1991

Paperezko fedea

2014ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Urrezko leihoa Richard Nixonek itxi zuen, 1971ko abuztuaren 15ean. Harrigarria iruditu arren, ordura arte posible zen, salbuespen eta mugekin, dolarren truke urre kopuru bat eskuratzea. Ordutik aurrera, dirua sostengatzen duen gakoa konfiantza da: billetea jaulki duen erakundean dagoen fedea. Fede hori urratu zitzaien SESBeko biztanleei, 1991. urteko urtarrilaren 23an. Ustekabeko mugimendu batean, Mikhail Gorbatxoven gobernuak baliorik gabe utzi zituen 50 eta 100 errubloko billete guztiak. Soilik hiru egun zituzten herritarrek trukatzeko, eta truke mugatua zen. Ia egun batetik bestera, billeteak paper huts bihurtu ziren. Valentin Pavlov Finantza ministroak argudiatu zuen, justifikazio gisa, Mendebaldeko bankuek billete horiekin gainezkatu nahi zutela sistema herrialdea hondoratzeko. 14.000 milioi errublo atera ziren zirkulaziotik. Gaur egun, euroguneko biztanleak ia bilioi bat euro mugitzen ari dira eskutik eskura billeteetan. Ez da asko. Izan ere, kalkulatzen da dagoen diru guztiaren hamarren bat inguru baino ez dela. Benetako dirua ez dago billeteetan; benetako dirua ordenagailuen pantailetan agertzen diren apunteetan baino ez da existitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.