Arrauna

Egindako lanaren ordaina

Hondarribiak Eusko Label ligako lehen bandera irabazi du Castron, zazpigarren jardunaldian. Zierbena ezin izan da lehiatu, taldean atzemandako positibo kasuagatik; ezta gaur ere, Lekeition

Hondarribiko arraunlariak garaipena ospatzen, bandera jaso berritan, atzo, Castro Urdialesen, Eusko Label ligako zazpigarren jardunaldian. ROMÁN G. AGUILERA/ EFE.
Mikel O. Iribar.
2021eko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Arraunlari gazte baten ahotik entzundakoa: estropada batek lau zati izaten ditu; kanporanzkoa, barruranzkoa, kanporanzkoa eta berriz barruranzkoa. Hiru luze on egitearekin ez da aski bandera etxeratzeko; eta are gehiago, urtetik urtera Eusko Label ligan dagoen berdintasunarekin. Bada, Hondarribiak, bederen, hogei minututan burututako lan onaren saria jaso zuen atzo, Castro Urdialesen (Espainia); ligako lehen bandera. Ama Guadalupekoa ontziak Euskadiko Txapelketan irabazlearen olatua hartu zuen, eta oraindik olatu berean jarraitzen du.

Meteorologoek bete-betean asmatu zuten iragarri zutena: itsaso nahasia eta ipar-mendebaleko haize petrala. Olatuak ez ziren apartekoak, baina bai taldeen artean aldeak markatzekoak, baita kaleen arteko aldeen eraginez ere. Izan ere, lehendabiziko eta bigarrengo kaleek kai muturraren babesa zuten lehen metroetan, eta leunago ateratzen ziren hirugarren eta laugarrengo kaleetako ontziak baino. Kontuan hartzeko beste aldagaia marearena izan zen; 17:45ean zen goian, eta ilargi betea izanik, ohorezko txandako ontziek itsaslaster handiagoa zuten aurreko txandakoekin alderatuta.

Atzoko lehian, ordea, bazen semaforoa berde jarri aurretik gorengo mailak jaso zuen albiste zorigaiztokoa; COVID-19a maila nagusira ere sartu zela. Zierbenakoak ontzia uretaratzeko pronto zirela, arraunlari batek positibo eman zuen analisian. Hortaz, Juan Zunzunegirenek ezin izan zuten arraun egin; ezta gaurko Lekeitioko (Bizkaia) estropadan ere (12:00, ETB 1). Horrenbestez, Euskal Label ligak ezarrita duen irizpidearen arabera, Zierbenari sei jardunaldietan lortutako puntuen batezbestekoa hartuko diote kontutan; hau da, atzotik hasita, bederatzi puntu eskuratuko ditu jokatzen ez duen jardunaldi bakoitzeko.

Zierbenaren hutsunearekin ekin zioten lehen txanpa biziari Hondarribiak, Oriok eta Santurtzik. Indartsu atera ziren hiru ontziak, eta segundo bakarrean heldu ziren lehen ziabogara. Gorka Aranberri Santurtziko patroiak, ordea, zabalegi biratu zuen. Baita garesti ordaindu ere; azkena atera zen maniobratik.

Olatua istribor aldetik sartzen zitzaien ontziei. Lan nekeza, beraz, lemazain eta arraunlarientzat ontzia gogortuta eramateko. Hondarribiak Oriorekiko ontzi bateko aldearekin eman zuen bigarren ziaboga. Une hartan, sei segundora zen Donostiarra; bigarren txandan aise irabazi zuen. Santurtzi, berriz 11ra zen.

Maniobra egin ostean, ababorreko arraunlariek pala uretatik ongi pasatzeko zailtasunak zituzten. Ioseba Amunarriz Hondarribiko patroiak argi esan zien ababorrekoei erasoa gehiago gogortzeko. Halaxe egin zuten, eta Oriorekiko zuten aldeak ere gora egin zuen. Bost segundoko tartearekin heldu ziren ziabogara, baina kosta egin zitzaien ateratzea. Jon Salsamendirenak hauspotu, eta hiru segundora ezarri ziren.

Arraunean, sendo

Oriori ez zion askorik iraun susperraldiak; Hondarribiak, bere kaleari eutsiz, hanka egin baitzion, eta inork ez zuen geratu Ama Guadalupekoa. Hegan eraman zuen Amunarrizek ontzia, eta modu horretara nagusitu zen. Bederatzi segundora heldu zen Orio bigarrena, eta hamalaura Santurtzi laugarrena; Donostiarra sartu baitzen bi talde horien tartean, eta gaur ohorezko txandan arituko da ligako oilarrekin batera, Hondarribiarren mesederako; sailkapen nagusian lau puntura hurbildu baitzaio Santurtzi liderrari.

Caboko gorriek ez dute erraz amore ematen, eta atzokoan ere hala berretsi zuten; Boirokoek (Galizia) azken luzean aurre hartu zioten Urdaibairi, eta euren txandan bigarrenak izan ziren; bosgarrenak sailkapenean. Ondarroa atzean geratu zen, baina, Iñaki Errastiren taldearen zorionerako, Aresek, lehen txandako irabazleak, denbora apalagoa egin zuen. Isuntzarekin lehia ikusgarria izan zuen, eta segundo eskasean helmugaratu ziren bi ontziak. Azken postua saihesteko borrokan, berriz, Tiran Zarautzi nagusitu zitzaion. Hala, bien arteko aldea bost puntura igo da, galiziarren alderako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.