Athletic 0-2 Atletico Madril

Aukera bikaina joan zaio

Galdu egin du Athleticek Kopako final-laurdenetan Atleticoren aurka, ia partida erdia jokalari bat gehiagoz aritu arren. Ikusle marka berria ezarri da emakumezkoen partidetan: 48.121

Athleticeko Sierra eta Atletico Madrileko Falcon, lehian. L. JAUREGIALTZO / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2019ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Angela Sosak (46. min.). 0-2: Kacik (95. min.). Epailea. Ainara Acevedo Dudley. Txartel horiak: Athleticeko Damaris eta Garaziri. Txartel gorria: Atletico Madrileko Roblesi (49. min.) Bestelakoak. 48.121 ikusle San Mamesen, inoizko ikusle gehien emakumezkoen partida batean.

Handia izango zela iragartzen zen atzo San Mamesen ikusi behar zena, eta aurreikuspenek ez zuten hutsik egin. Batetik, futbol partida ikusgarria eskaini zuten bi talde onek: Athleticek eta Atletico Madrilek. Bestetik, emakumezkoen kirolari beste bultzada bat eman zitzaion, inoiz baino ikusle gehiago bildu zirelako partida bat ikusten:48.121 lagun batu ziren San Mamesen. Bi osagai horiekin eta Espainiako Kopako final-laurdenak izanda, partida bakarrera gainera, ezin ikuskizun motela izan, eta lapikotik jaki gozoa atera zuten denen artean. Portatu ziren jokalariak, eta portatu ziren zaleak.

Gauza bakarra falta izan zitzaion jakiari denak asetzeko: Athleticek partida irabazi eta txapelketako azken-aurreko koskara jauzi egitea. 0-2 menderatu zuen Atletico Madrilek, etxekoen aldean oso eraginkorra izan zelako. Asmatu egin zuen aurkariaren arean, etxekoek egin ez zutena, eta hor galdu zuen kanporaketa Joseba Agirreren taldeak. Nahiz eta ia bigarren zati osoa jokalari bat gehiagorekin jokatu zuten etxekoek, ez zuten aukera baliatu, eta beste denboraldi batez, Kopa dastatu gabe geratu beharko dute. Txapelketa madarikatua bihurtu zaio Athletici, sekula ez baitu irabazi, ezta talde onena izan zen garaietan ere. Orain zailagoa zaio, aurkari indartsuak daudelako, eta hain zuzen, bi handietako bat jarri zitzaion atzo parean, egungo liderra Ligan. Ondo erakutsi zuen Atleticok nolako jokalari onak dituen, eta zein talde landua den. Lehia hasi eta lehen minutuak igaro ondoren, neurketaren kontrolaren jabe egin zen. Bi gauza egin zituen ondo kanpoko taldeak: baloiaren jabetza, eduki batetik, eta Athletic ito haren zelaian presioari esker, bestetik. Eta baita hirugarren hau ere: goiko eta bigarren baloietan indarge utzi zuen etxeko taldea; ez da erraza hori lortzea, Athletic trebea baita bi jokaldi mota horietan.

Kanpokoen talde izaerari distira Ludmila brasildar aurrelariak eman zion. Jokalari azkarra eta bizia, teknikaz oso ona, buruko minak eragiten hasi zen etxekoan atzeko lerroan. Athleticentzat onena izaten ari zen aurkaria ez zela ari nagusitasuna baliatzen, eta ez zizkion aukera garbi-garbiak sortu. Lehen zati horretako azken ordu-laurdenean aldatu zen lehia, Athletic hasi egin zelako Gallardo atezain onaren inguruetara heltzen. Elkarren segidan heldu ere, 37. minututik 41.erako tarte txikian lau aukera izan zituelako; garbiena Luciak izan zuen, 39.ean, baina ateko zuloan zela eta errazena baloia sarera botatzea zenean, hark baloia jo beharrean, baloiak jo zuen bera, eta gora joan zen.

Sarera bota zuena Angela Sosa izan zen, noiz eta min handia ematen duen unean; lehen zatiko azken jokaldietako batean, luzapenean. Ludmilak hanka egin zuen eskuin hegaletik, eta baloia Sosari heldu zitzaion, buelta-erdia eman, bikain gurutzatu baloia, eta zutoina jo ondoren, sarera joan zen. Kolpea izan zen Athleticentzat, ondoen zegoenean jaso zuelako gola.

Sortu bai, baina sartu ez

Bigarren zatia hasi eta laugarren minutuan gertatu zen partidaren itxura aldatu zuen jokaldia: epaileak txartel gorria atera zion Roblesi, haren taldekide Tunkara izan bazen ere falta egin ziona Lucia atera zihoanean. Kontuak kontu, jokalari bat gutxiagoz geratu zen Atletico Madril. Ez zen ia batere antzeman hurrengo minutuetan, ordea. Izan ere, kanpotarrek nahiko eroso izan zuten kontrolpean neurketa azken zatira arte. Athletic gorago hasi zen estutzen jokalari bat gehiagoz geratu zenean, baina kanpotarrek bi bide zituzten presioa gainditzeko: kalitate teknikoa eta taktikoa baloia jokatuta erabiltzeko, eta Ludmilaren abiadura aurrealdean. Bigarren gola sartzeko aukera bi ere izan zituzten Sosak eta Ludmilak berak 69. minutuan.

Min hartu zuen brasildarrak jokaldi horietako batean, eta handik gutxira aldatu egin zuen entrenatzaileak. Hantxe itzali zen Atleticoren arriskua erasoan, eta orduan piztu Athleticena. Azken hogei minutu onak egin zituen, aukerak sortu ere bai, baina atzo ez zegoen golik sartzerik: Gallardo atezaina bikain aritu izan zelako batzuetan, eta besteetan, etxekoek ez zutelako atera botatzen asmatu. Horretan egin zuen huts, esaterako, Azkonak 88. minutuan. Kanpora gurutzatu zuen baloia oso aukera ona alferrik galduz. Ematen zuenean aurkariaren arean arriskua sortuz bukatuko zuela partida, bigarren kolpea jo zion Atleticok. Kacik sartu zuen 95. minutuan, etxekoen zelaian haren taldeak baloia lapurtu eta gero, Ainhoa ondo gainditu zuenean. Asmatzearen eta ez asmatzearen arteko aldea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.