Zaldikoen erritmoan

Ezpalak jaialdian, sei dantza talde tradizionalen zaldikoak ikusteko aukera egongo da asteburuan; gaur, Iruñean, eta bihar, Eibarren

Lantzeko inauterietako zaldikoa ikusi ahal izango da Ezpalak jaialdian. I. URIZ / ARP.
Maite Alustiza.
2017ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Ezpata dantzek abiatu zuten, 2006an, Ezpalak dantza tradizionalen nazioarteko jaialdia. Geroztik, jauzika eta dantzan jarri ditu, urtero, Iruñea eta Eibar (Gipuzkoa). Ohiturari segituz, Duguna eta Kezka taldeek Euskal Herriko dantzariak nahiz kanpokoak gonbidatu dituzte jaialdira, eta, aurten, zaldikoen bueltan ariko dira denak. Miarritzeko (Lapurdi) Maritzuli, Okzitaniako Le Chevalet de Cournonterral, Beasaingo (Gipuzkoa) Aurtzaka eta Bartzelonako Esbart Catala de Dansaires taldeek parte hartuko dute jaian, Duguna eta Kezkako dantzariekin batera. Gaur Iruñean izango dira, 12:30ean, Burgoen plazan —kalejiran iritsiko dira Alde Zaharretik—. Bihar, berriz, Eibarko (Gipuzkoa) Untzaga plazak hartuko du emanaldia, ordu berean.

Talde bakoitzak bere dantza saioa prestatu du, tarteka elkarlanean jardungo badute ere. Besteak beste, Lantzeko (Nafarroa) inauteriari keinua egingo diote: zaldikoa eta ziripot presente egongo dira. Iruñeko Dugunako dantzari txiki zein helduek Zuberoako hainbat dantza eskainiko dituzte: Marexalen jokoa, makil dantza, Larrabürü... Zuberoari egingo dio erreferentzia Maritzuli konpainiak ere: XIX. mendeko maskaraden interpretazio bat egingo du. Zehazki, Xaho, Herelle eta beste egile batzuen maskaraden deskribapenetan oinarritu dira, eta batez ere zamaltzainen inguruko funtzioak eta jolasak landu dituzte. Iruñean, Jon Iruretagoiena ariko da zamaltzain, Dugunako dantzariekin batera.

Eibarko Kezka taldeak, bere aldetik, Donibane Garazin eta Anhauzen (Nafarroa Beherea) topatutako dantza bat aurkeztuko du, Dugunako musikarien laguntzarekin. Violet Alford ikerlariak 1930eko hamarkadan erregistratu zuen dantza hori. Aurtzaka taldearen zaldikoak, berriz, Beasaingo Igartza Jauregian du jatorria. Duela hainbat urte ohartu ziren jauregiko piktograma batean zaldiko baten irudia egon zitekeela, eta 2013an dantzan jarri zuten. Bertrand zaldikoa dakar Le Chevalet de Cournonterral taldeak. 70 urtez desagertuta egon eta gero, 2012an berreskuratu zuten.

Kataluniako dantza talderik zaharrena da Esbart Catala de Dansaires. 1908. urtean sortu zuten herrialdeko dantza tradizionala ikertzeko, babesteko eta ezagutarazteko. Kasu honetan, Cavallets cotoners dantza plazaratuko dute. 1424. urtekoa da dantza horretaz dagoen lehen informazioa, eta bi talderen arteko ezpata borroka bat adierazten du.

Ezpalak dantza jaialdia

Gaur, 12:30ean, Iruñeko Burgoen plazan; bihar, ordu berean, Eibarko Untzaga plazan (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.