Nafarroan ere erabakitzera doaz

Estatus politikoari buruzko herri galdeketak egingo dituzte datorren igandean Nafarroako lau eskualdetan: Bortzirietan, Imotz-Basaburuan, Mendialdean eta Sakanan. Sinadura bilketan lortutako emaitzak «berdintzea» eta ahalik eta parte hartze «pluralena» lortzea dituzte helburu nagusi, BERRIAri azaldu diotenez.

Igandeko galdeketara deitzeko banderatxo bat zintzilik Berako leiho batean. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Iñaki Berastegi.
Iruñea
2017ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Galderak prest daude, eta herritarrek erabaki nahi dute. Nafarroak erabakitze eskubideari buruzko botoa emango du igandean, ekainak 18, lau eskualdetan: Bortziriak, Imotz-Basaburua, Mendialdea eta Sakana. Gure Esku Dago dinamikak sustatuta Nafarroan antolatzen den lehendabiziko galdeketa zabala da, eta 24 herritan izango dute botoa emateko aukera. Dena den, igandekoak ez dira Nafarroako lehendabiziko galdeketak izango.

Izan ere, 2014ko apirilaren 13an Etxarri Aranatzen egin zuten galdeketa —Euskal Herriko lehendabizikoa izan zen—, eta iazko azaroaren 27an, berriz, Bakaikun. Biak ala biak, Sakanako eskualdean. Etxarri Aranatzen, 851 pertsonak erantzun zioten «Nahi al duzu Euskal Herri independente bateko herritarra izan?» galderari. %94,47k baiezkoa eman zuten, %42,76k hartu zuten parte. Bakaikun, berriz, «Herri independente bateko herritarra izan nahi duzu?» galdera egin zuten, eta parte hartzea %65,77 izan zen. Bozka eman zuten 194 pertsonetatik 156k baiezkoa eman zuten.

Nafarrok burujabe lelopeaniragarri zituzten Iruñeko Kondestablearen jauregian ekainaren 18an herritarrei plazaratuko zaizkien galderak, eta erabakitzeko borondatea «Nafarroaren muinean» sentitzen dutela azaldu zuten galdeketak egingo diren bost eskualdeetako taldeetako kideek. Galdeketetan parte hartzeko deia egin zieten antolatzaileek herritarrei, Nafarroa «hobea, askea eta berdintasunezkoa» lortzeko baliabide guztiak euren esku izan nahi dituztelako etorkizunean: «Aukera ezin hobea da herritarren nahia adierazteko, erabakitzen hasteko. Elkarrekin etorkizuna eraikitzen lagunduko dutelakoan gaude».

Etxarri Aranatzen lehendabiziko galdeketa egin ostean, Euskal Herriko beste 142 herritan egin dituzte galdeketak. Hala ere, galdeketen olatua Nafarroara iritsi gabe zegoen. Ekainaren 18an izango dute aukera. Nafarrak ere erabakitzera doaz.

OLATZ DORAI

Basaburuko arduraduna

«Eztabaidatu ezin zen zerbaiti buruz hitz egitea lortu dugu»

Basaburua eskualdeko galdeketa Jauntsaratsen egingo dute. Hamabi herri batzarretako biztanleek izango dute parte hartzeko aukera, igandean jarriko diren hautetsontzietan edo aurretiazko botoaren bitartez. Eskualde txikia izanik, Imozko eskualdeko lantaldearekin batera garatu dute galdeketa Basaburuan.

Bi eskualdeetako galdera bikoitzak oinarri berbera du. «Nahi al duzu Nafarroako herritarrok gure etorkizuna aske erabakitzea?» izango da lehen galdera, eta, baiezkoa bada, bigarrena: «Nahi al duzu Euskal Herri burujabe bateko basaburutarra izan?». Olatz Dorai Basaburuko Gure Esku Dago-ko arduradunak dio Nafarroa eta Euskal Herria terminoak erabili nahi izateak bi galdera proposatzera behartu zituztela: «Bi terminoak sartu nahi izateak konplexuagoa egiten zuen eraketa. Ez genuen argi ikusten galdera bakar batean sartzeko aukera».

Azkenean, bi galdera planteatzea erabaki zuten, «argiagoa» zelako, eta parte hartzera jende gehiago erakarriko zuelako. «Bi galdera eginda, lortu dezakegu bigarren galderari ezezkoa emango dion jendea ere etortzea, gure bailaran ere badagoelako jendea Euskal Herri burujabe bateko herritarra izan nahi ez duena», esan du Doraik.

