Nagiak ateratzeko betarik gabe

Storerrek bigarren garaipena lortu du atseden egunaren osteko etapan. Eiking lider jarri da, ihesaldia baliatuz. Roglicek kolpea eman nahi izan du igoeran, baina erori egin da gero

Nagiak ateratzeko betarik gabe.
enaut agirrebengoa
2021eko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Beti da zaila etapa batean zehatz-mehatz zer gertatuko den jakitea. Eta zer esanik ez, atseden egun baten ondoren jokatzen bada. Ziklistak nagituta egoten dira batzuetan. Beste batzuetan, ordea, ez dute nagiak ateratzeko astirik ere izaten; ikuskizuna emateko gogoz itzultzen dira lehiara. Halaxe gertatu zen atzo, Espainiako Vueltako 10. etapan. Lehenik, ihesaldiak piztu zuen ikusmina. Oso multzo jendetsua osatu zen lasterketa buruan, eta Michael Storer (DSM) izan zen indartsuena, eguneko mendate bakarrean bere legea ezarrita. Etapa bat irabazteko helburuarekin hasi zuen Vuelta, eta bi patrikaratu ditu dagoeneko. Wanty taldeak ere etapen borroka zuen jomugan, baina ez zen inolaz ere espero sailkapen nagusian zeresanik emango zuenik. Bada, lehenik Rein Taaramaerekin lortu zuen lidergoa; eta atzo, Odd Christian Eikingekekin (Wanty) berreskuratu zuen.

Primoz Roglicek (Jumbo) oparitu egin zion elastiko gorria Eikingi. Lider izatearen zama gainetik kendu nahi zuen datozen etapei begira. Hala, hamahiru minututik gorako aldea hartzen utzi zioten ihesaldiari. Hori bai, aurkari nagusiak atzeratzeko asmoa ere bazuen esloveniarrak, behin Almacharreko igoerara helduta. Amaiera gogorra zuen mendate horrek, eta helmugarako 15 kilometrora zegoen gaina. Roglicek erritmo aldaketa bortitza egin zuen, eta ezustean harrapatu faboritoen tropela. Alabaina, erori egin zen jaitsieran, eta, besteak beste, Jack Haigekin (Bahrain), Enric Masekin eta Miguel Angel Lopezekin (Movistar) batera helmugaratu, garailearengandik 11.49ra. Bere txarrean, beste 37 segundo atera zizkion Egan Bernali (Ineos). Bestalde, Mikel Landa (Bahrain) erabat jokoz kanpo gelditu zen, onenekin ia hamar minutu galdu ondotik.

Zalaparta handia izan zen etaparen hastapenean, eta 31 lagunek alde egin zuten tropeletik. Haien artean zeuden Alex Aranburu (Astana), Xabier Mikel Azparren (Euskaltel) eta Jonathan Lastra eta Julen Amezketa (Caja Rural) euskal herritarrak. Aranburu beste hiru txirrindularirekin batera mugitu zen mendatera heldu aurretik, baina ez zen urrutira iritsi. Bai, ordea, Storer; zatirik gogorrenean erasoa jo, eta bakarrik iritsi zen helmugara. Eiking 22 segundo geroago iritsi zen. Lehia handia izan zuen Guillaume Martinekin (Cofidis) lider jartzeko, eta, azkenean, norvegiarra gailendu zen. Martin bigarren jarri zen nagusian, 58 segundora, eta Roglic hirugarren dago orain, 2.17ra. Printzipioz, ez luke arazorik izan beharko nahi duenean lehen postura itzultzeko.

Gaurko etapak ere bukaera bihurria izango du; bigarren mailako Locubin igoko dute 16 kilometroren faltan, eta koska gogor batean egongo da helmuga.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.