Arrauna

Astillerok alde handiz irabazi du etxeko estropada, KAE 1 ligan

Aitor Manterola Garate.
2018ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Astillero banderak irabazten hasi da berriz, atzo etxeko estropadan garaile izan eta gero. Azken hiru estropadetan Isuntzarentzat izan dira banderak, baina atzo, KAE 1 ligako liderrak nagusitasuna erakutsi zuen. Erlojuaren aurka lehiatu baziren ere, Isuntzari hamahiru segundo atera zizkion, hamabost Zarautzi, eta hamazazpi Deusturi.

Sailkapen nagusian, Astillerok lau puntu ateratzen dizkio Isuntzari, eta lekeitiarrek hamar Deusturi. Aurreneko bi sailkatuek jokatuko dute Eusko Label ligara igotzeko kanporaketa. Jaisteko kanporaketari ihes egiteko lehian, San Juanek berdindu egin du Zumaia, atzo beste bi puntu jan zizkiolako. Hiru estropada bakarrik geratzen dira liga amaitzeko: asteazkenean Plentzian, larunbatean Zarautzen eta igandean Bilbon. Beraz, astebeteko epean dena erabakita egongo da KAE 1 liga honetan.

Donostiarra B, KAE 2 ligan

Eguerdi oparoa izan zuen atzo Donostiarra B-k Hondarribian, KAE 2 ligako hamargarren jardunaldiko estropada irabazteaz gain, sailkapen nagusian jauzia egin duelako, lehen postura asko gerturatzeko. Camargo liderrak seigarren egin zuenez, Donostiako taldea hiru puntura gerturatu zaio.

Lehia estua izan zuen garaileak Santoñarekin, hiru segundo baino ez zizkiolako atera. Ondorengo lau lekuetan ere borroka izan zen, San Pedro eta Camargoren artean lau segundo eta Orio B eta Hondarribia B egon baitziren.

Gaur daukate beste jardunaldi bat liga honetan. Pasaian izango da, 12:00etan, erlojupekoa.

Hibaikaren bigarrena ETEn

Hondarribian bertan, ETE ligako zazpigarren jardunaldia izan zen jokoan, eta Hibaikak denboraldiko bigarren bandera irabazi zuen. Zazpi segundo atera zizkion Donostiarrari, eta ondoren sailkatu ziren Kaiku, Deustu eta Hernani. Sailkapen nagusian, Donostiarrak bost puntura zabaldu du Deusturekiko tartea, eta Hibaika puntu batera jarri zaio Bilboko taldeari. Gaur eguerdian jokatuko dute zortzigarren jardunaldia, Ondarroan (12:00).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.