Napoli 1-1 Reala

Istant baten garrantzia

Realak aurrera egin du Europa ligan, Napolirekin bana berdinduta. Willian Josek 91. minutuan sartu du txuri-urdinen gola. Rijekak AZ Alkmaarri irabazi dio

Willian Jose, berak sartu berri zuen gola ospatzen, atzo Napolin. REAL SOCIEDAD.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Napoli. Ospina; Di Lorenzo, Maksimovic, Koulibaly, Mario Rui (Ghoulam, 81. min); Fabian, Bakayoko (Demme, 69. min), Lozano (Politano, 70. min); Zielinski (Elmas, 74. min), Insigne, eta Mertens (Petagna, 70. min).
Reala. Remiro, Zaldua (Gorosabel, 46. min.), Zubeldia, Le Normand (Isak, 77. min)., Monreal (Aihen, 77. min); Gebara (Sagnan, 77. min), Merino, Zubimendi; Portu (Barrenetxea, 55. min.), Januzaj eta Willian Jose.
Golak. 1-0. Zielinskik (34. min). 1-1. W. Josek (91. min).Epailea. Orel Grinfeld. Txartel horiak Napoliko Mertensi, Fabiani, eta Realeko Gebarari, Le Normandi eta Zubeldiari. Bestelakoak. Koronabirusaren pandemia tarteko, ikuslerik ez da izan Diego Armando Maradona estadioan.

Arrazoia zuen une batek bizitza aldatu dezakeela esan zuenak. Tira, agian ez da horrenbesteraino izango, baina aldarteari sekulako iraulia eman diezaioke, bederen. Realaren jirakoei galdetu, bestela: etsita zeudenak algara bizian jarri ziren atzo, istant batean. Donostiarrek bana berdindu zuten Napoliren aurkako Europa ligako neurketa, eta gisa horretara lortu zuten final-hamaseirenetarako sailkatzea. Aurrera egiteko modua izan zen euforiari atea zabaldu ziona, ordea: arauzko denbora gaindituta, Willian Josek indarrez egindako jaurtiketa batek eman zion txartela. Oihu kolektibo batean bildu ziren realzaleak. Sufrikario latza bizi ostean, taldeak merezitako saria jaso zuen.

Istant batek izan dezakeen garrantzia agerian geratu zen atzokoan. Multzoko beste neurketa kontuan, hurrengo fasera igarotzeko gol baten beharrean zen Reala, baina halakorik ez zen heldu 91. minutura arte. Azken unean egin zuen, eta momentu berean bigarrena egin zuen Rijekak AZ Alkmaarren aurkako neurketan. Jada haren beharrik ez bazuen ere, sari bikoitza izan zen; gelditzen ziren hondarreko minutuak kontuan, egina zegoen urratsa, ez baitzegoen gehiagorako denborarik.

Egiari zor, partida ona jokatu zuten txuri-urdinek. Ausart zelairatu ziren zelaira, nagusi izan ziren zelaian. Azken asteetakoaren traza hartu zuen neurketak gero; nagusitasuna izan bai,baina ezin indar hori markagailuan islatu. Imanol Alguacil prestatzaileak berak aitortu zuen neurketaren amaieran: «Irabazi egin nahi genuen, baina ez da posible izan. Horixe da pena bakarra».

Helburu horrekin zelairatu zen taldea. Lehen minutuan Adnan Januzajek izandako aukera etaMikel Merinok hirugarrenean izandakoa dira horren adibide, baina kale. Are huts handiagoa egin zuen gutxira Cristian Portuk; Willian Josek pase bikaina eman zion, eta aurrelari espainiarrak huts egin zuen atearen aurrean.

Realak idatzi zuen neurketaren gidoia, baina erasoko zehaztasun faltak arnasa hartzeko modua eman zion Napoliri. Hala, unean-unean erosoago sentitu zen etxeko taldea, eta neurria hartu zioten neurketari.

Tartean behin Alex Remiroren atera gerturatu eta dardara sortu zuten Imanolen taldearengan. Multzoko beste neurketan ere hutsean zen markagailua, eta gol batek erabat itxuraldatu zezakeen gipuzkoarren etorkizuna.

34. minutuan heldu zen kolpea; korner baten alderatzea Zielinskiri heldu zitzaion, eta poloniarrak jaurtiketa ona egin zuen area ertzetik. Baloiak zuzen egin zuen Remiroren atera, eta atezain nafarrak ezin izan zuen hura geratzeko deus egin. Txapelketa kontinentalean bizirik irauteko, erasora egin beharrean zen Reala.

Gola jaso eta hurrengo minutuetan berrantolatu nahian aritu ziren Imanolenak. Ezustean harrapatu zituen italiarren golak, eta denborak ez zuen etenik.

Gutxika-gutxika lortu zuten beren lekua berriz hartzea. Atsedenaldira atzetik iritsi arren, suspertuta itzuli ziren. Behar hori zuten bisitariek; nahitaez aurrera egin beharra. Zer esanik ezmultzoko beste partidan gertatzen ari zena jakinda. Rijekak abantaila hartu arren, segituan orekatu zituen indarrak AZ Alkmaarrek. Gol bat lortu ezean, kalean zer Reala.

Hala, presarik gabe baina etengabeko ekinean jardun ziren txuri-urdinak. Imanolek ohi baino lehenago egin zituen aldaketak, baina ezin Napoliren horma eraitsi. Mugimendu denak multzoan egin zituzten Gennaro Gattusoren jokalariek; italiarraren erara, ofizioa erakutsi zuten markagailuko aldeari eusteko.

Realak jokoa zelaian zabaltzera egin zuen orduan; jabetza hori hegaletara barreiatzeak aurkariaren defentsan zirrikituak zabaltzeko nidea eman zion, eta azken hasperenean heldu zen sari handia: Willian Josek area barruan baloia astindu, eta festa lehertu zen bisitarien artean. Diego Armando Maradonaren izendapena hartu berri duen estadioan, korrontearen kontra aurrera egitea lortu zuten. Neurketaren amaieran ezin gusturago mintzatu zen Imanol: «Harro nago. Meritua jokalariena eta teknikari multzoarena da. Horrelako taldearekin lor daitezke halako emaitzak». Saiatzearen ordaina izan zen: arnasaldi batek itxuraldatu dezake etorkizuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.