Izar Gorria 63. Baskonia 70

Lokatzetan ere ondo moldatu da

Baskoniak defentsa lanari esker irabazi dio Izar Gorriari. Argi jokatu du azken laurdenean. Partida motela izan da, etenaldi askokoa

Imanol Magro Eizmendi.
2016ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Izar Gorria MTS Belgrad. Jenkins (9), Jovic (7), Dangubic (7), Mitrovic (4), Kuzmic (3)—hasierako bostekoa—, Lazic (3), M. Bjelica (7), Simonovic (11), Guduric (12) eta Wolders.

Baskonia. Larkin (16), Beaubois (16), Hanga, Tillie (3), Voigtmann (11) —hasierako bostekoa—, Luz, Xeengelia (6), I. Diop (4), Budinger (7), Blazic (7) eta Akognon.

Markagailua. 15-22, 28-37;48-59, 63-70,.

Epaileak. Zamojski, Papapetrou eta Balak. Ez zuten inor kanporatu faltengatik.

Bestelakoak. 16.578 ikusle Kombank Arenan.

Ez zen lore jokoetarako eguna. Belgraden atzo ez zeuden joko koloretsu eta alaia egiteko. Zaleek Kombank Arenako tenperatura igo zuten, epaileek txistu kontzertua eman zuten, eta bi taldeek huts asko egin zituzten. Distira gutxiko partida izan zen, talde gogor eta argientzako aproposa, eta hain erritmo geldoan Baskonia Izar Gorria baino gehiago izan zen. Defentsa lanari esker lortu zuen Euroligako ligako hirugarren garaipena, eta puntuak behar izan zituenean Larkin eta Beaubois agertu ziren, hamaseina sartuz. Garaipen honekin Baskonia Euroligako lehen zortzien artean dago, eta kontuan hartu beharreko taldea dela erakusten ari da.

Izar Gorriak eta Baskoniak partida itsusia jokatu zuten. Estua eta gogorra bai, baina oso erritmo gutxikoa. Bi taldeen artean berrogei baloi galdu zituzten eta epaileek berrogeita hamar falta adierazi zituzten. Defentsek gaina hartu zioten erasoei, eta jaurtiketa batez bestekoak txikiak izan ziren. Lokatzetan jokatu zuten bi taldeek, saskiratze bakoitza gola bailitzan ospatzen, eta amaiera estuan Baskonia trebeagoa izan zen.

Partida arraro hasi zen, lehen jokaldian epaileen erabaki batek Sito Alonso sutu eta Adam Hangari akta sinatzeko eskatu zion. Kapitainaren sinadura behar da protesta egiteko. Alonsoren mezua zen epaileei: kanpoko taldea gara, baina ez gara kikilduko. Protesta askoko partida izan zen. Alonso, halere, oso pozik zegoen bere jokalariek lehen bi laurdenetan eginiko lanarekin. Defentsa handia egin zuten, oso goian estutu eta pase lerroak mehatxatuz. Hainbat pase moztu zituzten eta Izar Gorria baloiak galtzera behartu zuten. Horren ondorio, Baskonia bederatzi puntuko aldearekin iritsi zen atsedenaldira (28-37).

Partida bide onetik zihoan, baina Izar Gorriaren erreakzioak iritsi beharra zeukan. Hirugarren laurdenean jokoa bizitu egin zen, eta hori etxekoen mesederako zen. Belgradeko taldeak hiruko marra aurkitu zuen, eta Baskoniak Larkinen bitartez erantzun. Antolatzailea izan zen onena, puntuei sei asistentzia eta lapurturiko lau baloi gehituz. Gasteizko taldea 11 puntuko aldearekin iritsi zen azken laurdenera (48-59, 30. min.), baina faltaz josita. Xengeliak, Tilliek, Beauboisek, Diopek eta Budingerrek lau faltarekin bukatu zuten partida. Hori da defentsa oldarkorraren prezioa.

Izar Gorriak azken hitza esateke zuen, eta Guduricek hartu zuen ardura. Hiruko bi saskiratze eder sartu zituen laurdenaren hasieran eta izua zabaldu zuen Baskoniaren aulkian. Pibotek, gainera, faltak zituzten eta Bjelicak min egin zuen eremuan. Azken laurdena jazarpen proba bat izan zen, baina etxekoak ez ziren sei puntura baino gehiago gerturatu. Baskoniak patxadaz jokatu zuen, erabaki onak hartu etaBeaubois bilatuz. Eskoltak bere partidarik onena jokatu zuen Gasteizera iritsi zenetik, eta Euroligan puntuak sartzeko ahala baduela erakutsi zuen.

Izar Gorriak, aldiz, presaka bukatu zuen partida. Hiruko marrarekin itsutu zen, eta ez zuen asmatu. Jaurtikitako azken bost hirukoak huts egin zituen eta azken sei minutuetan bi puntu baino ez zituen sartu. Horren ondorio, azken minutua uste baino lasaiagoa izan zen Baskoniarentzat.Inor gutxi oroitu zen Andrea Bargnanirekin.

Budingerren argi-ilunak

Chase Budingerrek atzo egin zuen debuta Baskoniarekin eta hamazazpi minutu jokatu zituen. Zazpi puntu sartu zituen, jaurtitako bi hirukoak huts egin arren. Taldeari emateko asko du hegalekoak, defentsarako jarrera ona duelako eta errebotean lan handia egin dezakeelako. Hala ere, Europako saskibaloiko arautegira egokitu beharra daukala ikusi zen. Asko erabili zituen besoak erasoan zein defentsan, eta falta inozoak adierazi zizkioten. Lau baloi ere galdu zituen. Xehetasun asko ditu konpontzeko, baina jokalari argia dai. Egokituko da ziur, hori bai, ahalik eta bizkorren egokitzea komeni da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.