Kopako hutsa ahaztera

Bartzelonaren pabiloian jokatuko du Baskoniak gaur Euroligako partida. Irabaziz gero, lehen zortzien arten sendotuko dira arabarrak

ainara arratibel gascon
2019ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Oso aldarte desberdinean diren bi talde ariko dira gaur nor baino nor gehiago Palau Blaugranan, Euroligako 23. jardunaldian (21:00): Bartzelona eta Kirolbet Baskonia. Arabarrek kolpea jaso zuten aurreko astean, lehen norgehiagokan Joventuten kontra galdu eta Espainiako Kopatik kanpo geratu eta gero. Bartzelonak, aldiz, titulua lortu zuen, Real Madril mendean hartuta, eztabaidaz betetako partida amaiera batean. Hortaz, esne mamitan dago.

Atzo egindako agerraldian, Baskoniako entrenatzaile Velimir Perasovicek onartu zuen «ezustea» izan zela Joventuten aurka galtzea. «Min handia eman digu. Ez ginen batere ondo aritu; batez ere, defentsan. Baina Kopa jada iragana da, eta geratzen zaizkigun bi txapelketetan dena emango dugu». Hain zuzen ere, gaurko partida oso garrantzitsua da Baskoniarentzat, Euroligako liga erregularra lehen zortzi postuetan sendotzeko.

Euroligako azken bost partidetatik lau irabazi ditu Baskoniak; azken biak, Bayern Munich eta Armani Milan aurkari zuzenen kontra. Hala, Perasovicen taldea zortzigarren dago sailkapenean, 11 garaipen eta 11 porrotekin. Emaitza bolada on horri eutsi nahi diote arabarrek; baita Palaun jokatuko dituzten Euroligako azken partidetan izan dutenari ere. Izan ere, 2013-2014ko sasoitik ez dute partidarik galdu han.

Irabaziz gero, Bartzelonarengandik garaipen batera jarriko da Baskonia —kataluniarrek hamahiru dituzte, eta bosgarren daude—. Gainera, atzetik dituen bi taldeek, Armanik eta Maccabik, elkarren aurka jokatuko dute gaur, Italian. Beraz, hor ere ireki dezake zuloa. Sailkapeneko postu horietan berdintasuna horren handia izanda, puntuen aldea zaintzea ere komeni zaio Baskoniari. Lehen itzulian zazpi puntugatik irabazi zuen Bartzelonak Buesa Arenan: 70-77.

Duela urtebete Svetislav Pesic aulkira itzuli zenetik, gora egin du Bartzelonak, eta berriro ere Euroligan lehiakor izatea lortu du. Hobekuntza hori batez ere defentsan oinarritu du, Euroligako etxeko partidetan 71,8 puntu baino ez baititu jaso, batez beste.

«Oso lehiakor» izan beharra

Hori kontuan hartuta, Perasovicek argi du ez dela neurketa erraza izango: «Bartzelonak oso talde zabala dauka, goi mailako jokalariz beteta. Oso oldarkor jokatzen du, eta uztaipean indar handia dauka. Gainera, Kopa irabazi eta gero, konfiantzaz egongo da. Ligan ere irabazi ziguten. Partida osoa lehiakorra egin beharko dugu irabazteko».

Pangos, Tomic, Seraphin, Claver, Hanga... Asko dira sasoian nabarmendu diren Bartzelonako jokalariak. Baina azken asteetan Heurtel ari da ondoen. «Puntu asko sortzen ditu, eta ondo zaindu beharko dugu». Ikusteko dago, gainera, Pesicen taldea nola indarberritu den Kopako finalean eginiko ahaleginetik, luzapena jokatu behar izan baitzuen.

Gaurko partidarako, azken asteetako jokalari berberak faltako ditu Baskoniak. Garinok senda-agiria jaso du, baina gaur ez da ariko, Perasovicek azaldu zuenez: «Egun eta erdi baino ez darama entrenatzen, eta nahiago dugu zuhurrak izan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.