Getaria eta Zumaia, liga irabazteko bidean

Beste bandera bana irabazi dute Getarian, Gipuzkoako Ligan Zumaiak eta KAE 1ean Getariak.Tarteak handitu dituzte sailkapen nagusian

Getariako ontziko arraunlariak, atzo, beraien herrian jokaturiko KAE 1 ligako estropadan. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
Getaria
2015eko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Erabakigarria zetorren atzo Getariako estropada, eta, azkenean, halaxe izan zen. Gipuzkoako Ligan, Zumaiak berretsi egin zuen nagusitasuna, eta Getariak gauza bera egin zuen KAE 1 ligan. Seigarren bandera astindu zuten Zumaiako emakumezkoek, eta laugarrena Getariako gizonezkoek.

Zumaiak berehala uxatu nahi izan zituen aurreko asteburuko zalantzak. Orduko bi estropadetan, San Juanek irabazi egin zion, eta Euskotren ligako lehen postua kendu. Estropada hasi orduko jarri zen buruan, eta atzean utzi zituen Orio, San Juan eta Hibaika. Aise bota zituen aurkariak, eta atzoko garaipenak asko balio dio Gipuzkoako Liga irabazteko, San Juan bigarren sailkatuari beste bi puntu atera baitzizkion. Sei ditu alde orain.

Beste bi atera zizkion, Orio sartu zelako bien artean. Lan bikaina eginez, bigarren bukatu zuen, Zumaiatik hamasei segundora. San Juan 22ra heldu zen, eta Hibaika, 32ra. Ligako sailkapeneko beste albistea izan zen Oriok Hibaika harrapatu duela hirugarren lekuan.

Gizonezkoen lehian, Getaria jarri zen buruan azken txandan, lehia hasi eta berehala, baina Zumaiak estu hartu zuen. Lau segundorena izan zen alderik handiena, eta lehen luzean gertatu zen hori. Hortik aurrera, hiru segundorena izan zen tartea gehienean, eta bukaeran ere hala sartu ziren bi taldeak. Atzerago heldu ziren Isuntza, hamasei segundora, eta Ondarroa, 23ra. PedreƱak egin zuen hirugarren denborarik onena, eta Deustuak bosgarrena, biak ala biak bigarren txandako ontziak. Sailkapen nagusian bi ondorio daude: Getariak tartea zabaldu du, eta Zumaia puntu batera gerturatu zaio Ondarroari.

Espainiako Txapelketa, gaur

Euskal Herriko lau talde joan dira Espainiako Txapelketara, eta laurak ariko dira irabazteko lehian, gaur, Castro Urdialesen (12:00). Kaiku, Hondarribia, Urdaibai eta Orio izango dira lau talde horiek, atzo lortu baitzuten sailkatzea. Astillero kanpoan geratu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.