Itzel izatea ez da aski

Hizkuntza gutxituetan lan egiten duten irrati komunitarioen topaketa egiten ari dira Donostian. Irlandako, Bretainiako eta Okzitaniako ordezkariak bildu dituzte.

Laurianne Tresserre, Metig Jakez-Vargas, Muiris O Fiannachta, Lou Millour eta Fanny Lartigot, atzo. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Edu Lartzanguren.
Andoain
2017ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Hizkuntza gutxituak eta irratigintza. Horretan egiten dute bat egunotan Donostian topaketa egiten ari diren irratizaleek eta irratigileek. Bakea eta Duintasuna gobernuz kanpoko erakundeak antolatu ditu topaketak, eta, besteak beste, Irlanda, Bretainia eta Okzitaniako ordezkariak elkartu dituzte. «Euskararen esperientziatik, Europako beste hizkuntza minorizatuekin eta, batez ere, irrati komunitarioekin elkarlana sustatzea erabaki genuen, euskara biziberritzeko esperientziak baduelakoan zer irakatsi», esan du Eneko Calle elkarteko kideak. Lehen topaketa da, baina ez da azkena izango, Calle antolatzailearen arabera.

DUBLINGO RAIDIO NA LIFE

Irlandako Errepublikaren hiriburuko ibaiaren izena hartu duen irratia 1993. urtean hasi zen saioak uhineratzen, gaeliko hutsez. Irlandako berezko hizkuntzan lan egiten duen irrati independente bakarra da. «Independente, baina lizentziaduna», azaldu du irratiko zuzendari —eta heavy metal musikari— Muiris O Fiannachtak. Uharte bat dira Irlandaren barruan: badira 25 bat irrati komunitario, baina ingelesez ari dira. Belfasteko Raidio Failte irratia «ahizpa» gisa ikusten dute.

Laguntza publikoak jasotzen ditu Raidio na Lifek: 240.000 euro urtean, zuzendariak esan duenez;bost langile dituzte, eta 100 boluntario baino gehiago saioak egiten. Dirua eta giza baliabide falta dira euren arazo nagusiak, O Fiannachtaren arabera. «Boluntarioekin ezin duzu oso maila altuko irratigintza egin, ez direlako profesionalak, eta asko jota pare bat orduko ikastaroa ematen diezu hasi aurretik». Horrez gain, gaelikodun berri askorekin egiten dute lan, eta horrek batzuetankalitatea mugatzen du; «Irlandako hizkuntzaren egoeraren parte da hori».

Irratiaren indargune nagusietako bat musika da, ordea. «Hizkuntza ez ulertu arren, askok entzuten gaituzte komertzialak ez garenez ez ditugulako betiko hamar pop kantu jarri behar, eta gure aurkezleek askoz musika mota gehiago jartzen dituzte». Horrek, gainera, hizkuntzaren irudia hobetzen du jendearen aurrean, «itzelak garela uste dutelako».

BRETAINIAKO RADIO KERNE

Radio Kerne Bretainiako Pen-ar- Bed (Finistere) eskualdeko hegoaldeko Ploneiz herrian sortu zuten 1998. urtean. «Frantziako irrati publikoetan bretoierari denbora gehiago eskatzea denbora galtzea zela ondorioztatu zuten bretoizaleek eraiki zuten», Lou Millour zuzendariak azaldu duenez. %100 bretoieraz egiten du lan irratiak. Hiru kanal dituzte, zazpi langile, eta 250.000 euro inguruko aurrekontua urtean. «Zaila da bretoieraz irratia egitea, ez delako erraza bretoidunak topatzea edozein gairen inguruan mintzatzeko. Zorionez, soziolinguistika aldatzen ari da». Boluntario gutxi dituzte, «boluntario bretoiak mila gauzatan ari direlako jada». Baina, horrez gain, eta Dublingo Raidio na Lifek bezala, boluntario kopurua mugatu nahi dute, irratia profesionalizatzeko. Beste antz bat irlandarrekin: musika ez komertziala. Mota guztietako saioak dituzte, baita irrati fikzioa ere. Gaurko egitasmo handiena: Naoneden (Nantes) bretoierazko irratia sortzea, «eskaera dagoelako, entzuleak eta baita esatariak ere», esan du Metig Jakez-Vargas esatariak.

OKZITANIAKO FIMOC

Irratia baino gehiago da FIMOC (Eskualde Arteko Okzitanierazko Hedabideen Federazioa). Irratigintza, telebista eta prentsa taldeak batzen ditu, 2008. urtetik: hiru irratik eta La Setmana astekariak bultzatu zuten, eta, gaur, hamar hedabide koordinatzen ditu, zazpi langilerekin, Lauriane Tresserre zuzendariak azaldu duenez. Helburu nagusia: baliabideak eta saioak partekatzeko sare bat eratzea. 2013. urtean, esaterako, goizeko magazin bat sortu zuten bi eskualdetako bi irratirentzat. Okzitanierazko prentsa bulego gisa funtzionatzen dute. Datu baseak eratzen dituzte artikuluak partekatzeko, eta baliabide teknikoak koordinatzen dituzte ekitaldien edo manifestazioen berri eman ahal izateko lurralde zabalean. Okzitaniaren zabaltasun horretan datza sarearen ahulezia, dialekto ugarirekin egin behar dutelako lan. «Zalantzak sortzen dizkigu horrek: batasuna bultzatzen badugu, bakoitzaren nortasuna gordetzen al dugu?». Tresserrek gaineratu duenez, «30 urteko atzerapena dugu Euskal Herriarekin alderatuta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.