KAE 1 ligan, berriz, arraunlari batek koronabirus proban positibo eman duela jakinarazi zuen atzo Getariako Arraun Elkarteak. Igande gauetik bakartuta daude arraunlariak eta zuzendaritzako bi kide. Atzo egin zizkieten PCR probak, eta asteon ez dira arituko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.