Pastor
DARWIN ETA GU

Ederra da Eva Kaili?

2022ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Ustezko ustela bai, baina ederra da Europako Legebiltzarreko presidenteorde ohia? Zeren arabera? Nork epaitu behar du? Zertarako? Eta, batez ere: zer ardura du horrek?

Qatargate auziak Europako erakundeak astindu ditu. Ustelkeria, eroskeria eta joko zikina agertu dira Bruselan. Ikerketaren inguruko iturriek jakitera eman dutenez, afera hasi baino ez da egin: gero eta inplikatu gehiago ditugu nahastuta. Horien artean daude Eva Kaili eta Francesco Giorgi, haren bikotekidea.

Boulevard prentsako kazetari batek baino gehiagok laudatu dute Eva Kailiren itxura. Jokaerak eztabaida sortu du. Zenbateraino nabarmendu behar da pertsona baten itxura fisikoa? Zertarako, zergatik goraipatu behar da Kailiren aurpegia?

Sueddeutsche Zeitung egunkariak Eva Kailiren edertasuna aipatzearen aldeko eta kontrako iritziak bildu ditu. Zilegi da Eva Kaili andre eder moduan deskribatzea? titulatu du. Tanja Rest Municheko hedabideko erredaktore buruak baiezko erantzuna eman du. Maurizio Di Costanzok, egunkari horren social media manager-ak, aldiz, ez.

Rest andreak esan duenez, hedabideek «deskribaezina» deskribatu dute Kailiren irudiaren bidez, hau da, hitzez azaltzeko ausardia izan ez dutena: Kaili «izugarri ederra» dela. Horretarako politikariaren argazkiak erakutsi dituzte «guztiek ikusi eta guztiek pentsatzen zutena» agertzeko. Haren ezaugarriak: «Ile luze horia, ezpain haragitsuak, urdin dirdiratsua duten katu begiak, masaileko altuak». Resten arabera, ez dago zertaz lotsaturik ederra izateaz. Ederra ez izateaz ere ez. Arazoa da soilik itxurari erreparatzen diogunean.

Haren iritziz, Eva Kaili oso emakume argia da, oso segurua. «Eta oso ustela, akusazioak benetakoak badira». Kazetariak adierazi duenez, kontraesana da politikari baten itxura ederrari buruz mintzatzea tabua izatea, pertsona horiek sare sozialetan irudi erakargarriena erakusten saiatzen diren bitartean. Eskuindarra izan edo ezkertiarra. Emakume zein gizon. Eta bai, bistan dena: akusatua gizon zuri zaharra izan balitz, hedabideek ez zuketen hainbeste argazkirik argitaratuko.

Di Costanzok idatzi duenez, Kailiri eskainitako arretak sexismo zantzuak ditu. Misoginia ukitua ere bai. Haren ustez, gizonezko politikarien ezaugarri bisualak ez dira emakumezkoenak bezain garrantzitsuak. Hortxe dago koska: emakumeen irudi fisikoak sarri askotan garrantzi handiegia du iritzi publikoaren aurrean. Justin Trudeauk «sexy» bihur dezake Kanada, baina haren edertasuna «abantaila gehigarria» baino ez da. Emakumezko politikariek, ostera, beti frogatu behar dute «zerbait egiteko gai» direla, «erakargarriak, lodiegiak, argalegiak edo ezegokiegiak izan arren».

Ñabardurak ñabardura, bi egileak bat datoz, nolabait, puntu batean: emakume bati eskatzen zaion lehen gauza ederra izatea da —eta gero argiegia edo ergelegia ez izatea, esango nuke nik, ez behintzat gizonezko bikotekidea lotsarazteraino—. Kontu bat argi dago: itxurak garrantzia du, batez ere —eta bereziki—, andrazkoen kasuan, baina inor gutxi dago zama horretatik libre. Noiz susmatzen dugu pertsona bat bereizi edo dibortziatu dela? Filosofia presokratikoa ikasten hasten denean? Udan Stratford-upon-Avon-era doanean Shakespeareren lanak zuzenean ikusteko? Ez. Gimnasiora joaten hasten denean gorputz lirainagoa lortzeko asmoz. Duela hamar urteko arropa bota eta janzkera cool, modernoagoa aukeratzen duenean. Erraz pentsatuko dugu pertsona hori merkatuan dagoela. Berriro.

Francesco Giorgi ere merkatuan egon zen Kaili ezagutu zuen arte. Italiarrak nabigatzea maite du. Instagramen argazki bat jarri du, yatean: alkandora txuria, betaurreko beltzak, haizea aurpegian. Gustukoa du abentura. Platonek esanikoa idatzi du sare sozialean: Ci sono tre tipi di uomini: i vivi, i morti e quelli che vanno per mare. Hura hirugarren multzokoa da. Luzaz ibili da itsasoan, bizimodu samurrean. Aparretan. Ekaitza ekarri eta urak harrotu diren arte. Ederra da Francesco Giorgi?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.