Canneseries jaialdiak herritar guztiei zabaldu die tapiz arrosa

Sail Ofizialean hamar telesail lehiatuko dira. Hilaren 11 bitartean egingo dute jaialdia, sektorean erreferente bilakatzeko xedez

Cesc Gayren Felix telesaila Cannesen lehiatuko da, eta Movistar+ek bihar estreinatuko du. MOVISTAR+.
urtzi urkizu
2018ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Cannesko zinemaldiak maiatzaren 8tik 19ra iraungo du. 71. aldia izango du, eta izarrentzako tapiz gorria zabalduko dute. Okzitaniako kostaldeko hirian telesailen nazioarteko jaialdi bat ere antolatu dute, sektorean munduko erreferente bilakatzeko asmoz, eta tapiz gorriaren ordez arrosa kolorekoa prestatu dute. Atzo egin zuten irekiera ekitaldia, eta ikus-entzunezko sektoreko ehunka zuzendari, ekoizle eta aktore bilduko dira egunotan Cannesen, baina jaialdia herritar guztientzat izatea nahi dute. Sarrerak Interneten edo hirian bertan eros daitezke, zinema aretoetan egingo dituzten proiekziotarako zein hitzaldietarako.

Sail Ofizialean, hamar telesail lehiatuko dira: Aquí en la tierra (Mexiko), Cacciatore (Italia), Felix (Espainia), Miguel (Israel), Killing Eve (AEB), Mother (Hego Korea), Lykkeland (Norvegia), Die Protokollantin (Alemania), Undercover (Belgika), When Heroes Fly (Israel).

Lan horietako batzuek berehalako zabalpena izango dute: Aquí en la tierra Gael Garcia Bernalek sortu eta zuzendu du —beste lau zuzendarirekin batera—, eta Fox kateak emango du; Felix Cesc Gay zinemagile kataluniarrak zuzendu du, eta bihartik aurrera Hego Euskal Herrian ikusi ahalko dute Movistar+ plataformako harpidedunek —rol protagonista Leonardo Sbaraglia aktoreak jokatzen du—; Killing Eve telesailaren aktore protagonista Sandra Oh da (Grey's Anatomy) eta BBC Americak ekoitzi du. Joan den asteburuan BBCk akordio bat itxi zuen HBO Europe-rekin, eta laster plataforma horretan ikusi ahalko da Killing Eve. Lehian izango diren beste ekoizpen batzuek ikusteko, ordea, denbora gehiago itxaron beharko da.

Hilaren 11n banatuko dituzte sariak. Ekitaldi berean, lehiaz kanpo, Safe telesailaren aurreneko atala estreinatuko dute. Harlan Coben idazlearen eleberri batean dago oinarrituta telesail hori, eta Coben bera da epaimahaiko presidentea. Epaimahaiko beste kideak Paula Beer aktorea, Audrey Fouche gidoilari eta zuzendaria, Melisa Sozen aktorea, Cristobal Tapia de Veer musikaria eta Michael Kenneth Williams dira. Azken horrek hitzaldi bat emango du jaialdian.

Lehiaz kanpo estreinatuko dituzte baita ere Versailles-en hirugarren denboraldia (Canal+) etaTJean-Jacques Annaud zinemagileak zuzendutako The Truth About The Harry Quebert Affair. Telesail hori AEBetako Epix eta Frantziako TF1 kateen artean ekoitzi dute. Annaud Cannesen izango da bihar telesaila aurkezteko, eta, horrekin batera, haren filmografiari buruzko tailer bat gidatuko du.

Dominique Moisi politologoak geopolitikaren eragina aztertuko du Game of Thrones, House of Cards eta Homeland telesailetan, gaurko antolatu duten tailerrean.

Michelle Dockeryri saria

Telesail digital laburrek ere izango dute tarterik Cannesko jaialdian. Hamar ekoizpen ariko dira lehian; tartean izango da Edouard Salierrek zuzendutako Cabeza Madre —Kuban girotua—. TVEren Si fueras tú ere lehian ariko da. Ekoizpen horretako aktoreen artean, Nerea Elizalde euskalduna (Bilbo, 1998) dago. Lee Young-sook Hego Koreako aktoreak sortutako Memento Mori ikusgai izango da, baita Quebeceko Marjorie Armstrongek sortutako L'Arène ere. Adi Shankar telesail digitalen saileko epaimahaiko buruak—Castlevania ekoitzi du— esan du berak ez dituela telesailak eta telesail digitalak bereizten.

Jaialdian emango duten sari bat jakinarazi dute jada. Michelle Dockery aktoreari (Barking, Erresuma Batua, 1981) Variety Icon Award for Canneseries saria emango diote. Dockeryk 2005ean egin zuen debuta telebistan, eta nazioartean ezagun egin da Downton Abbey telesailean Lady Mary Crawleyren rola jokatzeagatik.

Egunotan lehiaz kanpo estreinatuko dituzte, halaber, Un village eta Chérif telesailak, besteak beste.

Ikus-entzunezko sektorearen foku nagusiak Cannesen jarraituko du datorren astean, hilaren 9tik 12ra MIPTV azoka egingo baitute. Hainbat euskal ekoizpen etxe joango dira hara. Pausokak, esate baterako, Go!azen telesaila eramango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.