David Beriainen 'Clandestino' estreinatuko dute asteartean

Discovery Max LTDko kateak emango du saioa, 22:30ean. 'El ejército perdido de la CIA' izena du hiru dokumentaletatik aurrenekoak

David Beriain kazetariak zuzendutako hiru dokumental emango ditu Discovery Max kateak. DISCOVERY MAX.
urtzi urkizu
2016ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Discovery Max lurreko telebista digitaleko doako kateak Clandestino con David Beriain dokumental saioa estreinatuko du, datorren asteartean, 22:30ean.93 metros eta 7yAccion ekoizpen etxeek katearentzat egindako programa hori David Beriain kazetariak (Artaxoa, Nafarroa, 1977) aurkeztu eta zuzenduko du. Hiru lan izango dira ikusgai, eta hiruretatik lehenengoa Madrilgo zinema areto batzuetan proiektatu dute jada: El ejército perdido de la CIA film dokumentala.

«Bizitzan behin» topatzen den istorio horietako bat dela uste du Beriainek. Kazetariak eta haren lantaldeak Ameriketako Estatu Batuetan hasiko dute bidea, Washingtonen. Arrasto batzuei jarraituz, Asiako hego-ekialdeko oihanetan barneratuko dira gero, hamarkada luzeetan itzalpean egon den istorio bat kontatzeko asmoz.

Vietnamgo gerran du jatorria istorioak. Emozioz kontatu du Beriainek: «Vietnamgo gerran, CIAk pertsona batzuk errekrutatu zituen borroka sekretu bat egiteko, ustez neutrala zen herrialde batean: Laosen». Gerra Hotzean gertatzen ziren gatazken tankerakoa izan zen Laosekoa. CIAk komunismoa geldiarazteko estrategia izan zuen han. «CIAk mendietako herri bateko kideak kontratatu zituen, itzaleko armada gisa, paramilitar gutxi batzuen kontrolpean». Hmong herria zen hura. Beste indar batzuekin batera, CIAren «inoizko operazio klandestinorik handiena» zabaldu zuten Laosen. «Gaur egun,AEBek oraindik ez dute aitortu han parte hartu zutenik. Baina Laos munduko herrialderik bonbardatuena bilakatu zen, biztanleko bonbak aintzat hartuz gero». Beriainek azaldu duenez, bonba gehiago erori ziren Laosen 1960ko hamarkadaren amaieran eta 1970ekoaren hasieran, II. Mundu Gerran Alemanian eta Japonian batera baino. «Hmong herriari agindu zioten Vietnamgo iparreko armadaren pausoak Laoseko lurretan geldiarazteko, pilotu estatubatuarrak erreskatatzeko eta Vietnamgo iparrak Viet Congen frontea hornitzen zuen bidean jazartzeko. Hmong herriak oso ondo bete zuen misio hori». Baina borrokan bizia galdu zuten askok eta askok. 1975. urtean Vietnamgo gerra amaitu zenean, alderdi komunista gobernuan jarri zen Laosen, eta Hmong armada suntsitzeko agindu zuen. «Hmong herriko buru gutxi batzuk AEBetara eraman zituzten, eta gainerakoak han utzi zituzten, abandonatuta». Haietako batzuk ihesaldi «gogorrean» joan ziren, Ameriketara iristeko asmoz. «Badira Laoseko mendietan gelditzen direnak; borrokan jarraitzen dute, eta, nolabait, haientzat oraindik ez da bukatu Vietnamgo gerra». Zutik gelditzen diren borrokalari horien bilaketa kontatzen du Clandestino saioko lehen dokumentalak.

«Istorioa denboraren makinatik edo Apocalypse Now filmeko eszena batetik aterata dagoela dirudi», azaldu du Beriainek. CIAko agente batzuk ere elkarrizketatu ditu kazetariak lanerako. Baita «Vietnamgo azkenak» ere, Laoseko oihanetan. Uzkurtu egiten da Beriain, istorioa zein harrigarria den kontatzeko orduan: «Oso txikia sentitzen zara, istorioa handia delako. Norberaren erdipurdikokeriak istorioa behar duen moduan kontatzea galaraz dezakeela sentitzen duzu».

Errinozero adarren trafikoa

Clandestino saioko bigarren atala hilaren 31n emango dute. Lan horretan, errinozero adarren trafikoa ikertuko du Beriainek gidatutako taldeak. «Ekialdeko medikuntzaren sinesmenen arabera, errinozero adarrek osasun mirariak egiten dituzte, eta merkatu beltzean oso-oso garestiak dira». Gerra bat sortu da errinozeroen adarren atzean, Hegoafrika eta Mozambike artean, eta hori kontatuko du dokumentalak.

Hirugarren lanean, Perura joko dute, huaquero-en berri emateko: hilobien lapurren berri. Perun ondare arkeologiko handia dago deskubritzeko, eta ondare hori lapurtzen ari dira batzuk. Beriainek esan duenez, hilobi trafikoa «basatia» da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.