Frantziako Tourra

Ihesaldiak eman dio zirrara

Lutsenkok irabazi du Tourreko seigarren etapa, eguneko ihesaldian sartu eta Lusetten gora erritmoa bizituta. Hautagaiek ez dute zirkinik ere egin, eta Yatesek arazorik gabe eutsi dio lidergoari

Ihesaldiak eman dio zirrara.
enaut agirrebengoa
2020ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Ehiztari petoa da Alexey Lutsenko (Astana). Edozein tokitan ondo moldatzen diren horietakoa. Ezaugarri aproposak ditu etapen peskizan aritzeko, baina baita liderrei sostengua emateko ere. Hain justu, zeregin horrekin joan da aurtengo Tourrera. Atzo, ordea, nahieran aritzeko aukera izan zuen, eta ez zuen alferrik galdu: seigarren etapa irabazi zuen, Jesus Herradaren (Cofidis) eta Greg Van Avermaeten (CCC) aurretik.

Ihesaldiak eman zion zirrara kazakhstandarrari; eta baita etapari ere. Mont Aigoualen zegoen helmuga (8,3 kilometro eta %4ko pendiza), eta hori baino apur bat lehenago, Lusette gogorra (11,7 kilometro eta %7,3) zuten igo beharra. Itxura ona zeukan amaierak, baina ibilbideak urrutiko intxaurrak bezalakoak izaten dira maiz, eta paper erre bihurtzen dira taldeen gehiegizko kontrolaren eta ziklisten jarrera otzanaren ondorioz. Halaxe gertatu zen atzo: ia 30 ziklista helmugaratu ziren batera onenen multzoan. Eraso bat bera ere ez zen izan faboritoen artean. Hori horrela, maillot horiari aise eutsi zion Adam Yatesek (Mitchelton).

Herenegungo etapak greba itxura izan zuen, ez baitzen ihesaldirik osatu. Atzo, ordea, maila handiko zortzikotea izan zen lasterketa buruan. Lutsenkorekin batera, Nicolas Rochek (Sunweb), Neilson Powlessek (Education First), Remi Cavagnak (Deceuninck), Edvald Boasson Hagenek (NTT), Greg Van Avermaetek (CCC), Daniel Ossek (Bora) eta Jesus Herradak (Cofidis) egin zuten ihes. Etapako lehen 140 kilometroek ez zuten inolako zailtasunik, eta tarte hori tropeletik ahalik eta gehiena aldentzeko baliatu zuten. Sei minutu eta erdiko aldea izan zuten gehien jota, eta Mitchelton lanean jarri zen arren, ondo eutsi zioten errentari.

Gauzak aldatzen hasi ziren azken 50 kilometroetan sartu orduko. Jumbo Vismak estutu egin zuen Costen, eguneko lehen mendatean (2,1 kilometro eta %7,3), eta Ineosek lekukoa hartu zion Mourezesen (6,1 kilometro eta %4,8). Hala, tropela 2.40ra hurbildu zitzaion ihesaldiari. Momentu horretan, garaipena atzean zegoela zirudien, Lusetteko aldapa pikoetan gauzak oso serio jartzea espero baitzen —%13 eta 14ko tarteak zeuden—.

Herradaren ahalegin antzua

Alabaina, ez zen hala izan, ezta hurrik eman ere. Ineosek jarraitu zuen tropela gidatzen, baina oso erritmo mantsoan; akaso, Egan Bernalen ezina bistara ez zedin. Une aproposa izan zitekeen kolonbiarrari eraso egiteko, baina oilarrek beste baterako utzi zuten zalaparta. UAEk Fabio Aru bidali zuen aurrera, gerora Tadej Pogacarrek egin zezakeen balizko mugimendua indartzeko; baina ez zen halakorik izan, eta multzoak igoera amaitu aurretik irentsi zuen italiarra. Jumbo Visma, berriz, itzalpean gelditu zen, azken egunetan nagusi agertu ondoren. Menturaz, damutu egin daiteke hirugarren astean, Bernalek hobera egin, eta Roglicek, ohi duen bezala, behera egiten badu.

Hori horrela, arnasa hartu zuten iheslariek, eta etapa irabazteko eraso egiten hasi ziren. Powlessek bi ahalegin egin zituen, baina indarrez hustu egin zen azkenean, eta ezin izan zion jarraitu Lutsenkok egindako erritmo aldaketari. Herrada harengana hurbiltzen saiatu zen, ekinaren ekinez, baina ezinezko gertatu zitzaion. Espainiarrak 30 segundo zituen galduta Lusette gainean, eta ia minutu batera iritsi zen helmugara. Geroago iritsi ziren Van Avermaet eta Powless, bi minututik gorako atzerapenarekin.

Mont Aigoualen, Mitchelton jarri zen tropelaren buruan, Mikel Nieveren lanari esker. Ordurako, garbi zegoen faboritoak ez zirela mugituko, azken metroetako saiakerez harago. Pogacarrek matxura izan zuen, baina erritmoa hain zen apala, ezen azkar batean egin baitzuen bat tropelarekin. Esprintean, bizi abiatu zen Julian Alaphilippe (Deceuninck), eta segundo bat urratu zuen. Papur bat besterik ez, onenen artean espero ziren errenten aldean.

Atzo ez zuten nekaturik hartu hautagaiek, eta gaur are lasaiago izango dira, 168 kilometroko etapa laua jokatuko baita Millau eta Lavaur artean. Gorabeherak hasieran ditu, eta laua du azken zatia. Ezusterik ezean, beraz,esprintean erabakiko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.