Panathinaikos 100-68 Kirolbet Baskonia

Mamu zaharrak bueltan

Panathinaikosek astindua eman dio Baskoniari, eta gasteiztarren bolada ona eten du. Arabarrek oso neurketa txarra jokatu dute

Wesley Johnson, saskiratu nahian, Tornike Xengelia aurrean duela, atzo, Atenasen. GEORGIA PANAGOPULU / EFE.
Julen Etxeberria.
2019ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Panathinaikos. Fredette (21), Calathes (12), Thomas (15), Papapetru (11), Papagiannis (6)—hasierako bostekoa—; Rice (12), Pappas (2), Vugiukas (2), Johnson (9), Wiley (2) , Mitoglu (3) eta Bentil (5).

Kirolbet Baskonia. Henry (4), Janning (8), Shields (8), Xengelia (11), Fall (12) —hasierako bostekoa—; Vildoza, Diop, Stauskas (12), Polonara (4) eta Eric (9).

Markagailua. 20-17, 46-36 (atsedenaldian);72-51 eta 100-68.

Epaileak. Lottermoser, Latisevs eta Vilius. Ez zuten inor kanporatu.

Bestelakoak. 11.945 ikusle Atenasko OAKA pabiloian.

Atenasen eten da Kirolbet Baskoniaren bolada ona, eta modu mingarrian, Panathinaikosek astindua eman baitzion atzo OAKA pabiloian, Euroligako 11. jardunaldian: 100-68. Beraz, berriro okertu zaio irabazitako eta galdutako neurketen balantzea: gehiago galdu ditu irabazi baino, sei eta bost, hain zuzen ere. Horren ondorioz, lehen zortzi sailkatuen artean sartu ezinik ibiliko da oraindik.

Emaitzen bolada ez ezik, CSKA Mosku, Zenit San Petersburgo eta Valentziaren aurkako partidan erakutsitako hobekuntza ere eten zen atzo Atenasen. Are gehiago, nabarmen egin zuen behera Gasteizko taldearen jardunak, eta aspaldi argi geratu zenez, bete-betean aritu ezean, edozeinek irabaz diezaioke, zer esanik ez Euroligan. Erdipurdi arituta, zer eginik ez du. Maccabik erakutsi zion hori duela bi aste, Gasteizen 30 puntuz nagusituta, eta Panathinaikosek atzo, bi puntu gehiagoz irabazita.

Velimir Perasovicek bezperan ohartarazi zuen lehiakor izateko, defentsan ondo aritu beharko zutela. Bada, defentsan oso lan eskasa egin zuten gasteiztarrek, eta horrek ezinezko egin zuen lehiakor izatea. Defentsan gaizki, eta erasoan beste horrenbeste, makina bat huts eginda. Eta Panathinaikosek ondo aprobetxatu zuen, nagusitasunez irabazteko.

Calathes eta Fredette, bikain

Perasovicek funtsezkotzat jo zuen Nick Calathes geratzea, eta hori ere ez zuen lortu Baskoniak. Calathesek norgehiagoka bikaina jokatu zuen: hamabi puntu sartu zituen, bederatzi asistentzia eman eta sei errebote jaso. Bikain aritu zen ere Jimmer Fredette, 21 puntu lortuta. Baskonian, inor ez zen nabarmendu. Denak aritu ziren eskas.

Horren ondorioz, azken laurdenera iritsi aurretik Panathinaikosek jada bideratua zuen garaipena, 21 punturen aldea baitzuen: 72-51. Partidaren nondik norakoak horretara eraman zuen markagailua. Izan ere, lehen bost minutuetan izan ezik, etxekoak beti joan ziren aurretik. Baskoniak nola edo hala eutsi zion, baina minutuek aurrera egin ahala, gero eta zailagoa egin zitzaion Panathinaikosek ihes ez egitea: aurreneko laurdenean, hiru puntu zen atzetik (20-17), baina bigarrenean jada 11 punturena zen zuloa: 39-28. Azkenerako, Panathinaikosek astindua eman zion, eta azken asteko susperraldia kolpe batez eten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.