Mikel Landak ez dio uko egin Vueltan parte hartzeko itxaropenari

Mikel Sanchez medikuak diseinaturiko programa bati jarraituko dio, ornoa hautsita edukita ere entrenatzeko. Bernalek are zailago du iristea

Mikel Landa pentsakor, podiumean. YOAN VALAT / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Mikel Landak (Movistar) ez dio uko egin Espainiako Vueltan parte hartzeari. Ornoko lesioa eta egutegia aurka dituen arren, murgiarra aukera guztiak baliatzeko prest dago hilaren 25ean irteera marran egoteko. Horretarako, Mikel Sanchez traumatologo ezagunaren eskuetan jarri da, eta hark entrenamendu programa berezia diseinatu dio. Ikusteko dago horrekin aski duen hiru asteko itzuli handi bat prestatzeko.

Espainiako Vuelta hemeretzi egun barru hasiko da, eta, Movistarreko medikuen arabera, Landak bi edo hiru aste behar ditu berriz ere entrenatzen hasteko. Matematikak argi daude: ez dago batere argi ordurako iritsiko den ala ez, eta, iristekotan, oso justu izango da. Baina Landaren buruan, dirudienez, hobe da justu iristea, ez iristea baino.

Murgiarrak herenegun jaso zuen sendagiria Donostia ospitalean, baina enborrerako babes batekin irten zen. Atzo goizean jo zuen Sanchezengana, eta hark argi izpi bat ikusarazi zion. Sanchez ezaguna da bere tratamendu berritzaileengatik, eta sendatze epea laburtzen saiatuko da. Sanchez izan zen, besteak beste, plasma aberastua erabili zuen aurrenetakoa, eta grabitaziorik gabeko makinak ditu bere zentroan. Kirolari askok erabili dituzte zangoetako lesioen ondorioz ez gelditu behar izateko.

Orain, tratamenduaren esku dago Landa, eta minari eusteko ahalmenean, mingarria baita orno bat hautsita ariketa egitea. Vuelta, baina, ez da sasoi bukaerako lehia erakargarri bakarra Landarentzat, ondoren munduko txapelketa baitago, irailaren 23tik aurrera, Austrian. Aurten ibilbidea oso menditsua da, eta oso litekeena da txapelduna igotzaile peto bat izatea. Vueltan parte hartu gabe, baina, zail izango du Javier Minguez Espainiako selekzioko hautatzaileak Landaren alde egitea.

Arabarrak Donostiako Klasikoan hartu zuen min, eta harekin, Egan Bernalek (Sky). Kolonbiarrari aurpegiko ebakuntza egin behar izan zioten herenegun sudurra konpontzeko, eta hiru asteko atsedena agindu diote. Gero, galdutako hortzak ere konpondu beharko dizkiote. Oso zail du aurten berriz ere lehiatzea.

Latourrek ere orno bat

Erorikoan larri min harturikoen zerrenda handitu egin da, atzo jakin baitzen Pierre Latourrek ere (AG2r) orno bat hautsi zuela erorikoan. Tourreko gazte onenaren sariaren irabazlearen lesioa Landarena baino larriagoa da, eta lau eta sei artean beharko baitu sendatzeko. Baliteke sasoi bukaerako probetara iristea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.