Ekitaldi handietan baino, etxez etxeko lanean oinarritu dira Basaburuko eta Imozko lantaldeak. Galdeketa martxan jartzeko sinadura bilketari dagokionez, emaitzekin oso pozik geratu zirela esan du Doraik: «Gutxienez erroldatuen %10 behar genuen, eta %41,2 lortu genuen. Pentsatzen dugu jendea ilusioarekin dagoela, hori ikusi dugu informazioa banatu dugunean. Orain, espero dezagun jendeak galdeketan parte hartzea».

Galdeketari hauteskundeen itxura emateko, Jauntsaratsen egingo dute. «Hauteskundeak egiten direnean, Jauntsaratsen bozkatzen da. Seriotasuna eta zilegitasuna eman nahi genion galdeketari. Horretarako, eta eskola publikoan egitea posible ez dela kontuan hartuta, eskolako aparkalekuan jarriko ditugu hautetsontziak», azaldu du Doraik.

Galdeketa egiteaz gain, bigarren mailako helburu batzuk zituztela nabarmendu du: «Herritarren artean horrelako egitasmo bat martxan jartzeko gai ginen ikusi nahi genuen. Eztabaidatu ezin zen zerbaiti buruz hitz egitea lortu dugu. Eta, gainera, duela urte batzuk bozkatzera etorriko ez liratekeenak hurbiltzea lortu dugu».

ALAZNE FDZ. DE MUNIAIN

Imozko arduraduna

«Denon artean beste zerbait eraikitzeko aukera izan da»

Imotz eskualdeko galdeketan Basaburuko galdera berberak erabiliko dituzte. Etxalekun egingo dute galdeketa, eta 370 imoztarrek parte hartu dezakete. Basaburuan bezala, Imotzen ere etxez etxeko lana izan da oinarrietako bat. «Bailara astintzeko aitzakia ere izan da. Bakoitza bere mundutik atera, eta denon artean beste zerbait eraikitzeko aukera izan da», esan du Alazne Fernandez de Muniain Imozko Gure Esku Dago-ko arduradunak.

Etxez etxeko lana egiten ari zirela, «denetarik» aurkitu dutela dio Fernandez de Muniainek: «Imotz Nafarroa bezain plurala da. Adineko jende dezenteri ez zaio gaia sobera interesatzen, eta esan izan digute gazteen kontua dela». Hala ere, galdeketa horren zain aspaldidanik zegoen jendearekin ere topo egin dute.

Fernandez de Muniainen hitzetan, ezjakintasuna izan da, komunikazioarekin batera, Imozko taldeak izan duen zailtasun nagusietako bat: «Sentsibilitate politiko guztietako jendeari irekita dagoen egitasmoa bada ere, jendeak badaki nondik datorren. Bailararen zati handi baten babesa jaso dugu, baina ez gehiengoarena».

Sinadura bilketan lortutako %40arekin pozik zeuden, eta galdeketan gutxienez datu horiek berdintzea espero du Fernandez de Muniainek. Aurretiazko botoei erreparatuta, imoztarren %10-15 inguruk eman du jada botoa.

AITOR IRASTORTZA

Lekunberri-Larraungo arduraduna

«Garrantzitsua da galdeketak utzikoduen fruitua»

Mendialdean ere bi galderen aldeko hautua egin dute. «Nahi al duzu Nafarroako herritarrok gure etorkizun politikoa modu askean erabakitzea?» izango da lehen galdera, eta baiezkoa bada, bigarrena: «Nahi al duzu Euskal Herri libre bateko herritarra izan?».

Galdera osatzeko, Mendialdea barneko zona bakoitzak bere galdera asmoak eraman zituela dio Aitor Irastortza Lekunberri-Larraungo Gure Esku Dago-ko arduradunak: «Galdera baino, galderan ezinbestekoak ziren elementuak zehaztu genituen. Asmoa genuen ateratzen ziren proposamenak bozkatzeko, baina mendialdean aho batez onartu zen lehendabiziko galdera bikoitzaren proposamena».

Jende gehien erakartzen zuen galdera eratzen saiatu zirela dio Irastortzak, bi pausotan: «Lehenengoan, nafar izaerari garrantzia eman zaio, eta, bigarrenean, metagarria izaki, Euskal Herriari».

Hala, parte hartze «handia» lortuko dutela espero du Irastortzak: «Nafar gisa erabaki nahi dutenak eta Euskal Herri libre batean bere burura ikusten ez dutenak biltzea ere posible da».

