Sareko erraldoien aurrean, gertutasuna eta kalitatea indartu

Hedabide autonomikoek eskaintzen duten zerbitzu publikoaren beharra nabarmendu dute Bilbon eginiko jardunaldietan

Transformazio digitalaren erronkak eta aukerak eztabaidatu zituzten atzoko mahai inguruan. LUSI JAUREGIALTZO / FOKU.
Asier Arrate Iruskieta.
Bilbo
2018ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Komunikabideen transformazio teknologikoaren eztabaidak bide luzea egin du. Teknologia berriak agertu zirenetik urteak pasatu dira, baina, oraindik ere, erantzunak bainoago, galderak dira nagusi. FORTAk eta EITBk antolatutako Transformazio digitala hedabide publiko autonomikoetan jardunaldietan gai horri heldu zioten, atzo, Bilbon, EITBko zuzendari nagusi Maite Iturbe, Galiziako CRTVGko zuzendari Alfonso Sanchez, Kataluniako CCMAko buru Brauli Duarte eta Andaluziako RTVAko zuzendariorde Joaquin Duran mintzatu ziren. Behin betiko formularik aurkitu ez bazuten ere, parte hartu zuten lau hedabideetako zuzendariek argi dute: eredu korporatiboa aldatu behar dute, eta hedabide autonomikoen ezaugarri «erreferentzialak» indartu.

Transformazio teknologikoaren erronkez eta aukerez arituziren ordezkariak Nafarroako Unibertsitateko irakasle Ramon Salaberriarekin. Juan Carlos Etxeberria kazetariak galdetu zien nola ari diren txertatzen aldaketa teknologikoa hedabideetan. Bakoitzak egindako apustu estrategikoa azaldu zuen. Desberdintasunak baziren ere, kasu guztietan zuzendariek azaldu zuten plataformetan barik, edukien sorkuntzan jarri dutela arreta.

Eduki sorkuntza ardatz

Kataluniako hedabide publikoetako jarduneko zuzendari Duartek azaldu zuenez, hedabideen lehentasunak aldatu egin dira. «Euskarri guztietara egokituko diren plataforma anitzeko edukietan hasi gara lanean». Duarteren berbetan, egun, Kataluniako hedabide publikoetan ez dute euskarri bakarrerako edukirik egiten. «Ez bagara errealitate berrietara moldatzen, bazterrean utziko gaituzte».

Andaluziako RTVAko Duranek azaldu zuen beraiek eduki espezializatuen aldeko apustua egin dutela. Zehazki, turismoa, gastronomia, marrazki bizidunak eta flamenkoari buruzko lau kanal tematiko berri sortuz, telebista eta Interneterako. Horrek guztiak arrakasta izateko, ordea, enpresaren egitura barnetik aldatu behar dela azpimarratu zuen. «Canal Surren egitura telebista eta irrati tradizionalerako eraikia dago, Internet agertu zenean, halabeharrez aldatu behar izan genuen egitura». Bidea «luzea eta nekeza» ari dela izaten onartu zuen. Besteak beste, lantaldean ere «erresistentzia» aurkitu dutelako.

Haatik, hedabide autonomikoen erronkarik handiena Amazon edo Facebook bezalako «Interneteko erraldoiak» direla azaldu zuten. Duartek onartu zuen horien aurka egiteko «oso txikiak» direla. Esaterako, asteartean eman zuen Kataluniako TV3k azkenekoz Txapeldunen Ligako partida. «Erraldoien konpetentziaren ondorioz, ekitaldi horien eskubideak garestiegiak bihurtu dira», esan zuen Duartek. Hori dela eta, erreferenteak diren esparruetan lehiatu behar direla uste du Duartek.

Indargune hori, eduki informatiboak direla nabarmendu zuen Iturbek. «Sareko hedabideen algoritmoen erabilera dela eta, informazioaren testuinguru globala galtzen da, informazioa landu eta baieztatzeko behar dira hedabide publikoak».

Alfonso Sanchez Galiziako CRTVGko zuzendariak hizkuntza gutxituen erabilera aipatu zuen hedabide autonomikoek garrantziaren adibide gisa. Ramon Salaberria irakasleak gogoratu zuen zergatik diren ezinbestekoak hedabide autonomikoak: «Publikoaren eginbeharra da beste batzuek lantzen ez dutena lantzea». Salaberriaren aburuz, teknologia berriek «erraztu» egingo dute betebehar hori.

Kazetari lanaren garrantzia

«Erraldoien» aurrean eskaintzen duten sinesgarritasuna, gertutasuna eta kalitatea aipatu zituzten behin baino gehiagotan parte hartzaileek. Horiek lortzeko kazetariek duten rola nabarmendu nahi izan zuten. «Kazetaria izango da ardatza, eta haiek bere lana egiten jarraitzea nahi dugu», adierazi zuen Iturbek.

Bostek azaldu zuten aldaketek jarraituko dutela, baina larritasuna kendu nahi izan zuten. «Zaila izango da, baina hor segituko du», esan zuen Sanchezek. Salaberriak esna zuen hau «etengabeko aldaketa garaia» dela.«Ohitu behar gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.