Monarkia

Berriz ere bidegurutzean

2017ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Aurreko errejimenaren inposizio baten emaitza da monarkia —ez da inoiz erreferendumik egin instituzio horri buruz—. Ezkerrekoek eta abertzaleek baztertu zuten diktadura aurreko erregimen errepublikanoa, eta frankistek, berriz, diktadoreak hil aurretik berrezarri asmo zuen sistema monarkikoa —baina hark ezarritako erregea mantendu zuten—: negoziazio horien emaitza izan zen monarkia parlamentarioa.

2014an, Juan Carlos I.a Borboikoaren abdikazioak dardarka jarri zuen 1978ko erregimeneko oinarrietako bat den erakunde hori. 1980ko eta 90eko urteetan Espainian babes zabala zuen instituzio hori krisian sartu zen, urteen poderioz erregearen beraren bizitza pribaturekin loturiko aferengatik eta senideekin loturiko ustelkeria kasuengatik, bereziki. Felipe semeak kargua hartu izanak baretu egin zituen errepublikaren aldeko hotsak.

«Gaur egun, instituzioa ez dago ezbaian. Haren irudia agian bai. Baina Kataluniakoak kalte handia eragin diezaioke aurrera begira», dio Castellsek. Iritzi berekoa da Perez Royo. «Sistemak ez badu orain arte eztanda egin, monarkiarengatik izan da. Baina Kataluniako krisiak erregea harrapatzen badu, akabo monarkia eta beste dena». Eta Castells, konstituzioak erregeari ematen dizkion ahalmenetako bat gogora ekarriz: «Eta ez ahaztu hura dela Espainiako armadaren burua».

Legediaren arabera, baina, erregeak jarrera neutrokoa eta bitartekari —«epaile»— izan behar du estatuko aferetan. Nolanahi den, hori ezbaian jarri dute hiru juristek, eta adibide gisa jarri dituzte, besteak beste, Juan Carlos I.ak 1981eko otsailaren 23ko militarren estatu-kolpe asmoaren aurrean agertutako jarrerak eta «izandako erantzukizunak» eta orain Felipe VI.enak Kataluniarekiko har ditzakeenak. «Hori historikoa da, patologikoa, borboitarrengan. Espainiako monarkiak aukeratu behar izan duenean, beti egin du bat indar erreakzionarioekin eta eskuin muturrekoekin», azpimarratu du Castellsek. «Lehenago edo beranduago, kalte handia eragingo dio horrek».

Casañasek ere uste du monarkiaren rola ezbaian geratzen ari dela Katalunian gertatzen ari denarekin. Erresuma Batuko erreginak Eskoziako erreferendumean hartutako jarrera jarri du horren parean. «Neutral mantendu zen, eta, erreferendumaren ostean, adiskidetzerako deia egin zuen. Izan daiteke, noski, independentziaren aldekoek erregina etxearekin harremanak ez haustea proposatzen zutelako; baina horrek ere agerian uzten ditu gauza asko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.