Amorebietak eta Realak, aurrera; Tudelano eta San Juan, Kopatik at

Amorebietak 0-1 irabazi dio Europari; Realak, 0-4 Pulidori. Tudelanok Bergantiñosen kontra 2-0 galdu du; San Juanek, 1-2 Reyesen aurka

Mikel O. Iribar.
2021eko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Egun bete-betea izan zen atzokoa euskal taldeentzat Espainiakon Kopako lehen kanporaketan. Denetariko emaitzak izan zituzten. Tudelano eta Reala hurrengo kanporaketara sailkatu ziren; Tudelano eta San Juani, ordea, amaitu zaie Kopako ibilaldi laburra.

Tudelanok 2-0 galdu zuen Bergantiñosen aurka, Galizian. San Juanek ere galdu egin zuen San Sebastian de los Reyesen aurka, etxean. Nafarrak atzetik hasi ziren markagailuan, baina 36. minutuan, Buruscok etxekoen aldeko gola sartu eta lehia berdindu zuen. 73. minutuan, ordea, Oier Retegik bere atean sartu zuen. Partida amaitu arte San Juanek bereak eta bi egin zituen gola sartzeko, baina ez zuten atea zulatzea lortu. Gisa horretara esan zioten agur Kopari.

Amorebietak 0-1 irabazi zuen Europa talde mitikoaren zelaian, Bartzelonan. 35. minutuan heldu zen bizkaitarren gola, Iker Amorrorturen eskutik.

Realak ez zuen ezustekorik nahi, eta goitik behera menderatu zuen Panaderia Pulido, Las Palmasen (Espainia). Imanol Alguacilen taldeak bikain ekin zion neurketari; izan ere, 7. minuturako markagailua 0-2koa zen, donostiarren alderako. Portuk sartu zuen lehena, eta Aihen Muñozek bigarrena. Bigarren zatian,

60. minutuan Sorlothek sartu zuen txuri-urdinen hirugarren gola. Djouahrak bigarren taldeko jokalariak egin zuen laugarrena 71. minutuan, Isakek eginiko pasea jaso ondoren.

Sei euskal taldek, gaur

Gainerako sei taldek gaur izango dituzte Kopako lehen kanporaketako partidak: Gernikak eta Eibarrek derbia jokatuko dute, Urbietan; Osasunak San Agustin de Guadalixen zelaian ariko da, Madrilen; Peña Sportek Malaga jasoko du Tafallan (Nafarroa); Real Unionek Cristo Atleticoren aurka neurtuko ditu indarrak, Palentzian (Espainia); eta azkenik, Leioak Elx hartuko du Sarrienan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.