Eibarrek ezin izan du Atletico Madrilen aurka

Aitor Manterola Garate.
2020ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Eibarrek galdu egin zuen atzo, etxean, Atletico Madrilen aurka, Lehen Mailako bosgarren jardunaldian: 0-1. Ligako talde indartsuenetakoa joan zitzaion bisitan Unbe zelaira, eta bi aurkarien artean dagoen alde agerian geratu zen. Txapelketa irabazteko hautagaietako bat da Espainiako hiriburuko taldea, eta mailari eustea du helburutzat Eibarrek. Jokatzeko moduan ere nabarmendu zen bien arteko ezberdintasuna: kanpotarrak baloiaren jabe egin ziren, eta kalitate teknikoa eta taktikoa erakutsi zuten. Etxekoak atzean sartu ziren, atzeko bost jokalarirekin, zelai-erdiko laurekin, eta Adule aurrelaria bakar-bakarrik zela aurrean.

Baten joko landua, eta bestearen bertikaltasuna jarri ziren parean atzo. Bereari etekina atera zion Atletico Madrilek, ez ordea, Eibarrek. Halako aurkari handi baten aurka jokatzean egin ezin daitekeen huts larri bat egin zuen, gainera, Iker Dorronsororen taldea: geldikako jokaldian jaso zuen aurreneko gola. Partida hasi eta hamabosgarren minutuan ateratako korner batean, Van Dongenek bakar-bakarrik egin zuen errematea buruz. Golak ez zuen aldatu bi taldeen estrategia. Etxekoek atzean sartuta segitu zuten, baloia berreskuratu eta ahalik eta azkarren gora botatzeko, Adulek mirari baten antzekoa egin zezan, bakar-bakarrik zelako kanpotarren atzelarien artean. Atleticok baloia edukitzen jarraitu zuen, eta hegalak baliatu zituen Ludmila aurrelari bizkorraren bidez. Bi taldeek ez zituzten gol aukera garbiak sortu golaren ondotik.

Bigarren zatian, ez zen asko ladatu partida azkenera arte. Orduan hasi zen Eibar gehiago azaltzen Atleticoren areara, baina ez zuen aukera garbirik sortu, eta sasoiko bigarren partida galdu zuen.

Athletic-Madril (2-0)

Athleticek ere atzo jokatu zuen, eta Lezaman, nagusi izan zen Madrilen aurka. 2-0 irabazi zuen Angel Villacamparen taldeak, Lucia Garciak 42. minutuan eta Maria Diazek 73.ean sarturiko golei esker. Hirugarren garaipena da zuri-gorrientzat, eta Atletico liderrak baino bi puntu gutxiago ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.