Desoreka nola orekatu

Euskal espazio komunikatiboaren inguruko jardunaldiak antolatu ditu Ezkerraberri fundazioak, Bilbon. Mahai inguru bat egin dute euskarak arlo horretan dituen erronkei buruz.

Alberto Barandiaran, Beatriz Zabalondo, Jexux Murua, Estitxu Garai, Aritz Agirre, Jon Barriola eta Martxelo Otamendi, atzo, Bilbon, Ezkerraberri fundazioak antolatutako jardunaldian. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2017ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Azken urteetan euskarak hedabideetan emandako jauzi kualitatiboa arlo kuantitatiboan islatzea. Nahi hori behin baino gehiagotan aipatu zuten atzo, Bilboko Bizkaia aretoan egindako Nola sortu espazio komunikatibo komuna Euskal Herrian?jardunaldietan. Ezkerraberri fundazioak antolatuta, euskarak Euskal Herriko komunikabideetan duen presentzia aztertu, eta horren inguruko hausnarketa egin zuten hainbat hedabidetako ordezkarik, eta guztiak ados agertu ziren orekatu egin beharra dagoela euskarak hedabide batzuetan eta besteetan duen presentzia. Mahai inguruan izan ziren Aritz Agirre Euskadi Irratiko albistegietako arduraduna, Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria, Jon Barriola Nafarroako Noticias taldeko presidentea, Jesus Murua Tolosaldeko Ataria-ko kudeatzailea eta Alberto Barandiaran Hekimeneko zuzendariak, eta Estitxu Garai EHUko irakasleak gidatu zuen.

Mahai ingurua hasi aurretik, Beatriz Zabalondo BERRIA Taldeko lehendakariak neuronekin alderatu zituen hedabideek igortzen dituzten mezuak. «Mezu bat ez da ezer bere bakartasunean; konexio horiek hedabideen bitartez egiten dira maiz». Hala, konexio gehiago, eta konexio «trinkoagoa» egitea lortzen saiatu beharra dagoela aldarrikatu zuen. Gainera, hedabideek hizkuntza gutxituei egiten dieten ekarpena azpimarratu zuen, euskararen egoerari erreferentzia eginez. «Hedabideekin ez da soilik hizkuntza ikasten, baita herri baten iruditeria, musika, ikonografia ere...». Horregatik, herri gisa «non kokatu nahi dugun» zehaztea premiazkoa dela nabarmendu zuen.

Alde onei begira, euskaraz sortutako fikzioak «sekulako» arrakasta duela gogoratu zuen, baina ez dagoela nahikoa diru «beharrezko» euskara orduak ekoizteko, «talentua izan arren». Dei argia egin zuen euskal hedabideak indartze aldera apustu politikoak egiteko, baina azpimarratu zuen hezkuntza eta eragileen arloan ere egiteke lan handia dagoela.

Agirre ados dago. Haren ustez ere, eragile izan beharra dago komunikabideetan, euskararen presentzia bultzatzeko, baina eskatu zuen ez ahazteko herritar askoren interesak «bestelakoak» direla. «Nazio eraikuntzan ez daudenak» eta «axolagabekeria politikoan daudenak» aipatu zituen, adibidez. «Guretzako erreferente dena erreferente bilakarazi behar dugu, baina bestelako interesak kontuan hartuta». Hedabideetan agertzen diren eragileentzako proposamen bat bota zuen Euskadi Irratiko albistegietako buruak: «Diskriminazio positiboa» egitea. «Bestela, aipamen gehienak gaztelaniaz egiten dituzte eta tarteak soilik eskaintzeko aukera izaten dugu gero». «Erdaldunen komunitatean» nagusi diren gaiak «gurera» ekartzeko beharra ere azpimarratu zuen.

Informazioa nagusiki gaztelaniaz eta frantsesez jasotzeak kazetarien lanean duen eraginaz mintzatu zen Otamendi: «Askotan itzultzaile lanak egitera behartuta egoten dira kazetariak, eta adi egon behar dute, kasu horietan erreferentzialtasunak bi hizkuntza horietan erabiltzen direnak izaten direlako».

Datuak gaurkotzeko deia

BERRIA egunkariko zuzendariak adierazi zuen euskararen esparru propioa handitu eta beste hedabideenean sartu beharra dagoela. «Euskal hiztunak herritarren %28 izanda, oso zaila da euskal hedabideek gora egitea. Euskaldun kopurua hazi da, baina ez da euskarazko hedabideen kontsumoa handitu». Hala, egunero euskal hedabideak kontsumitzen dituzten euskaldunen egungo kopurua ezagutzeko eskaera egin zuen.

Tentu handiagoz hitz egin zuen Nafarroako Noticias taldeko Jon Barriolak. «Euskara ondare gisa ikusten dugu guk. Gure eginkizuna ez da euskara bultzatzea; babestea da», azaldu zuen. Noticias taldean euskararen presentzia nahikoa urria dela eta, Barriolak arrazoitu zuen enpresa pribatua izanik «errentagarritasuna» lortu behar dutela, baina jakitun dela beti egin daitekeela gehiago: «Nafarroako egoera oso latza izan da euskararen kontra, nahiz eta azkenaldian pixkanaka hobetzen doan, eta guri, euskara defendatze hutsa asko iruditu zaigu».

Tolosaldeko Ataria-ko Murua pozik agertu zen hedabide horrek eskualde horretan duen eraginarekin, eta adierazi du euskarazko hedabide «handietara» jotzeko «bitartekari» direla. Barandiaranek argi azaldu zuen: «Hedabideetan presentziarik gabe, euskarak ez du etorkizunik». Euskal hedabideek ahalegin «ikaragarria» egin dutela adierazi zuen: «Ahalduntze lana».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.