Handiak beren txikitasunean

Euskal Herriko tokiko hamaika hedabide bildu dituzte Gasteizko Oihaneder Euskararen etxean 'Bertatik bertara eta beti eskura' izeneko erakusketan.

Paperezko hedabideen aleez gain, irrati eta webguneen informazioa eskura dago erakusketan. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2015eko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Astero, hilero edo bi hilean behin, milaka euskal herritarrek euren etxeetan jasotzen dute herriko edo eskualdeko euskarazko aldizkaria. Egun, aldizkariok etxeko postontzian ia berez agertzen direla ematen badu ere, boluntario eta langile askoren lan handia dago horien atzean.

Paperezko, uhinetako eta sareko hamaika herri hedabide elkartu dituzte Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean Bertatik bertara eta beti eskura erakusketan. «Bada garaia zenbait herritan hainbat jendek egiten duen lana bistaratzeko», azaldu du Iñaki Lazkano Oihaneder Euskararen Etxeko kideak.

Administrazioa, hezkuntza eta hedabideak hizkuntzaren garapenean funtsezko zutabeak direla uste dute Oihanederreko arduradunek. Bildu dituzten hedabideetako asko 1990eko hamarkadan hasi ziren. «Herri hedabide gehienak euskara taldeek edo lagun taldeek abiatutako proiektuak dira».

Urteak igaro dira, eta aldaketa asko gertatu dira hedabideen munduan. «Internet heldu zenean, lehenago edo beranduago sarera salto egiteko beharra ikusi zuten askok, eta hori ez da batere erraza». Erakusketan ikus daitekeenez, puntu komunak badituzte ere, hedabide bakoitza ezberdina da. Eskualdez eskualde errealitate ezberdinak dituzte, eta bakoitzak helburu ezberdinak ditu. Hala, hedabide horiek modu batean edo bestean garatu dira.

Hamaika adibide

Erakusketan herri hedabideen aniztasuna nabaria da. Goiena komunikazio taldea 2000. urtean sortu zuten. Helburua zen Debagoieneko (Gipuzkoa) herrietako hedabideak indartzea eta garatzea. Kooperatiba elkartea da. Eskualdeko euskara elkarteak, udalak eta Goienako lan bazkideak dira taldeko bazkideak. Egun bost proiektu daramatzate aurrera: Goiena telebista, goiena.eus, paperezko astekaria, Puntua aldizkaria eta Goiena irratia.

Ttipi-ttapa aldizkariko lehen zenbakia 1980an atera zuten. Hamaboskaria da eta Nafarroako ipar-mendebaldean eta Lapurdiko mendebaldean banatzen dute, orotara 44 herritan. CIESen arabera, Ttipi-ttapa Nafarroako mendialdean irakurle gehien dituen idatzizko hedabidea da, baita gaztelaniazko egunkarien aurretik ere. Aldizkariaz gain, erran.eus web orrialdea kudeatzen du Ttipi-ttapa fundazioak.

Aiaraldea komunikazio leihoa Arabako Aiara eskualdean martxan jarri zuten duela bost urte, eta ibilbide emankorra izan dute. Proiektuak hiru hanka ditu. Webguneak 316.990 bisita jaso zituen 2014an. Irrati proiektua 2012an jarri zuten martxan. Paperezko euskarria da berriena, 2013an atera zuten lehen alea. Geroztik, hamabostean behin banatzen dute doan eskualdeko herri guztietan. Hala ere, proiektu guztiak ez dira horren handiak. Badira egunerokotasunari horren lotuta lan egiten ez duten beste proiektu batzuk ere. Atarrabiako (Nafarroa) Bipuntuzero aldizkariaren kasua da hori. Karrikaluze euskara elkarteak argitaratzen du Bipuntuzero 2012. urtetik.

Aurretik, Xuka aldizkaria argitaratzen zuen elkarteak. Baina hausnarketa prozesu bat egin ostean, eredua aldatzea erabaki zuten. Orain, hiru hilean behin argitaratzen dute. Bi helburu nagusi dituzte: askotariko edukiak landu eta herriko euskaldunen parte hartzea bultzatu.

Lan boluntariotik jaiotako proiektua sektore ekonomiko bilakatu da. Hedabide bakoitzak haren eskualdetik ateratzeko zailtasunak zituen. Topaguneak hedabide horiek koordinatzeko edo laguntzeko lehen ahaleginak egin zituen. Emaitza onak ikusita, sektore gisa egituratzeko erabakia hartu zuten hedabideok, eta horrela sortu zen Tokikom.

Erakusketa prestatzeko Oihanederreko kideek Tokikomera jo zuten, hedabideekin harremanetan jartzeko. Herri eta eskualdetako hedabide euskaldunei laguntza eskaintzen dien enpresa kooperatiboa da Tokikom. Hiru ardatz ditu haren lanak: batetik, tokiko komunikabideei espezializatutako dinamika, orientazioa eta zerbitzuak eskaintzen dizkie. Bestetik, erakunde eta enpresa handiei aurre egiteko, batera jotzeko aukera ematen du. Bukatzeko, lantzen diren edukien garapen eta zabalkundea garatzeko tresna da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.