Alaves 0-0 Celta

Ez hotz, eta ez bero

Salbazioa ia lotuta uzteko aukera galdu du Alavesek, etxean Celtarekin berdinduta. Bigarren zatiko jokoak ez dio balio izan

Manu Garcia, etsita, aukera bat huts egin ondoren, atzo, Mendizorrotzan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
enaut agirrebengoa
2019ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Epailea. Del Cerro Grande. Txartel horiak: Alaveseko Ximo Navarrori eta Duarteri; eta Celtako Okayri eta Hugo Mallori. Bestelakoak. 18.882 ikusle Mendizorrotzan.

Alavesek puntu gazi-gozoa batu zuen atzo beharrak jotako Celtaren kontra. Abelardo Fernandezen hitzetan, irabazita «urrats ia erabakigarria» egin zezaketen mailari eusteko; berdindu egin zuten, ordea, eta hala, desiratutakoa baino pauso txikiagoa eman. Behetik gorako lana egin zuten, ohi bezala, baina atzo, ez zien saririk ekarri atsedenaren ostean emaniko estutuak. Eraginkortasuna falta izan zitzaien Celtaren arean izaniko hiruzpalau gol aukeretan. Hartara, Mendizorrotzatik bizirik ateratzen utzi zieten galiziarrei.

Gasteizera krisi larrian iritsi zen Miguel Cardosoren taldea, azken bederatzi partidetatik bakarra irabazita, eta jaitsiera postuetatik puntu bakarrera. Halakoetan, atea hutsean uztea bihurtzen da lehentasun, eta areago Celtaren kasuan, azkeneko bi neurketetan zazpi gol jaso eta gero. Defentsa trinkotzeko asmoz, atzean bosteko lerroa ezarri zuen portugaldarrak, eta ongi atera zitzaion apustua, lehen zatian batik bat. Zuhur jokatu zuten galiziarrek, eta korapilatu egin zuten partida. Konplize izan zuten Alaves, etxeko taldeak ez baitzuen mataza askatzeko imintzio handirik egin. Manu Garciak buruz errematatutako alboko sake luze bat izan zen arabarren gol aukera ia bakarra.

Neurri batean, betiko gidoia ari zen betetzen Abelardoren taldea. Etxean asko landu ohi ditu partidak, eta kolperik indartsuenak bigarren zatietan eman. Atzoko partida ez zen salbuespena izan. Atsedenalditik itzuli orduko, lerroak nabarmen aurreratu zituzten arabarrek, Celta gogorrago estutu eta baloiak gorago berreskuratzeko asmoz. Aukerak berandu gabe iritsi ziren, gehienak Jonyren eskutik: 49. minutuan erdiraketa neurtua egin zion Inuiri, baina japoniarrak kale egin zuen; eta bost minutu geroago Ruben atezaina luzarazi zuen falta jaurtiketa baten bidez.

Alavesek lehia kontrolpean zuela ikusita, Beltran eta Bufal zelairatu zituen Cardosok. Aldaketek on egin zioten Celtari, kontraeraso biziekin arriskua sortzen hasi baitzen, eta ondorioz, ireki egin zen partida. Etxeko taldeak ez zion saiatzeari utzi, eta 70. minutuan aukera paregabea izan zuen markagailuan aurrea hartzeko: Maripanek ateko zuloan errematatu zuen falta batean, baina Rubenekin egin zuen topo. Azkenean, ate aurrean asmatu ez, eta erdizka geratu zen Alaves; ez hotz, eta ez bero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.