Gestampek bi enpresa itxi nahi ditu Zamudion, eta 230 langile kaleratu

Jaurlaritzaren diru laguntza handiak dituela salatu dute sindikatuek, eta inoizko irabazirik handienak lortu berri dituela: 258 milioi euro

Riberas, Gestampen burua. T. U. / EFE.
xabier martin
2020ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Gestamp taldeak abisua emanda zuen uda honetan: 2020ko lehen seihilekoan 120 milioi euroko galerak izan zituen, eta lantaldea murrizteko neurriak hartu behar zituen Europa osoan. Bada, autogintza sektoreko erraldoia etxetik hasi da triskantza handia egiteko erabakiekin. ELA eta LAB sindikatuek jakinarazi dute autogintzarako osagaien liderrak helarazi duela Zamudioko (Bizkaia) bi enpresa itxiko dituela. Matriceria Deustu eta GTS ingeniaritza jarri ditu jomugan. Gestampen plana gauzatuko balitz, 230 langile kaleratuko lituzke taldeak.

Eta iragarpen beltz horren aurrean, sindikatuek ohar argia egin diote zuzendaritzari: «Ez dugu enplegu suntsipena onartuko, ezta enplegua prekarizatzea ere. Bi enpresa horiek bideragarriak dira». Izan ere, LABek azaldu du 2018. urtean inoizko irabazirik handienak lortu zituela Gestamp taldeak: 258 milioi irabazi zituen 2018an, eta 212 milioi 2019an. «Enpresa horrek diru laguntza publikoak jasotzen ditu hainbat erakundetatik, eta Euskal Herrian sortutako aberastasuna baliatu du enplegu prekarioa sortzeko mundu zabalean. Ezin du horrelako erabakirik hartu egunetik gauera».LABek gogor kritikatu ditu erakundeak, ez dutelako «inolako kontrolik» egin emandako laguntzen inguruan. «Arantxa Tapiak eta haren kabineteak erabaki hau onartuko dute, besterik gabe?», galdetu du sindikatuak; «jakinaraz dezatela zenbat diru eman dioten Gestamp taldeari».

Zortzi milioiko diru laguntza

Gestampek hamazazpi milioi euroko inbertsioa iragarri zuen ekainean, Zornotzako instalazio baterako. Proiektu horrek, haren izaera berritzailea dela eta, Eusko Jaurlaritzaren laguntza izango zuela ere iragarri zuen taldeak: zortzi milioi euro. «Euskal langile klasea gutxiesten ari dira berriro», esan du ELA sindikatuak.

Gestampek berretsi egin du Zamudioko Matriceria ixteko asmoa duela. Auto modelo desberdinak plataforma berean egiteko joera zabaltzen ari dela argudiatu du, eta ez direla dagoeneko hainbeste modelo desberdin behar. Euskal autogintza taldeak 112 planta ditu munduan, baina guraizeak lehen-lehenik etxean atera nahi ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.