«Uste nuen sendatu nintzela, baina oker nengoen: jokalari sozial bihurtu nintzen»

Mikel. Txanpon makinekiko adikzioa izan zuen Mikelek 18 urte zituela. Bi urteko terapia egin ostean, ez du gehiago jokatzeko gogorik sentitu, harik eta noizbehinka loterian jokatzen hasi eta berriz erori den arte.

Ion Orzaiz.
Iruñea
2019ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Bizi erdia daramat jokoan sartu eta atera», aitortu du Mikelek. Izena asmatua da. Txanpon makinetan jokatzen hasi zen 18 urterekin. Errehabilitatu ostean, berriz erori zen. ONCE Espainiako Itsuen Elkarteak banatzen dituen Rasca kupoi merkeekin berpiztu zitzaion adikzioa bigarrenez. 38 urte urte ditu orain.

«Oso gazte hasi nintzen, pixkanaka-pixkanaka, diru mordoa galdu nuen arte. Guztira, 45.000 euro galdu nintuen urtebetean», gogoratu du. Bi urte eman zituen adikzioari aurre egiteko terapian. «Ustez, osatua nengoen, mendekotasuna gaindituta. Baina burua ez nuen ongi. Eta hori ez da berehalakoan antzematen, urteekin baizik». Terapia amaitu zuenean, txanpon makinek ez zuten erakartzen. «Pentsatzen nuen sendatu nintzela, baina oso oker nengoen: jokalari sozial bihurtu nintzen». Noizbehinka lagun kuadrillan kinielaren bat jokatzen zuen, edo loteria erosten zuen. «Oso pozik nengoen! Normala nintzen azkenik! Besteek bezala joka nezakeen, arazorik gabe, gezurrik esan gabe, dirutza galdu gabe».

Baina duela bi urte ONCEren Rasca kupoiekin hasi zen. «Ez dakit zergatik, horrekin egin zidan kra! buruak». Hasieran, denbora-pasa soila zen. «50 zentimoko kupoitxoak? Ez zirudien arrisku handiko jokoa». Sarean jokatzeko aukera ere badago, gainera. «Horrela igarotzen nituen orduan, sakelakoari itsatsita, etxean bakarrik». Jokoaren gainean zeukan kontrola galdu zuen, eta jokoak kontrolatzen du berriro ere. «Hasten zara zeure bizitza soziala alboratzen, hasten zara gezurrak kontatzen... Baita zure higiene pertsonala geroko uzten ere!».

Lehen erorialdian baino diru gutxiago galdu du Mikelek bigarrenean. Baina kalte pertsonala eta sentimentala sekulakoak izan direla aitortu du. «Hondoa jo dut», adierazi du, negarrari eutsi ezinik. «18 urterekin gurasoei min eman nien, eta behartuta ekarri ninduten Aralar elkartera. Belarritik tiraka, ia-ia. Baina kalte pertsonala larriagoa da oraingoan: emaztea nirekin egon da beti, baina dibortziatu egin naiz berriki». Bi seme-alaba dituzte, eta nabarmendu du haiek ere asko sufritzen dutela adikzioagatik. «Hondamendia izan da».

Bigarren erorialdiaren ostean, sei hilabete daramatza Mikelek terapian. «Ikasi behar dugu adikzioarekin bizitzen. Ez dago besterik. Bestela, zer aukera dugu? Etxera iritsi, telebista piztu, eta hortxe dauzkazu iragarkiak: 'Jokatu, jokatu, jokatu!'». Neurriak hartu behar izan ditu. Oraingoz, bere buruari mugak ipini dizkio. Autoesklusio zerrenda guztietan eman du izena, eta Interneterako sarbidea mugatu du. «Terapiak lagundu dit neure burua gehiago ezagutzen, arazoei aurre egiten ahal diedala jabetzen. Laguntza eskatzen hasi naiz. Badakit gaitz hau bizi osorako izanen dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.