ALDAHITZ

2019ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Ulerrizketa metodologia Aldahitz proiektuan landu dute. Hizkuntza ohituretan eragiteko egitasmo bat da Aldahitz, eta hiru metodologia nagusi sortu ditu. Hauek:

Eusle. Aldahitz egitasmoaren lehen fruitua izan zen, 2012an argitaratua. Lan arloan probatu zuten. Harremana maiz duten kideen artean eragitea du helburu, betiere bi baldintzarekin: talde osoak euskaraz ulertzeko gaitasuna edukitzea eta ohiturak aldatzeko borondatea izatea. Eusle figura sortu zuten —solasaldietan euskarari eusteko konpromisoa zuen—. Metodologia horretan oinarrituta garatu zen gerora Euskaraldiaren planteamendua: ahobizi eta belarriprest.

Ulerrizketa. Bi soslaitako hiztunen arteko elkarrizketak ditu helburu: euskaldunen eta euskaldun hartzaileen arteko solasaldiak euskarazkoak izatea. Jomuga da hartzaileen ulermena baliatzea euskaraz mintzatu ahal izateko. Lan arloan egin dituzte probak: enpresetan eta instituzioetan. Parte hartu behar duten kideek formazio labur bat jasotzen dute, beren arteko solasaldiak nola bideratu, eta ondoren ez dute zuzeneko esku hartzerik egiten: harreman naturaletan ezartzen dute Ulerrizketa.

Uler-saioak. Euskararen ulermena oso mugatua dutenak edo batere ulertzen ez dutenak euskarara gerturatzeko proiektu bat da. Helburu du euskara ulertzeko gaitasuna garatzea, harreman naturaletan euskara txertatuta. Hizkuntza ohiturak aldatu ahal izateko abiapuntua jarri nahi dute, hortaz. Gaur egun, garapen eta proba fasean dago metodologia hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.