Koronabirusa

Sanchezek ate bat ireki dio aurki kirola egiteko irteerak baimentzeari

Datorren larunbatean izango litzateke, baldin eta datozen egunetan bilakaera «egokia» bada

Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua, atzo, Madrilen egindako agerraldian. EFE.
gotzon hermosilla
2020ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Aurreko asteetako ohiturarijarraikiz, azken orduko agerraldia egin zuen atzo iluntzean Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezek, eta iragarpen bat egin zuen: COVID-19aren pandemiaren bilakaera «positiboa» baldin bada eta konfinamendua arintzeko lehenengo neurriak —umeei paseatzera ateratzeko baimena emateak— aparteko arazorik ekartzen ez baditu—, bigarren neurri bat proposatuko du, eta maiatzaren 2tik aurrera atea zabalduko diote «banakako jarduera fisikoa egiteko, eta gurekin bizi diren pertsonekin batera paseoak emateko» irteerak egiteari.

Hala ere, «zuhur» agertu zen, eta baldintzak jarri zituen neurri hori eta aurrerago etor daitezkeenak indarrean jarri ahal izateko: ospitaleetako egoerak hobera egitea eta «osasun sistemaren gaitasuna» ziurtatzea, izurriaren inguruko informazio egokia izatea, kutsatzearen iturriak ondo identifikatuta edukitzea eta herritarrek arauei jarraitzen dietela bermatzea. Esan zuenez, Osasun Ministerioak hartuko du erabakia, eta datorren astean emango ditu horren inguruko xehetasunak.

«Normaltasun berrira» igarotzeko trantsizioaz ere hitz egin zuen Sanchezek, Madrilen. Iragarri zuen gaur bertan bilera telematikoa egingo duela estatuko autonomia erkidegoetako presidenteekin horretaz berba egiteko, eta trantsiziorako plangintza astearteko ministro kontseiluan onartuko dutela. Horren aurkezpena ere asteartean egiteko asmoa du Espainiako presidenteak.

Trantsizio horretaz ez zuen xehetasun handirik eman, baina iragarri zuen «mailakatua» izango dela, «asimetrikoa» lurraldeei dagokienez, eta koordinatua.

Lankidetza eskatu du

Azken ezaugarri hori nabarmendu nahi izan zuen Sanchezek: onartu zuen izurriaren hedadura desberdina izan dela Espainiako Estatuaren menpe dauden lurraldeetan, baina ohartarazi zuen administrazioaren maila guztiek «elkar hartuta» eta «lankidetza estuan» aritu beharko dutela prozesu horretan. «Ez da egokia lasterketa batean sartzea, normaltasunera lehenengo nor iritsiko», esan zuen.

Sanchezek ez zion data zehatzik jarri trantsizio prozesu edo «bigarren etapa» horri, baina aurreratu zuen maiatzaren bigarren erdialdean izan daitekeela. Presidenteak esandakoaren arabera, «garaipena» soilik iritsiko da koronabirusaren kontrako txertoa edo sendabidea topatzen denean, «eta horretarako oraindik hilabete batzuk falta dira». Baina hori iritsi bitartean, «garaipen partzialak» lortzea posible da, haren ustez, eta azkeneko egunetako datuak eta umeeen konfinamendua arintzeko aste honetan bertan hartutako neurriak jarri zituen horren adibidetzat. Azken horretaz, «arauak aintzat hartzearen garrantziaz» ohartarazi zien umeen guraso eta arduradunei.

Edonola ere, Espainiako gobernuburuak nabarmendu zuen «bigarren fasea» ere «arriskuz beterik» egongo dela, eta zuhurtasunerako deia egin zuen: «Asko kostatu zaigu honaino iristea. Orain arte lortutakoa ezin dugu arriskuan jarri, eta zuhur jokatu behar dugu», esan zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.