Emilio Silva. ARMH elkarteko presidentea

«Gobernuak ez du jokatu irmotasunez»

EDUARDO OYANA / EFE.
jokin sagarzazu
2019ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Franco Erorien Haranetik kanporatzeko erabakiarekin «pozik» daude ARMH Memoria Historikoa Berreskuratzeko Elkarteko kideak. Hala ere, aztertzen ari da Espainiako Estatua auzitara eramatea baldin eta gobernuak azkenean «lurzoru publikoan» hobiratzen badu diktadorea.

Zer balorazio egiten duzue Auzitegi Gorenaren epaiari buruz?

Gorenak erabaki hau hartzea logikoa iruditzen zaigu. Nabarmena da demokratikoki aukeratua izan den gobernu batek gisa halako erabaki bat hartzeko eskumena izatea; hain zuzen ere, zilegitasun osoa duelako erabakitzeko zer eduki nahi duen eta zer ez bere jabetza diren tokietan—eta hori da Erorien Haranaren kasua—.

Prozesua zuek espero zenuten bezalakoa izan da?

Sinbolikoki, gobernuak Francori esan dio handik irteteko. Indar handia du irudi horrek, baina prozesu hau deitoragarria da. Gobernuak hanka sartze batzuk egin ditu, eta, bereziki, zalantzak agertu ditu hainbatetan, ez du behar besteko irmotasunez jokatu. Besteak beste, justiziaren esku utzi du azken hitza.

Gobernuak bestela egin zezakeela uste duzue?

Jakina. Orain, itxaron behar dugu ebazpeneko argudioek [datozen egunetan kaleratuko dira] zer esaten duten. Lurpetik ateratzea baimendu du epaimahaiak, baina badago beste kontu garrantzitsu bat argitu behar duena, gorpuzkiei eman behar zaien kokapenari buruzkoa. Gobernuak El Pardo-Mingorrubioko hilerrira eraman nahi ditu. Gure ustez, horrek ez luke arazoa konponduko. Diktadore baten gorpuzkiak ezin dira zaindu diru publikoarekin. Ea zer dioen Gorenak.

Zergatik ez zaudete ados gobernuak proposatutako tokiarekin?

Urteak daramatzagu eskatzen Franco Erorien Haranetik ateratzeko. Baina gure argudio nagusienetako bat beti izan da diktadore baten hilobia ezin dela finantzatu diru publikoarekin. El Pardo-Mingorrubioko hilerriko lurrak estatuarenak dira. Diktaduran desagertuak bilatzeko dirurik eman ez duen gobernu batek dirua eman du toki hori egokitzeko. Familiak han duen hilobia mausoleo bat da. Izugarria da demokrazia batek dirua ematea diktadore baten mausoleo bat egokitzeko.

Eta Gorenak ez badu ezer esaten horri buruz, zer egingo duzue?

Auzitara jotzea da aukeretako bat, Espainiako Estatuaren aurka. Diktaduran desagertutako baten iloba naiz, eta ez dut nire zergekin ordaindu nahi diktadore baten hilobia, estatu batek horretara behartzea nau ni. Estatuak berak defendatu beharko luke gu defendatzen ari garena.

Besterik espero duzue epaileenargudioetatik?

Epaileen aldetik espero dugu autokritika moduko bat: azken autoan esaten diren gauza batzuk zuzentzea. Ebazpen horretan, zilegitzat jotzen zuten 1936ko uztailaren 18ko estatu kolpea. Izugarri larria iruditzen zaigu demokrazia bateko epaitegi batek esatea estatu kolpe bat zilegi dela. Hori zuzentzea eta horri buruzko gogoeta bat ere espero dugu ebazpenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.