Trenak harrapaturik hildako migratzaileen familiek salaketa jarri dute

Biktimen abokatuak Baionako fiskalari galdetu dio migratzaileen heriotzen eta mutilazioen inguruko «nondik norako guztiak» argitzeko

Harrera elkarteen protesta, Ziburuko ezbeharra salatzeko. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2021eko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Iragan urriaren 12an gertatu zen ezbeharra, Ziburun (Lapurdi). Hendaiatik (Lapurdi) Bordelera (Okzitania) zihoan trenak lau lagun harrapatu zituen, trenbidean etzanik zeudela. Horietako hiru hil ziren, eta laugarrena Baionako erietxera eraman behar izan zuten, larri. Baionako prokuradoreak baieztatu zuen laurak Aljeriatik zetozela, eta migrazioaren bidean zeudela, Baionara iritsi nahian. Bada, etorkinen defentsarako hiru elkartek —Gistik, Cimadek eta Anafek—, hildakoen hurkoek, eta zauriturik atera zen gizonak erabaki dute Baionako fiskalaren aitzinean salaketa jartzea: nahi gabeko hilketagatik, bizia arriskuan jartzeagatik, nahi gabeko zauriengatik, eta pozoitzeagatik.

Izan ere, istripua gertatu eta bi egunetara, Frantziako Poliziak istriputik onik atera zen bosgarren gizon bat atxilotu zuen, Baionan. Zauriturik atera zenak kontatutakoaren arabera, ordea, mugalari gisa kontratatu zuten bosgarrena, eta susmoa du pozoitu ote zituen gainerako laurak. Biktimen familien abokatuak Sud Ouest-i kontatu dionez, «pentsaezina da» laurak lo gelditu izana, «normalean batek zaintza lana» egiten zuelako. «Errefuxiatuek Polizia kontrolak eta etengabeko kanporatzeak geroz eta bortitzago pairatzen dituzten honetan, Baionako Fiskaltzak argitu beharko ditu heriotza eta mutilazio hauen nondik norakoak», salatu du.Gabriel Lassort da abokatua.

Baionako fiskalak istripua gertatu eta berehala ireki zuen ikerketa, «heriotzaren arrazoiak» zuzen zein izan diren aztertzeko.Frantziako Auzi Polizia eta Frantziako Aireko eta Mugetako Polizia ari dira ikerketa egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.