Telesailak

Identitate sexualaren gazi-gozoak

Mae Martin komediagileak 'Feel Good' plazaratu du, bere bizitzan oinarrituriko telesail laburra

Harremanei buruzko telesaila da Feel Good, komedia kutsu batekin. BERRIA.
Mikel Yarza Artola.
2020ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
«Ez naiz mutila, ez naiz neska. Bien arteko bertsio bat naiz, porrot egin duena». Mae Martinen ahotan entzuten da esaldi hori Feel Good telesailean. Komediantea da Martin, eta, bere bizitzan inspiratuta, sei ataleko fikzio labur bat osatu du. Emakumeak ez ezik, gizonak ere gustuko ditu Martinek, baina ez du bere sexualitatea sailkapen zurrun bakarrera mugatu nahi. Gazte kanadarrak aurrez aurre izango ditu adikzioaren zama eta horrek eragiten dion antsietatea, baina ez soilik drogekin loturiko adikzioa, baita menpeko harremanei dagokiena ere. Txanponaren beste aldean, George dago, heteroarauaren testuinguru kulturalean hezi den emakumea. 30 urte betetzear da,eta ez du sexu harremanik izan azken bost urteetan, baina, Mae ezagutu, eta goitik behera aldatuko zaio egunerokoa. Bere burua onartzea izango du erronka nagusia, eta, ostera, sentipen berriak gertuko lagunei lotsarik gabe azaltzea.
Kontakizun zuzenaren alde egin du Martinek; telesailaren tonua eta estilo narratiboa bizi-biziak dira, eta etengabe bultzatzen dute korapiloa aurrerantz. Soinuaren erabilpena, berriz, ezin aproposagoa da emozioen karrusel horretako tentsiozko uneak azpimarratzeko. Eta mamiz beterikoak dira: elkarrizketak esaldi gutxirekin asko esaten duten horietakoak dira.Dramatikoak batzuetan, barregarriak beste batzuetan; arazoen alde argitsua islatzen dute, horiei bizkarra eman gabe.
Telesailak gogoeta plazaratzen du iraganeko harremanen inguruan ere. Aurrez izandako bizipenetatik zer eta nola garraiatzen da harreman berrietara? Eta zenbateraino eman beharko litzaioke iragan horren berri kide sentimental berriari? Martinek iradokitzen du sarritan zeinen hauskorra bilaka daitekeen bikotearen arazoak ulertu, onartu eta horien bueltan elkarbizitza sortzeko egindako ahalegina.
Begiradek, eskuen bidezko keinuek... gorputz komunikazioak aparteko garrantzia du zalantza eta desio horiek azaleratzeko garaian. Kezka sor dezake hitz okerren bidez min gehiago eragiteak; beldurra, berriz, harreman berria inguruko pertsonen iritziek baldintzatzeak.
Telesaila gai izan da afera delikatu horiei umorez eta entretenimenduaren ikuspegitik heltzeko, naturaltasunez, gainera. Negar egiteko moduko dramatik urrundu da; freskotasunerako eta ausardia tematikorako babesleku bilakatu da Feel Good. Eta, telesailaren izenburuari jarraikiz, ikuslea ongi sentiarazi du. Lorpen handia da hori.
Martinek badaki azken urteetan identitate sexualaren inguruko eztabaida gizarte osoan zabaldu eta norabide askotan aberastu dela, eta horretan eragin duten mundu mailako ikur batzuk txertatu nahi izan ditu telesaileko gidoian. Erreferentziak egin dizkie Ellen DeGeneres telebista aurkezle sonatuari eta 2017an gidoi onenaren Oscar saria eskuratu zuen Call Me by Your Name filmari.
Denboraldiko azken atalera iristerako, hartzailea ohartuko da bi ordu eta erdiko berehalako ikustaldian xurgatu duen telesailak zelako sakontasun dramatikoa duen eta zenbat gai korapilatsu lantzeko gai izan den. Betiere, irri egiteari utzi gabe.

'FEEL GOOD'
Sortzailea: Mae Martin.
Aktoreak: Mae Martin, Charlotte Ritchie, Phil Burgers, Ramon Tikaram, Lisa Kudrow.
Herrialdea: Erresuma Batua.
Urtea: 2020.
Non ikusi: Netflix.
Atal bakoitzaren iraupena: 25 minutu.
Generoa: Komedia. Drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.