Azken eraso sexistak salatu dituzte Zumaian, manifestazio baten bidez

Hiru astean lau emakumeri eraso diete. Zumaiako Mugimendu Feministak «sexismoaren aurkako jarrera irmoa» hartzeko deia egin du

Manifestazioak jende asko bildu zuen. UROLA KOSTAKO HITZA.
Erredakzioa
2021eko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Joan den asteburuan taberna batean izandako sexu erasoak salatzeko manifestazioa egin dute Zumaian (Gipuzkoa). ManifestazioaBeheko Plazatik abiatu da, Nahikoa da. Eraso sexistarik ez leloa zuen pankarta baten atzetik, eta Saregileen Plazan amaitu da. Han agiri bat irakurri dute. Zumaiako Mugimendu Feministak gogor salatu du gertatutakoa, eta «sexismoaren aurkako jarrera irmoa hartzeko» deia egin du, «bakoitzari dagokion lekutik».

Azken bolada honetan eraso matxista ugariren berri eman dute. Zumaian bertan, esaterako, hiru astean lau emakumeri egin diete eraso: biri joan den asteburuan, eta beste biri aurreko asteetan. Maiatzean eta ekainean ere, kalera jo behar izan zuten Zumaian, bi eraso salatzeko.

Zumaiako Mugimendu Feministak erabakia du horrelakoen aurrean «ez isiltzea»: «Gure gorputzak gureak dira, tabernaren erdian, komunera goazenean, etxerako bidean eta ohean. Amaitu da zuen garaia, eta ez dugu eraso bakar bat gehiago onartuko. Norbait gutako bat ukitzera ausartzen bada, guztiok erantzungo dugu».

Zumaiako Mugimendu Feministak norberaren jarrerak aztertzeko deia egin du, erasotzaileen lagunak direnei «konplize» ez izateko eskatu die, eta «irmo» jokatzeko eta «elkar zaintzeko» aldarria egin du orobat.

Erakundeen gaitzespena

Gipuzkoako Foru Aldundiak «gaitzespen irmoa» azaldu dieZumaiako erasoei, eta «elkartasun eta babes osoa» adierazi die erasoen biktimei.

Foru aldundiaren ustez, «gizonen eta emakumeen arteko berdintasun falta» eta «emakumeak kontrolpean eta mendean izan nahi dituztenen jarrera eta ideia matxistak» daude horrelako erasoen atzean. «Emakumeen duintasunaren, integritate fisikoaren eta sexu askatasunaren kontra doazen jarrerak herritar guztien aurkako erasoak dira», adierazi dute.

Zumaiako Udalak ere «babes eta elkartasun osoa» adierazi die erasoen biktimei, eta, atzoko manifestazioarekin bat egiteaz gain, herritarren «jarrera aktiboa» eskatu du indarkeria matxista bukatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.