Arrauna

San Juanen egun biribila

Aurtengo lehen banderak irabazi ditu Bilbon, ETE eta KAE 1 ligetan. Orio B-k bandera, KAE 2 liga eta igoera lortu ditu Colindresen

Aitor Manterola Garate.
2019ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
San Juanek irabazi zituen atzo Bilbon, Ibaizabal ibaian jokatu ziren ETE eta KAE 1 ligetako estropadak. Uda honetako aurrenekoak ditu. Erlojuaren aurka aritu ziren bietan.

Emakumezkoen taldea bazetorren behetik gorantz, eta sekulako jauzia eman du Juan Mari Etxabe laguntzen hasi zitzaionetik Guruzne Azpirozi entrenatzaile lanetan. Atzo jo zuen goia, eta egitasmoaren aro berri honetan inork uste ez zuena lortu du: garaile izatea. Hibaikak egin zuen bigarren, 2,66 segundora, eta Zumaia geratu zen hirugarren, 7,66ra. Bi talde horien artean bazen eta badago beste lehia bat ere, liga zeinek irabaziko ari baitira. Hiru puntu goitik da orain Hibaika, eta gaur etxean izango du aukera lehiaketa irabazteko. Erlojuaren aurka ariko dira, goizeko hamabietan hasita, eta, sarien kasuan, lehen aldiz liga honetan, gizonezkoen KAE 1 ligako Errenteriako estropadan izandako sari berberak edukiko dituzte emakumezkoek.

Gizonezkoen liga horretan, Jose Luis Kortak zuzentzen duen taldeak 7,26 segundo atera zizkion Getariari atzo, eta 9,70 Donostiarra B-ri. Deustu laugarren izan zen, eta Zarautz bosgarren, eta Zumaiak udako emaitza onena lortu zuen, bosgarren eginda. Zarautzek irabazi du liga, eta bera eta Desutu ariko dira Eusko Label ligara igotzeko kanporaketan. Hibaika jaitsi egin da KAE 2 ligara, eta Santoñak —atzo kaleratu egin zuten, estropadako erritmoan ez joateagatik— eta Lapurdik jokatuko dute kanporaketa. Gaur dute lehen jardunaldia, Castro Urdialesen (Espainia), 12:30ean, eta KAE 2 ligako bigarrena eta hirugarrena dituzte kontrario: Castro eta Getxo. Orio B-k irabazi du liga hori, eta mailaz igo da, atzo Colindresen (Espainia) udako zortzigarren bandera irabazita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.