Sinadura bilketari dagokionez, %20tik gora lortu da Mendialdean. Lekunberrin, esaterako, %20tik gorakoa izan da, eta Larraunen %30tik gorakoa. Datuak alde batera utzita, Irastortzak dio jendea «ilusioarekin» ikusten duela: «Orain arte, jendeak erantzun du. Aurretiazko bozketarekin ibili gara, eta gure ilusioak ere gora egin du».

Irastortzaren ikuspuntutik, aurretiazko botoa ezinbestekoa izan da hamazazpi herri txikiz osatutako Larraungo ibarrean: «Galdeketa Lekunberrin egingo da, eta asko ezin izango dira ekainaren 18ko ekitaldira joan». Parte hartzearen lehendabiziko datuak ere eskuartean dituzte, eta jada Larraungo biztanleen %15ak bozkatu du. Hori horrela, espero dute sinadura bilketan lortutako parte hartzea berdintzea.

Proiektuaren ezagutza faltarekin ere harriturik daudela esan du Irastortzak:«Banan-banan joan garenean, ohartu gara jendeak uste duela dinamikaren atzean beste zerbait dagoela. Erabakitzeko eskubidea bultzatu nahi dugu, ez dago misteriorik».

Galdeketa antolatu ez ezik, etorkizunerako Mendialdeako jendearen ilusioa piztu eta indarra ateratzea ere helburuak direla dio Irastortzak: «Galdeketa hau bukatuko da, eta garrantzitsua da horrek utziko duen fruitua».

PATXI CASTILLO

Bortzirietako arduraduna

«Adineko jendea erakartzeko, zailtasun gehiago izan ditugu»

Hilabete bateko hausnarketa egin ondoren, Bortzirietan galdera bakarra prestatu dute ekainaren 18rako: «Nafar gisa, Euskal Herri burujabe bateko herritarra izan nahi duzu?». Patxi Castillo Bortzirietako arduradunaren esanetan, nafartasuna eta euskalerritartasuna uztartu nahi zituzten galdera bakarrean: «Bi galderarekin, jendeak parte hartzeari uko egingo ziola pentsatzen genuen. Galdera bakar batekin, erantzuna oso garbia da. Arre edo so, azken finean».

Beste eskualdeetan egin bezala, galdeketaren aurreko asteburuetan hainbat ekitaldi egin dira Bortzirietan: Bideo katea, mosaikoa, Eman Bortzekoa egitasmoa. Ekitaldi horiek erabakitzeko eskubidearen aldeko animoak nola dauden neurtzeko balio izan dute. «Ikusi izan dugu jendea bozkatzera bai, baina beste ekitaldi batzuetara ez dela hainbeste animatzen. Adineko jendea erakartzeko, zailtasun gehiago izan ditugu», esan du Castillok.

Halere, Castillok dio «pozik» daudela erakarri duten jende kopuru eta askotariko profilekin, eta esperantza «handia» dela.

MIRIAM MENDIKUTE

Sakanako Gure Esku Dago-ko kidea

«Sinadura bilketako portzentajeak mantentzea espero dugu»

Sakanan, bederatzi herrik egingo dute galdeketa igandean, eta Etxarri Aranatzi eta Bakaikuri batuko zaizkie. Galderari dagokionez, prozedura ezberdina erabili dute. Izan ere, herri bakoitzak bere galdera prestatu du. Hala ere, Lakuntzak, Altsasuk eta Irañetak galdera bakar berbera prestatu dute azkenean: «Nahi al duzu Nafarroako herritarrok burujabeak izatea etorkizun politikoa erabakitzeko?».

Miriam Mendikute Sakanako Gure Esku Dago-ko kidearen arabera, lan egiteko era bat adostu zuten, baina, azkenean, herri bakoitzak bere galdera osatzea nahiago izan zuen: «Herrien artean ezberdintasunak handiak dira, eta horrek eragina du galdera bat aukeratzeko orduan».

Sakanako taldeak izan duen zailtasun handiena aurkezpenetara jendea erakartzea izan dela azaldu du Mendikutek: «Interes falta pixka bat sumatu dugu, baita gazteengan ere».

Sinadura bilketari dagokionez, nabarmentzekoak dira Urdiaingo eta Lakuntzako datuak, biak ala biak erroldatuen %50tik gorakoak. «Herri asko %30tik gora egon dira. Sinadura bilketako portzentajeak mantentzea espero dugu behintzat, edo printzipioz hori diote aurreikuspenek», esan du Mendikutek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.