Baionako bestak

Alternatiba, zero metrora ezker

Baionako besta alternatiboen mapa bat garatu dute proiektuaren bederatzi elkarte parte hartzaileek, elkarlanean. Denek batera, besta herrikoi, euskaldun eta feministak aldarrikatu dituzte bestetan

Txalaparta ostatua, Les Bascos LGTB elkarteak kudeaturik, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU.
Leire Casamajou Elkegarai.
Baiona
2023ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Asteburua bukatu gabe, bestazale andana bildu zen atzo Lapurdiko hiriburuan. Baina denek ez zutenegun bera iragan. Izan ere, badira, alde batetik, Baionako besta ofizialak, eta, bestetik, badira Baionako besta alternatiboak. Gune alternatiboak beti izan dira Baionan; bakoitza bere lekutik, ordea. Aurtengoa berezia da elkarte horientzat: Baionako besta alternatiboen mapa baten bitartez, «besta herrikoi, euskaldun eta feministak» aldarrikatu dituzte, asteazkenaz geroztik. Hain justu, gaur amaituko dira bestak.

Mapa alternatiboa Baionako bederatzi elkarte eta kolektibok osatzen dute: Biltxokok, Epaiskak, Züzülük, Patxokik, Txosnaguneak, Patxondok, Mouss'Roll kolektiboak, Txalapartak eta Laborarien xokoak. Irudi sinpleaz harago, mapa interaktibo bat ere egin dute eragileek. Erraterako, webgune bat sortu dute, elkarte parte hartzaile bakoitzari buruzko informazioa ukaiteko: www.gune-alternatiboak.eus.

Besta alternatiboen mapa aurtengo tresna da, eta arazo bati erantzun nahi dio. Zizpa gaztetxeak uztailaren 17an zabaldu zuen prentsa agirian halaxe azaltzen dute: «Orokorrean, bestak geroz eta masifikatu eta bortitzagoak dira, logika kontsumistara lerratuak, beren nortasun herrikoi eta kulturala ahantzirik». Egoera hala, «Baionako besta ereduak sortu ezinegonetik alternatiben eraikuntzara pauso bat gehiago» emateko nahia piztu zaie. Gerora begira, mapa hori osatuz eta zabalduz joanen dela aurreikusi dute; sinesten dute «ondoko urteetan eragile berriak sortuko direla besta eredu alternatiboen ildotik».

Izan ere, azaldu dute «herritarrek herritarrentzat proposatu bestak» antolatu nahi dituztela, «eredu parte hartzailea eta ez soilik kontsumista sustatuz, [...] prezio eskuragarriak eskainiz». Euskarari dagokionez, sinpleki baina argiki azaldu dute: «Euskara gure hizkuntza da, eta euskaraz bizi nahi dugu, bestetan ere bai!». Bestetako bost egunetan, gaurkoa arte, euskal musika eskaintza zabala programatu zuten bederatzi elkarte eta kolektiboek. Azkenik, «bortizkeria eta eraso mota guziak gaitzetsi» nahi dituztela azpimarratu dute, «bestarako gune askeak» bermaturik.

Patxa plazako txosnagunean, Eneka Barnetxe Borda Baionako gazte asanbladako kidea txandetan lanean ari da asteburu hasieratik geroz. Azaldu du: «Berezbadira urte batzuk Baionako besta alternatiboak antolatzen ditugula, Baionako Zizpa gaztetxearekin. Gero, gaztetxeko batzuk beste elkarteetan ere ari dira, eta uste dut horrela egin dela harremana, beste elkarte horiek sartu daitezen gurekin eremu alternatibo horretan». Zehaztu duenez, Baionako gazte asanbladakoek bultzatu zuten dinamika saretze horren hasieran. Hain zuzen ere, elkarte alternatibo parte hartzaileen saretzea eraman du maparen dinamikak.

Ostatuz ostatu

Txosnagunetik bi metrora, Patxondoa eta Patxokia: Baiona Ttipiko bi ostatu militante enblematiko. «Besta bai, borroka ere bai» Patxa mugimenduak zabaldu zuen 80ko hamarkadan. Gaur egun, ostatuek diraute, eta jende berriak plantatzen dira bertan laguntzaile.

Txosnagunetik eta Patxokitik bi karrika urrunago, Maryse Urruti Baionako Epaiska ostatu gibelean zerbitzari lanetan ari da. Gainera, Epaiskaren kide da urte osoan ere. Dinamika begi onez ikusten duela azaldu du: «Azkenean, gu ibiltzen gara betiko lekuetan, Baiona handira ez gara usu joaten besta egitera urte osoan. Beraz, mapa hau bikaina da, zeren eta ikusten duzu badela dinamika, eta bisualki baieztatzen ahal duzu hori». Gehitu du: «Gure helburua da besta militanteak egitea, gure jendearentzat. Hemen leku aski babestu batean gara».

Baiona Ttipiko zentrotik pixka bat urrunago, Txalaparta ostatua: Les Bascos LGTB elkartearena. Urte osoan bertan dihardute, diskriminazio homofobo eta sexisten aurka borrokan. Mika Clapisson elkarteko lehendakaria da. Azaldu duenez, elkarteak osoki bat egiten du besta alternatiboen dinamikarekin. «Safe tokia garatu dugu, beste Baionako 55 peñarekin batera. Horrek erran nahi du gune seguruak direla bestan eraso egiten dieten emazteentzat, adibidez».

Baiona handiko bidea, zubia pasatu aitzin, Züzülü ostatua agertzen da jendetzaren artetik. Han, zapi gorririk ez dute zerbitzariek, urdina baizik; duela aspaldi hala zen gisara Baionako bestetan. Nicolas Armendaritz Züzülüko jabeak bilan positiboa egiten du bestez: «Akituak, prefosta, baina, bestela, izugarri ontsa iragaten da. Hemen besta amiñi bat alternatiboki egiten dugu, kontzertuekin, eta izugarri goxo da, zeren eta guk taldeak aski goiz egiten ditugu, arratsaldeko zazpietan. Eta giroa izugarri ona, izugarri euskalduna».

Laborarien Xokoak ere besta alternatiboen dinamikan parte hartzen du. Bestetako egun bakoitzean, tokiko mozkinekin pentsatutako menua ematen die bestazaleei. Bertan ere, elkarlana nagusi. Izan ere, asteazkenean Zuberoaren aldia zen, ostegunean Oztibarre-Iholdirena, ostiralean Garazi-Baigorrirena, eta, atzo, Lapurdirena. Egun, bestei bukaera emateko, amikuztarrak ari dira lanean.

Baiona Ttipitik pixka bat urrundurik, eta merkatu estalira doan zubietako bat iraganik, Baiona handira iristen da. Hiriaren karrikarik ttipienetako batean, Luna Negra antzerkiaren ondoan, Biltxokok du animazioa kudeatzen. Peio Menta bertako kidea da, beste 60 emazte eta 59 gizonekin batera; denentzako bestak aldarrikatu ditu: «Bada jende bat adin batekoa, badakite badutela hemen gune aski lasaia. Bankuak instalatzen ditugu ere bai jartzeko, mahaiak. Eta egunean zehar populazioa aldatzen da, giroa ere bai, musika ere bai».

Bestak bukatzear dira

Igandea iritsi da, Baionako bestetaraino ere. Itxura ematen du, egun batetik bestera, hiriak ez duela janzkera aldatzen: goiz-goizetik eguna ondoko egunean berriz agertu arte, karrikak zuriak eta gorriak dira. Hala iraunen du gaur gauera arte, eta, pixkanaka, Baionak bestak agurtuko ditu datorren urtera arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.