Reala 0-1 Napoli

Beren legea ezarri dute

Realak galdu egin du Europa ligako bigarren jardunaldian, Napoliren aurka. Txuri-urdinak ez dira gaizki aritu, baina italiarrek ofizioa baliatu dute irabazteko

Silva Realekoa eta Politano Napolikoa, atzoko partidako une batean. Italiarren jokalariak egin zuen bere taldearen gola. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
Donostia
2020ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Reala. Remiro; Gorosabel (Barrenetxea, 77. min), Sagnan, Le Normand, Monreal; Gebara, Merino (Zubimendi, 77. min), Silva; Oiartzabal (Guridi, 85. min.), Portu (Bautista, 67. min.), eta Isak (W. Jose, 67. min.).
Napoli. Ospina; Hysaj, Maksimovic, Koulibaly, Mario Rui; Bakayoko, Demme (Fabian, 89. minutuan), Lobotka (Mertens. 60. min); Politano (Di Lorenzo, 60. min), Insigne (Lozano, 20. min.), eta Petagna (Oshimen, 60. min).
Golak. 0-1. Politanok (54. min.), Epailea. Craig Pawson (Ingalaterra).Txartel horiak: Realeko Le Normandi; eta Napoliko Lozanori. Txartel gorriak: Napoliko Oshimeni. Bestelakoak. Ikuslerik ez Anoetan.

Golik gabe ezin da irabazi. Realak hutsean utzi zuen bere zakua, eta Napolik egindako gol bakarra baliatu zuen hiru puntuak eskuratzeko. Italiarrek ofizioa erakutsi zuten, eta estutasun gehiegirik gabe lortu zuten Europa ligako lehen garaipena.Txarrena, Realaren kontura egin zutela.

Lehen minutuetan asko estutu zuen Napolik. Gennaro Gattusok itxuraldatutako hamaikakoa zelairatu zuen, eta ezustean harrapatu zuen Reala. Ofizioa erakusi zuten, eta txuri-urdinek deseroso jokatu zuten hasieran, urduri baleude bezala. Hori probestuz gola egiteko aukera izan zuten bisitariek lehen hamar minutuak bete zirenerako. Lorenzo Insigne izan zen Napoliren erasoko jokoaren ardura izan zuena.

Behin lehen erauntsia igarota, Realak bere lekua egin zuen zelaian, eta baloi jabetza lortzen hasi zen pixkanaka. Ordura artean arrisku gehien sortu zuen Insignek, gainera, min hartu zuen 20. minutuan. Hirving Lozanok ordeztu zuen italiarra.

Insignek zelaia uztea bikaina izan zen Realarentzat. Aurreko urrats bat egin eta zelaian nagusitu ziren Imanol Alguacilenak. Orduan izan zuten lehen zatiko aukera gutxietako bat: Andoni Gorosabelek egindako erdiraketa kanpora bota zuen Mikel Merinok. Ordutik aurrera jokoaren pisua izan zuten etxekoek, nahiz ate aurrean hutsal aritu. Lehen zatian jabetza donostiarrena izan zen; markagailu aurreratzeko aukerarik argienak, italiarrenak.

Bigarren zatiari hobeto ekin zion Realak. Baloiaren jabe egin ziren hasi orduko, eta aterantz jotzen ere saiatu ziren. Cristian Portuk 50. minutuan egindako barneraldi bat izan zen horren adibide. Espainiarraren jaurtiketa ahula arazorik gabe geratu zuen Ospina atezainak.

Reala Napoliren areara sartzeko zirrikitu bila ari zenean, ordea, neurketa itxuraldatuko zuen jokaldia iritsi zen. Italiarrek jokaldia antolatu zuten zelai erditik, eta Politanok area kanpotik jotako ezkerkada sareetara joan zen Modibo Sagnanen gorputzean joeta gero. Partida hankaz gora jarri zitzaion Imanolen taldeari.

Etsitzeko asmorik gabe

Kolpea jaso orduko lehengora itzultzen saiatu zen Reala. Ondo kokatua zegoen zelaian, eta lehengora itzuli nahi zuen berandu baino lehen. Bien bitartean, markagailua areagotu nahian aldaketa hirukoitza egin zuen Gattuso prestatzaileak.

Ixtera egin zuen Napolik, italiar erako jokoa ezarri eta presarik gabe arituz. Halere, Portuk egin zuen modua bisitariak kinka estuan jartzeko. 65.minutuan erremate indartsua egin zuen, baina Ospinak kornerrera bota zuen baloia. Ordura arteko aukerarik argiena izan zen.

Abagune horren ostean Portu bera eta Isak kendu egin zituen Imanolek, Jon Bautista eta Willian Jose sartzeko. Ate aurrean asmatzea behar zuen Realak, baina Napoli ez zegoen oparirik txikiena egiteko ere. Bereak eta bi egin zituzten etxekoei bidea ixteko, eta erasora egin zuten une apurretan modu antolatuan egin zuten.

Haietako batean baloia sareratu zuten 86. minutuan, baina ez zuen baliozko eman epaileak. Azken saialdi batzuk egin zituen Realak, baina ezin neurketa orekatu. Amaieran, bere legea ezarri zuen Napolik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.