Alaves 1-1 Atletico Madril

Behin hasita, geldiezin

Alavesek puntu baliotsua lortu du Atletico Madrilen aurka, Lucasen gol bikain bati esker. Pachecok geldiketa erabakigarriak egin ditu bisitariek gola sartu ostean

Lucas Perez, amorru biziz gola ospatzen, atzo, Mendizorrotzan. Gol horrek eman zion berdinketa Alavesi Atletico Madrilen aurka. JON RODRIGUEZ BILBAO / EFE.
enaut agirrebengoa
2019ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Moratak (70. min.). 1-1: Lucas Perezek (82. min.). Epailea. Estrada Fernandez. Txartel horiak: Alaveseko Wakasori, Laguardiari eta Manu Garciari; eta Atletico Madrileko Marcos Llorenteri, Feliperi eta Hermosori. Bestelakoak. 17.235 ikusle Mendizorrotzan.

Bolada kontua da aurrelarien jarduna. Idorteak jota izaten dira batzuetan, eta ukitzen duten oro urre bilakatzen dute beste batzuetan. Horren erakusgarri da Lucas Perez. Denboraldiari gozakaitz ekin zion, baina olatua harrapatu du azken jardunaldietan. Bost gol sartu ditu azken bost jardunaldietan; azkena, atzo, Mendizorrotzan, Atletico Madrilen aurka. Alavesek gehien behar zuenean agertu zen aurrelaria. Azken txanpan zen partida, eta markagailuak 0-1eko emaitza islatzen zuen. Halakoetan, ia ezinezkoa izaten da Diego Simeoneren taldeari hozka egitea, baina galiziarrak letagin zorrotzak ditu. Jaurtiketa itzel batekin gainditu zuen Oblak, eta, hala, merezitako puntua eman zien arabarrei.

Azken neurketako hamaikako bera zelairatu zuen Alavesek. Apustuak bazuen arriskua, Vila-realen aurka astindua jaso baitzuen jokalari berberekin. Alabaina, orduan faltan izandako irmotasuna eta lehiakortasuna berreskuratu zituen atzo. Mendizorrotzako ohiko formula erabili zuen Asier Garitanoren taldeak, borroka eta bizitasuna uztartuta. Atletico ere antzeko planari jarraitu zalea da. Hori horrela, lehen zatian bi ur tanta bezalakoak izan ziren arabarrak eta espainiarrak. Gehiago desegin zuten, egin baino. Pacheco eta Oblak atezainak ikusle hutsak izan ziren.

Zernahi ere, etxekoek sentipen hobeak igorri zituzten. Ondo estutu zituzten kanpokoak, eta neurketa gobernatzeko gai izan ziren hainbat minutuz. Atzean ez zuten inolako larritasunik izan, eta hori bada zerbait aurkariaren maila kontuan hartuz gero. Erasoan, berriz, Lucasen mugikortasuna eta Riojaren abiadura baliatu zituen lerroak gainditu eta aurrera egiteko. Hori bai, argitasuna falta izan zitzaien zelaiaren azken laurdenean. Erdiraketa ugari egin zituzten, baina Hermosoren ahalarekin egin zuten topo gehienetan. Gauzak hala, Wakasoren jaurtiketa desbideratu bat eta Duartek bigarren zutoinean ehizatu ez zuen baloi bat izan ziren Alavesen aukerarik garbienak.

Aurrelarien unea

Bada, neurketaren gidoia goitik behera aldatu zen bigarren zatia hasi orduko. Aurrerapausoa eman zuten bi taldeek, eta elkar joka hasi ziren. Lehen kolpea Joseluk eman zuen, 48. minutuan. Aurrelariak gehiegi gurutzatu zuen burukada bat korner batean. Berandu gabe iritsi zen Atleticoren arrapostua, Herreraren eta, batez ere, Lodiren saiakerekin. Dena alde zuela, hegalekoak kanpora jaurti zuen52. minutuan. Gero, Duarteren jaurtiketa eta Lemarren erdiraketa pozoitua (64. min) iritsi ziren.

Halako kolpe trukaketetan, jo handiena duena gailendu ohi da. Hala, Moratak 0-1ekoa egin zuen 70. minutuan, aulkitik atera eta gutxira. Aurrelariak jokaldi ederra ehundu zuen Koke eta Correarekin batera, eta ez zuen barkatu Pachecoren aurrean. Bai, ordea, minutu bat geroago, Correak bezalaxe, Alaveseko atezainaren geldiketa erabakigarriak tarteko. Une kritiko horren ostean, Arabako taldea bere onera itzuli zen, eta, azkenean, banakoa egin zuen Lucasek (82. min). Nork bestela. Izkin egin zien bi aurkariri, baloia egokitu zuen, eta, bukatzeko, Oblaken ateko armiarma sareak kendu zituen. Artelana izan zen. Eta urrezko puntu baten balioa izan zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.