Foie-xerra sail batzuk salmentatik kendu dituzte, 'listeria' atzeman eta gero

Pates Zubia enpresaren lau sortatan aurkitu dute bakterioa, baina beste batzuk ere erretiratu dituzte, badaezpada. Oraingoz ez da inor gaixotu

Erretiratutako produktuetako bat, enpresaren webguneko irudi batean. BERRIA.
Maite Asensio Lozano.
2020ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez, Pates Zubia enpresak merkaturatutako foie-xerra sorta batzuk salmentatik kendu dituzte, listeria monocytogenes bakterioa atzeman dutelakoan; etxean produktu horiek dituztenei gomendatu die ez kontsumitzea eta erosketa puntura itzultzea. Listeriosiak osasun arazo larriak sor diezazkieke haurdun dauden emakumeei eta immunoeskasia dutenei; halere, gobernuak argitu du epidemiologia zerbitzuek oraingoz ez dutela detektatu inor produktu horiekin gaixotu denik, eta prebentzio neurri gisa erretiratu dituztela.

Abenduan ekoiztutako lau sortatan aurkitu dute bakterioa, baina beste batzuk ere atera dituzte merkatutik, «badaezpada», enpresak adierazi duenez. Hauek dira erretiratu dituzten sailen zenbakiak: 353, 354, 985etik 988ra, 999tik 1.004ra eta 1.007tik 1013ra. Ahatearen foie gras xerrak dira, 50 eta 75 gramo artekoak.

Osasun Sailak jakinarazi du produktuak nola kutsatu diren ikertzen ari direla, baina Pates Zubiak aurreratu du «unean uneko kutsadura gurutzatua» izan dela, eta gainerako produktuak garbi daudela, beste tratamendu termiko batzuk izan dituztelako. Eskoriatzan (Gipuzkoa) du egoitza enpresak; argitu du «barne kontrol batean» atzeman dutela bakterioa, eta kutsatutako guneak jada desinfektatu dituztela, baina, halere, barkamena eskatu die bezeroei.

Sukar arina

Berez, ez da ohikoa gizakiek listeriosia hartzea, baina bakterioa kezka iturri izan da azken hilabeteetan, Espainiako hegoaldean izandako kutsatze handi baten harira: iazko abuztuan 200 pertsona gaixotu ziren Andaluzian, hiru lagun zendu ziren, eta zazpi abortu eragin zituen gaitzak. Izan ere, batik bat haurdunei erasaten die, baina, emakumeengan baino gehiago, fetuengan eta jaioberriengan dauzka ondorio larriak. 65 urtetik gorako pertsonengan eta immunitate sistema ahuldua dutenengan ere odol infekzio larriak sor ditzake.

Inkubatze epe luzea du listeriosiak, hiru eta 70 egun artekoa; 21 egunekoa da batezbestekoa. Oro har, sukar arina eragiten du, baina, bakterioa hesteetatik kanpo hedatzen bada, gorakoa, beherakoa, giharretako mina edota oreka galtzea ere eragin ditzake. Halako produkturik kontsumitu ondoren sintoma horiek izanez gero, osasun zentrora joatea aholkatu du Jaurlaritzak. Antibiotikoen bidez tratatzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.