Alavesek lehen garaipena nahi du etxetik at, Valladoliden

Ruben Sobrino, pase bat ematen, Betisen aurka. JAZKI FONTANEDA / FOKU.
enaut agirrebengoa
2018ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Etxean hasia da Alaves puntuak hirunaka batzen, eta, orain, beste horrenbeste egin nahi du Gasteiztik urrun. Arabako taldea konfiantzaz joan zen geldialdira, Mendizorrotzan Espanyoli irabazita, eta, bi asteko atsedenaren ondotik, Valladoliden (Espainia) garaipen baliotsu bat eskuratzen saiatuko da gaur. Iraila ez da edonolako hilabetea izango gasteiztarrentzat, datozen bi asteetan lau lehia jokatuko baitituzte aurkari zuzenen kontra. Espainiako Lehen Mailara igo berriak diren bi talde —Valladolid eta Rayo Vallecano— eta aurreko sasoian igo ziren beste bi —Getafe eta Levante— izango dituzte aurrez aurre. Balio berezia izango dute haien kontra jokoan izango diren puntuek, eta azterketa aldia behar bezala hasten ahaleginduko da gaur Alaves.

Lehen begi kolpean dirudiena baino aurkari gogorragoa da Valladolid. Itolarri ekonomikoak apenas utzi dion udako merkatuan taldea indartzen, baina iragan sasoiko taldearen bizkarrezurrari eutsi, eta ildo onetik hasi du liga. Puntu bana lortu zuen Girona eta Getaferen zelaietan, eta, etxean Bartzelonaren aurka galdu arren (0-1), gorriak eta bi ikusarazi zizkion Ernesto Valverderen taldeari. Egitura sendoa du defentsan, lehen hiru jardunaldietan ondo asko ikusi denez: gol bakarra baino ez diote sartu. Kontrara, oraindik ez da gai izan baloi bakar bat ere sareratzeko, eta alor horretan badu zer hobetua Ronaldo Nazariok erosi berri duen taldeak. Alavesek aurrea hartuz gero, asko izango du irabazia.

Zalantzak aurrealdean

Azken partidan Bastonek ireki zuen markagailua Arabako taldearentzat, baina gaur ezingo du jokatu. Aurrelariak min hartu zuen joan zen asteburuan, Realaren kontra jokaturiko lagunartekoan, eta hainbat aste beharko ditu osatzeko. Hura ordezkatzeko, buruari eragin beharko dio Abelardo Fernandezek. Hor ditu John Guidetti eta Jonathan Calleri aurrelariak. Burgui eta Patrick Twumasi erasoko aurrelariak ere aritu daitezke aurrelari lanetan. Beste aukera zelai erdian hirugarren jokalari bat ipintzea eta Ruben Sobrino bakarrik uztea da. «Lau puntu eduki arren, ez gara nahi bezain sendoak izan. Gehiago dugu hobetzeko defentsan, erasoan baino», adierazi du Abelardok partida bezperan.

VALLADOLID-ALAVES

Valladolid. Masip; Moyano, Calero, Kiko Olivas, Nacho; Alcaraz, Anuar, Keko, Toni; Oscar Plano eta Unal.

Alaves. Pacheco; Martin, Maripan, Laguardia, Duarte; Ibai Gomez, Brasanac, Wakaso, Manu Garcia, Jony; Sobrino eta Calleri.

Epailea. Munuera Montero.

Lekua. Jose Zorrilla (26.512 ikusle).

Ordua. 18:30ean (BeIN La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.