Arrauna

Erlojua alde du, eta ez aurka

Hondarribiak Eusko Label ligako bigarren bandera irabazi du Bilbon, erlojupekoan, bosgarrenez eremu horretan. Isuntza ezin izan da lehiatu, taldean bi positibo atzeman dituztela eta

Hondarribiko arraunlariak garaipena ospatzen, bandera jaso berritan, atzo, Bilbon, Eusko Label ligako bederatzigarren jardunaldian. JAVIER ZORRILLA / EFE.
Mikel O. Iribar.
2021eko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Hondarribiak neurria hartua dio Bilboko estropada eremuari, antza. Eusko Label liga hamabi alditan jokatu da eremu sigi-sagatsu horretan, eta horietatik bostetan Ama Guadalupekoa ontzia izan da azkarrena; azkena, atzokoan. Erlojupeko proban bakarrik aritzeak dakarren berezitasun horretan eroso sentitu ziren Ioseba Amunarriz patroia eta haren arraunlariak. Ontzi arina izanik ere, bikain moldatu ziren ur geldo eta sakonera gutxiko estropadan; hasi eta buka.

Zierbena uretara itzuli zen atzo, aurreko asteburuan taldean atzemandako koronabirus positiboagatik lehiatu gabe egon eta gero. Bada, COVID-19ak ez du etenik gorengo mailan; Isuntzari ere erasan dio izurriak. Taldean bi kasu atzeman zituzten, eta, beraz, Osertz Aldairenek ezin izan zutenarraun egin; ezta gaurko Santurtziko (Bizkaia) estropadan ere (12:00, ETB 1).

Marea 16:38an zen behean. Marea hilak izan arren, azken txandakoek itsaslaster gehixeago zuten aurrekoek baino. Alta, oro har, baldintza hobeagoak zituzten; haizearen indarra hutsaren hurrengoa baitzen. Ohorezko txandako lau ontziak ibaiertzetik atera ziren, ur-lasterra saihesteko eta ontziari abiadura ez galarazteko asmoz. Hondarribiaren eta Santurtziren aldekoak izan ziren lehen erreferentziak; ontzi baten aldea ateratzen zieten Orio eta Zierbenari. Talde horiek zerbaitegatik daude Eusko Label Ligako lehen bi postuetan.

Dena den, Mikel OrbaƱanosenek lehen luzeko erditik aurrerako zatia Sotera ontziak baino hobeagoa egin zuten, eta, hala, lehen ziabogan denborarik onena egin zuten. Hiru segundo eta bost segundotan hobetu zituzten Orioren eta Zierbenaren denborak, hurrenez hurren. Hondarribiaren atzetik, berriz, Santurtzi zetorren, baina Ama Guadalupekoa ontziarekiko hiru segundoko atzerapena izan zuten maniobran. Eneko Gonzalez Sotera traineruaren txopan estreinakoz ari zen.

Bigarren luzean, marea goraka zihoala, itsaslasterrak erditik joatea eskatzen zien ontziei; patroiek eta entrenatzaileek ondo asko zekiten hori. Bitartean, ordea, Hondarribia zen ur-lasterrari etekin handiena ateratzen ari zitzaion taldea. Sei segundora handitu zituen aldeak aurkariekiko. Bigarren ziabogara heltzen ari ziren bitartean, Amunarrizek ontzia apur bat istriborrerago eraman zuen; ziabogara estu sartzeko, maniobratik zabal irteteko eta ababorreko arraunlariak ez geratzeko. Ontzia azkar biratu zuten Hondarribiko patroiak eta Julen Fernandez aurrekalariak. OrbaƱanosen taldeak zazpi segundo ateratzen zien Santurtzi eta Zierbenari; bederatzi Oriori.

Arraunean, presarik gabe

Banderarako lehian baino, bigarren postua lortzean zuten borroka handiagoa Zierbenak eta Santurtzik. Hirugarren luzean, Hondarribiaren eta Zierbenaren ontziak abiadura berean zihoazen; sei segundoan ziren biak. Santurtzi, berriz, zazpira zen; Orio, aldiz, hamarrera. Amunarrizek bere arraunlariei behin eta berriz esaten zien arrauna presarik gabe uretan pasatzeko eta erritmoa ez sarritzeko; minutuko 36 palakadako erritmoan zihoazen berdeak. Hirugarren eta azken ziabogan, tarteak handiak ziren; zazpi Zierbenari, bederatzi Santurtziri, eta hamabi Oriori.

Lau ontziak azken luzean lanean ari zirela, zeruak eta lurrak bat egin behar zuten hondarribiarrek garaipena kareletik botatzeko. Amunarrizek Zierbenak aurretik utzitako ubera zuen erreferentzia gisa. Juan Zunzunegirenak, berriz, bero-bero gibela bota beharrean ziren. Eman eta eman ari ziren, minutuko 40 palakadako erritmoan, baina ez zen nahikoa izan estropada iraultzeko. Bigarrena izan zen, Hondarribiarengandik zazpi segundora. Santurtzi hirugarren sailkatu zen, 11ra, eta Orio, hamahirura.

Bigarren txandan, Donostiarra, Urdaibai eta Caborekin batera, Tiran ariko da gaur, atzo galiziarrek zortzigarren egin zutelako lehen txandatik arraun eginda. Sailkapenean, puntu sorta ederra pilatu zuen, eta orain Zarautz hamabigarrenari sei punturen aldea ateratzen dio. Ondarroa, bestalde, lehen txandan ariko da gaur, atzo azkena izan baitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.