Adolfo Rey. FVEMeko kudeatzailea

«Eragin orokorreko itun bat egin nahi dugu, hobeto lehiatzeko»

FVEM.
xabier martin
2019ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Krisiaren «motxila» enpresetan oraindik asko nabaritzen dela dio Adolfo Rey metaleko elkarteko kudeatzaileak.

Urte asko dira sektoreko itunik gabe metalgintzan. Ez da akordio bat egiteko garaia?

Bai noski. Sektoreko enpresen %70 inguruk enpresa itun bat dute, dena den, baina egia da 2008-2011ko hitzarmenaren barruan badaudela langile batzuk, eta haren aurreko hitzarmenean gutxi batzuk ere bai. Gure asmoa da eragin orokorreko itun bat egitea, Bizkaiko langile guztiek eta Bizkaira datozen kanpotarrek ere lan baldintza berak izan ditzaten. Horrela ez bada, beti dago arriskua gure enpresei lehia desleiala egiteko. Guretzat arazo bat da ez egotea itun bat, argi esan nahi dut. Ez dugu eragotzi nahi langileek lan baldintza duinak edukitzea, sindikatuek dioten moduan. Saihestu nahi duguna da lehia desleiala.

Negoziazio mahaiko bilerara noiz deituko duzuen zain daude sindikatuak. Noiz deituko duzue?

Aztertzen ari gara egoera oraindik, baina elkartuko gara, noski. Baina jakin behar da gure proposamena zazpi aldiz aldatu dugula, soldatei begira. Genero berdintasunaren alde ez gaudela esaten digute. Ez da egia. Ez ditugu ulertzen salaketa horiek. Eragin orokorreko itun baten alde lanean jarraituko dugu: horrek dauka garrantzia.

Ituna egiteko, negoziatu egin behar da. Jarrerak oso urrun begi tantzen dira, ordea?

Enpresek lehiarako baldintza jakin batzuk eduki behar dituzte Euskaditik kanpoko enpresekin ere lehiatu ahal izateko. Lehiakortasunari eragozpenak jartzen hasten bagara, enpresak ixten hasiko dira.

Euskal langileak Burgoskoen pareko soldatekin nahi dituzue, Euskal Herrian bizitzea garestiagoa dela alde batera utzita?

Zalantzarik gabe, hemen beste errealitate bat dago, baina soldata onenak hemen daude, baita lanaldi onenak ere. Eta gogoratu nahi dut Bizkaia dela absentismo handiena duena Espainian.

Alferrak ote dira Bizkaiko langileak?

Ez naiz hori esaten ari. Baina argi dagoena da enpresa lehiakorrak behar ditugula. Bestela, zaila izango da enplegua sortzen jarraitzea.

2017. eta 2018. urteak onak izan direla dio FVEMk, eta aurreikuspenak ez dira txarrak 2019rako. Lagunduko du horrek akordio bat egiteko, ezta?

Bai, baina gu gatozen lekutik gatoz, krater batetik. 2008tik 2017ra 300 bazkide galdu ditu elkarteak, krisiak aurrean eramanda. Motxila izugarria dugu oraindik gainean. 15.000 enplegu galdu dira urteotan, sektorean, eta 5.000 baino ez ditugu berreskuratu. Lehiakortasuna behar dugu enplegu gehiago sortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.