Bertsolari txapelketako finala, formatu guztietan

BERRIAren webgunean zuzenean ikusi ahalko da finala, baita ETB1en ere. Analisiak, giroko bideoak eta marrazkiak ere izango dira ikusgai

Zortzi bertsolari finalistak BECen, joan den astearteko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
2017ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
14.600 bertsozale baino gehiago bilduko dira bihar Barakaldoko BECen (Bizkaia), Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean. Bertsoak entzuteko eta dastatzeko hamaika modu emango dituzte euskarazko komunikabideek. Irratiz, telebistaz eta Internet bidez jarraitu ahalko da finala. Ertz askotatik helduko diete bertsoei, bertsoaldiei, errimei eta doinuei.

BERRIAk zuzenean emango du finala bere webgunean —ETBren seinaleari esker—, 11:00etan hasita. Gainera, zuzeneko kontakizunean askotariko osagaiak erabiliko dituzte. Txakur Gorria taldekoak marrazkiak egiten ariko dira egun osoan, eta nola marrazten duten ikusteko modua izango da bideo seinale baten bidez. Julen Aperribai bideogintzan ariko da Berria telebistarako, eta, tartean, giroko bideoak egingo ditu. Goizeko saioaren laburpena egiteaz gain, bideo analisi bat egingo dute Miren Garatek, Oihana Elduaienek eta Gorka Azkaratek. Sare sozialetan ere emango dute finalaren berri. Gaueko prentsaurrekoarekin amaituko du BERRIAk finaleko kontakizuna.

Eskaintza berezi ugari

Asteartean hamabi orrialdeko gehigarri bat argitaratuko du BERRIAk, paperean —sarean ere eskura izango da—. Txapelduna eta txapeldunordea elkarrizketatuko dituzte, eta gainerako finalisten hitzak jasoko dituzte. Txapeldunaren bertso guztiak bi orritan argitaratuko dituzte. Gorka Azkaratek analisi bat idatziko du, eta Jon Maiaren iritzi artikulu bat ere irakurri ahalko da. Inkesta bat egingo dute, halaber, finala ikusiko duten jende ezagunarekin. Asteartean bertan, Txakur Gorriak finalean egindako marrazkietako baten posterra argitaratuko dute.

Asteazkenean, Txapelpekoak saioren azken atala izango da ikusgai Berria TBn. Bertan, txapelduna elkarrizketatuko dute. Bestetik, txapelketaren eta finalaren analisi sosegatua egingo dute Gorka Azkaratek, Miren Garatek eta Oihana Elduaienek. Bertsozale Lokartuak taldearen azkeneko esketxa ere ikusi ahalko da.

ETB1ek zuzenean eskainiko du igandean finala. 10:45ean hasiko dira emankizunarekin. Aurkezle lanak Aitzol Barandiaranek egingo ditu, Uxue Alberdi iritzi emaile ariko da, eta Ilaski Serranok giroaren berri emango du. 14:30ean amaituko da goizeko saioa, eta 16:20an itzuliko da ETB1 emankizunarekin. 40 laguneko lantaldea ariko da telebistako zuzeneko emankizunean. Bederatzi kamera erabiliko dituzte —horietatik bat robotizatua da eta bi burubero—. Bestalde, 21:00etan Aulki jokoa berezia emango dute ETB1en —zazpi programetako eduki onenak bilduko dituzte—.

Irratietan ere entzun ahalko da finala. Euskadi Irratiko Amarauna-ko lantalde bat BECen izango da bihar, goiz osoan finalaren berri ematen. Besteak beste, Iñaki Muruaren, Sebastian Lizasoren, Arantxa Urretabizkaiaren eta Pedro Miguel Etxenikeren hitzak jasoko dituzte. 14:00etan, Hitza jolas saioa BECetik aurkeztuko du Xabier Sukiak. 16:00etatik aurrera, zuzenean emango dute finala. Astelehenean HitzaJolas saioaren atal berezi bat izango da entzungai, 21:00etan.

Info7n, Mirari Martiarenak gidatuko du finaleko emankizuna; goizean Agin Labururen laguntza izango du, eta arratsaldean, Erika Lagomarena.

Euskal Irratietan, arratsaldeko saioa emango dute zuzenean. Battitt Crouspeyre, Ainhoa Sarasua eta Jon Irazabal ariko dira iruzkinak egiten. Gaur, berriz, finalisten ibilbidearen errepasoa egingo dute Punttuka irratsaioan, 13:00etan.

Internet bidez ere ikusi eta entzun ahalko da finala: BERRIAren webgunean ez ezik, EITBren eta Hamaika telebistaren webguneetan ere. Bestalde, Bertsoa.eus atarian goizeko bertsoaldi onenak eguerdirako izango dira ikusgai, eta arratsaldekoak, gauerako.

Bertsolari Txapelketa Nagusiko irabazlea hainbat saiotan elkarrizketatuko dute finalaren biharamunean: asteleheneko Aulki jokoa-n (22:30), Edurne Azkarate aurkezleak Sebastian Lizasorekin hitz egingo du, eta txapelduna elkarrizketatuko du. Finalean bizitakoaz eta utzitako biharamunaz galdetuko dio. Euskadi Irratian eta Radio Euskadin astelehen goizean elkarrizketatuko dute txapelduna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.