Warriors eta Cavaliers: final bera NBAn laugarren urtez jarraian

Imanol Magro Eizmendi.
2018ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Golden State Warriorsek eta Cleveland Cavaliersek NBAko finala jokatuko dute laugarren urtez jarraian. Final bat hainbestetan errepikatzen den lehen aldia da ligaren historian. Cleveland duela hiru egun sailkatu zen, eta Warriorsek herenegun lortu zuen sailkatzea, Houston Rocketsi 92-101 irabazita (4-3).

Mendebaldeko Konferentziako finaleko azken partida Houstonen jokatu zen, eta, hala ere, Warriorsek behetik gora eginda irabazi zuen. Hemezortzi puntugatik galduz joan zen, eta atsedenaldian Rocketsek 11 punturen aldea zuen (54-43). Partidako gakoa, dena den, etxekoek hirukoetan izandako egun eskasa izan zen, eta hori gabezia handia da kanpoko marratik gehien jaurtitzen duen taldearentzat. Houstonek 44 hiruko bota zituen, eta zazpi bakarrik sartu. Hogeita zazpi huts jarraian kateatu zituzten.

Finalera begira, Warriors da faborito handia. Iaz txapeldun izan ziren, eta aurretik Clevelanden aurka jokaturiko hiru finaletatik bi irabazi dituzte. Apustu etxeek dena neurtzen dute gaur egun, eta hamasei urte dira finaletan ez zegoela Warriors hauek bezain faborito garbirik. Finaleko beste datua Lebron James Clevelandeko izarrarena da, zortzigarren urtez jarraian ariko baita finalean.

Finaleko lehen partida ostiral goizaldean jokatuko da (03:00), eta bigarrena, astelehen goizaldean (02:00). Lehen bi partidak Oaklanden jokatuko dira, eta hurrengo biak, Clevelanden. Hortik aurrerakoetan, hiriak txandakatu egiten dira: Oakland, Cleveland eta Oakland. Warriorsek ligan gehiagotan irabazi zuelako du abantaila hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.